GAUR8 - mila leiho zabalik

Prosodia


Atxaga jendaurreko hizlariaren miresle erabatekoa izan naiz eta naiz. Bere hizketa molde joria eta gozoa, esaldiak kateatzeko duen erraztasuna eta bereziki bere entonazioa eta ahotsaren donairea liluragarriak iruditu izan zaizkit. Agirre Asteasukoaren “Eracusaldiac” txiki uzten zituela pentsatzen nuen duela urte batzuk, Eleuterio Tapia trikitilariaren biografia labur bat prestatzen ari ginela, haren anaia Luisi (Joseba Tapiaren aita) elkarrizketa egitera joan nintzaion arte. Hizketan hasi orduko esan nion Atxagak bezalaxe, igual-igual, hitz egiten zuela eta erantzun zidan alderantziz zela, Atxagak hitz egiten zuela Asteasuko adinekoek bezala.

Jendaurrean dugun hitz egiteko modua misterioa da. Esan daiteke lekuek hitz egiten dutela gure ahotik. Azpeitian, esaterako, Mikel Aranburu Realeko jokalari ohiak kale-kaleko hizkera du, Mikel Labakak, Loiola aldekoa, eta Imanol Lazkanok, Landetakoa. Zarautzen Urtetakoek edo herri-herrikoek desberdin hitz egiten dute.

Neuk lehenbiziko aldiz irratiz neure ahots grabatua entzun nuenean dezepzioa izan nuen, ez neure hitz egiteko modu traketsagatik, horren berri banuen lehenagotik ere, azkena esan beharrekoa aurrena esaten baitut eta erdian esan beharrekoen haria galtzen baitut sarritan, baizik eta neure prosodia neutroegia, apalegia, entonazio gutxikoa iruditzen zitzaidalako, ohartu nintzen arte erabiltzen nuen eredua gurasoena zela, Aizarnakoa. Duela egun batzuk Lasaotik Errezil aldera (zorioneko parke eolikoaren kokapen balizkora) igotzeko asmoz abiatu nintzen eta bidean baserritar batekin topo egin nuela, «honek nik bezalaxe hitz egiten dik», esan nuen nire burarekiko eta elkarrizketa luzatzen saiatu nintzen harrigarria egiten zitzaidalako.

Prosodia ahozkoaren musika dela esan daiteke eta badaude ahoa zabaltzen duten bakoitzean sinfonia txiki bat interpretatzeko gai direnak, baina baserritik kalera, belaunaldi batetik bestera ondare hori galtzen ari da. Belaunaldi bat edo bi, eta ahozko euskara atonala, monokordea, kloroduna izango da. Espero dezagun belaunaldi bat barru Iruñea edo Barakaldoko auzoetan edo Astrabuduan gazteen tribu urbanoak euskaraz hitz egiten hasiko direla eta sortuko direla prosodia berriak. •