2022 AZA. 05 Atristain, Otegi, Jauregi… eta alboko gatibu batzuk Ramon Sola Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren aferaren harira, Estatu espainolak berezkoa duen justiziaren politizazioari erreparatu omen dio orain Europar Batasunak. Ondo dago. Baina aipamen bat faltan botatzen da: aje horrek Euskal Herrian eragiten duela gehienbat, hemen sortzen dituela biktimak. Hamarkada honetan talka armatuaren ondorio ugari leundu diren arren –harreman politikoetan, biktimen bizipenetan, elkarbizitzan...–, jo eta fuego segitzen dute espainiar fiskalek eta epaileek, beren armategia indargabetzeko asmorik gabe. Hiru adibide baino ez. Gaurkotasun eta oihartzun handien duenarekin hasita, euskal presoei onartutako hirugarren graduaren aurkako lubakia eraiki dute Auzitegi Nazionalean eta hortik tiroka ari dira. Lerro hauek idazteko orduan, Mikel San Argimiro eta Aitor Esnaola espetxera bueltan bidali dituzte, bertako arduradunen irizpideak zakarrontzira botaz. Beraiekin egunerokoan diren Martutene, Basauri eta Zaballako pedagogo, psikologo, orientatzaile, zuzendari eta abarrek baino gehiago dakite preso horiei buruz Madril aldeko bulegoetan, jakina. Hirugarren gradua emateko eskumena duten Lakuako arduradunak baino jakintsuagoak dira, noski. Arrazoirik gabe baina krudelkeria osoz agindutako atzerapauso horietan Giza Eskubideen Europako Auzitegia bera gatibu hartu du Auzitegi Nazionalak. Xabier Atristain bidegabeki zigortu zutela onartu zuen Estrasburgok, baina erantzun gisa epaia berretsi eta kartzelaldia luzatu dio Espainiak. Eragindako kalteagatik 12.000 euro ordaindu beharko lioke Madrilek Atristaini, aurreko epaia betez gero, baina orain eragindakoa zenbatezina dela esango nuke. Nolatan Europako epai irmo bat bete gabe utzi? Eskandalagarria da, bai, baina ez da kasu bakarra. Hamahiru urte bete berri dira Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Rafa Diez atxilotu zituztenetik, eta bost-sei kartzelaldia amaitu zutenetik, baina gaur egun oraindik berriz «Bateragune auzi» horrengatik akusatuen aulkira itzultzeko arriskuan dira. Europako Auzitegiak, Atristainen kasuan bezala, bidegabetzat jo zuen zigorra, baina espainiar auzitegietan gauza sinestezinenak ere gerta daitezke. Gaur egun Konstituzionalaren eskutan dago irtenbidea; berak esan beharko du epaiketa berriz egiteko modurik den ala ez. Estatuko auzitegi nagusia egoera irrigarrian, beheko epaile eta fiskal hooliganen presioagatik. Espainiar Botere Judizialaren eskua luzea da, gainera. Aski ikasia dute Ganten. Bertan ari da aztertzen Belgikako Estatuak Espainiaratutako Jaione Jauregiri espetxealdi prebentiboa luzatzea dagoen ala ez. Noiz eta bi urte epaiketaren zain kartzelan daramatzanean. Zergatik eta duela 42 urtekoak diren akusazioengatik. Baliteke auzia Luxenburgora helaraztea; espainiar auzitegi berezien erokeriaren alboko kaltetu berri bat izango litzateke Europar Batasuneko Justizia Auzitegi hura. Atristain, Otegi, Jauregi… euskal herritarrak dira politizazio horren biktima zuzenak. Haien senide eta lagunak datoz gero. Baina astindu zoro horrek zipriztin gehiago dakartza. Espetxeetako arduradun eta profesionalak, hemengo eta hango erakundeetako ordezkariak, espainiar auzitegiak eta nazioartekoak… denak dira zapaldu beharreko eragileak, guzti-guztiak etsaiak. • Martutene, Basauri eta Zaballako pedagogo, psikologo, orientatzaile edo zuzendariek baino gehiago dakite preso horiei buruz Madril aldeko bulegoetan...