2022 AZA. 05 Gu, sasikumeok Familiaren iraganarekin «bakerik» ez izateak osasun arazoak sor ditzake (GAUR8) Oier Gorosabel - @Txikillana Fisioterapeuta Denoi gustatzen zaigu heroiz, aitzindariz, garailez betetako historia familiarra irudikatzea; baina errealitatea bestelakoa da. Hasteko, gure arbasoak koldarrak zirelako jaioak gara gu: heroiak gazterik hiltzen dira, seme-alabarik utzi gabe. Ameriketako konkista garaian, bertako biztanleak tiroka akabatzen aritzen ziren aitzindarien bilobak ez gara; baizik eta atzetik karrokanpoetan joaten zen jende oldearenak. Hara joan ziren gehienak bertan pobre hil ziren, edo itzultzeko txartela ordaintzeko dirua justu-justu eskuratu zuten; loterian jokatzen duen jendearen kasuan bezala, aberastutakoak lau katu baino ez ziren izan, Ameriketako ametsetan ito ziren guztien aldean. Era berean, gehienok gure arbasoei buruzko ikuspegi idealizatua dugu: zintzoak, maitekorrak, onak izango zirela pentsatzea gustatzen zaigu... benetan ezagutu ez genituelako, noski. Izan ere, gutako ez gutxi goitik beherako gaizkileen ondorengoak gara: beraien kideak engainatuz eta zapalduz biziraun zutenak; gerra egoerez modu txarrean aprobetxatu zirenak; emakumezkoak bortxatzen aritu zirenak... Idealizazioarena logikoa da; izan ere, esandakoaz kontzientzia hartzen dugunean egoera korapilatsuan aurkitzen gara, lotsaren eta erruaren artean deseroso. Psikologikoki lantzea merezi duen arloa da, halere: noraino erantzun behar dute bilobek aitonek eginiko desmasiengatik? Duela 4.500 urte inguru, Ukraina aldetik etorritako jendeak Iberiar penintsula inbaditu zuen, bertan bizi ziren gizon guztiak akabatuz, eta emakumeekin elkartuz. 1813ko Donostiako setioan ere, bortxaketak masiboak izan ziren, hiria defendatzen zein erasotzen aritu ziren tropen aldetik. Bortizkeria horien ondorengo zuzenak gara gu; ukrainar, portugaldar, ingeles eta frantses horiek gure aitonak dira; bortxatutako neskak, gure amonak. Eta gerra garaietatik kanpo ere, gure arbaso “eredugarriek” curriculuma loditzen jarraitzen zuten: izan ere, duela gutxira arte (kultura askotan oraindik horrela da) emakumea gizonen mendeko izakia izan da, hasieran gurasoek eta gero senarrak nahierara erabiltzekoak. Harreman mota horretan, bahiketa edo tratu ekonomikoak gauza arruntak ziren –maitasuna ez zen, ez, bikote bat osatzeko motiborik normalena–, baita gogoz kontrako sexu harremanak ere. Askotan, ezkontzearekin amaitzen ez zirenak. Bistan denez, familietan gauza hauez ez da hitz egin izan. Gaur arte dirauen usadioan, “trapu zikinak” ezkutatzeko joera dugu; normala, gehienon imajinazioan arbasoak idealizatuta izatea. Halere, eta hau psikologoek hobeto azalduko dute, esaten ez diren gauzek ere aztarna uzten dute: jarrerak, bizitzeko erak, aurreiritziak, beldurrak... Gaur egun izaten ditugun osasun arazoen jatorrian pisuzko faktore izan daiteke, horrelako kasuetan psikologikoki lantzea mereziko duena. Orduan, zer egin behar dugu: gure aitona bortxatzaileak “barkatu”? Bueno, ez dut uste hori denik hitzik egokiena; “barkamen” kontzeptuak erlijio edo magiarekin zerikusi handiegia baitu, eta nire ustez lanketa “erantzukizun” aldetik gehiago etorri beharko da. Alegia, eginikoak ezagutzetik, onartzetik, ulertzetik eta gupidaz hartzetik, batez ere parterik txarrena hartu zuten gure amonekiko. Esan bezala, psikologoen eremua da hori, eta bistan denez, etxe bakoitzeko egoera ezberdinak kontuan hartu behar dira. Nik neuk, adibidez, Espainiako Gerra Zibilean kristorenak eta bi eginiko falangisten eta erreketeen ondorengoak ezagutzen ditut, gaur egun mugimendu sozial progresistetan lanean buru-belarri dabiltzanak. Alemanian ere, Bigarren Mundu Gerraren ostean desnazifikazio sakona egin zen, eta Gernika-Lumon, herria suntsitu zuten pilotuen eta bertan bonbapean hil zirenen ondorengoen arteko harremanak estutu izan dira, saminaren mugak gaindituz. Ez da gauza bera noski, baina agian adibideok gure familiaren iraganarekin behar dugun “bakea” irudikatzeko balio diezagukete. • www.abante.eus