2022 AZA. 19 HEZIKETA DIGITALA «Natibo digitala» izateak ez du nahitaez trebetasun digitalik ekartzen Ingurune digitala azkar zabaldu da bizitzaren alderdi guztietan, aisialditik hezkuntza eta lan esparruraino. Ondorioz, ikasketa azkarra eta azalekoa izan da kasu askotan. Egungo gazteek «natibo digitaltzat» dute beren burua, baina horrek ez du esan nahi derrigor trebetasun digitalak dituztenik. Genero ikuspegia barnebiltzen duen heziketa digitalaren beharra mahai gainean dago. Egungo ekosistema digitalean beharrezkoa da haur eta gazteei heziketa digitala eskaintzea herritar kritikoak izan daitezen (GAUR8) GAUR8 Baliabide digitalen erabilera hain orokortua dagoen garaiotan, garrantzitsua da jendarteak ingurune digitaletan mugitzeko duen gaitasuna ezagutzea eta alfabetatze mediatiko eta digitala sustatzea, bereziki formakuntzan dauden sektoreetan, gazteria kasu. Kataluniako Unibertsitate Irekiko (UOC) ikertzaileek egin berri duten ikerketan gazteen gainean jarri dute fokua. Aipatutako testuinguru mediatiko berrian, gazteetan alfabetatze digitalaren mailak eta genero arrakalak harremanik ba ote duten aztertu dute. «Lan horri esker, ikuspegi feminista eta kritikoa duten heziketa mediatiko eta digitaleko etorkizuneko programen diseinuan sor daitezkeen tentsioak eta beharrak azter ditzakegu», nabarmendu du ikertzaile taldeak. Hamasei eta hemezortzi urte bitarteko 600 neska-mutili egin diete galdeketa, ingurune digitalari buruz dituzten gaitasunei eta ezagutza kritikoei buruz. Inkestan hainbat gaitasun jasotzen dira, hala nola gaitasun teknikoak eta informazio gaitasunak (kontsumitzen diren edukien ebaluazioari eta online soziabilitateari buruzkoak). Hori guztia, ingurune digitalaren kontzientzia kritikoa ahalbidetzen duten hainbat alderdi kontuan hartuta, hala nola eragin ekonomikoari eta legezkotasunari, politikari, ekologiari, lan merkatuari eta abarri buruzko ezagutzak. Galdeketaren ondorioak bi multzotan banatu dituzte: batetik, informazio gaitasunei, gaitasun teknikoei eta ezagutza kritikoei buruzkoak; bestetik, berdintasunarekin eta genero arrakalarekin zerikusia duten alderdiak. Ikerketak ondorioztatu duenez, «oro har, gaitasunei buruzko eremuetan, mutilek zein neskek antzera baloratzen dute beren burua. Halere, xehetasunez begiratuta, informazio gaitasunetan, hala nola trebetasun sozialetan, emaitzak apur bat hobeak dira nesketan». Aldiz, ezagutza kritikoei dagokienez, emaitzek adierazten dute mutilek neskek baino hobeto baloratzen dutela beren burua, alde nabarmenarekin. Adibidez, nortasun digitalaren profilak ondo erabiltzen dituztela diote nesken %71k, eta mutilen %66k. Bestalde, %25ek soilik adierazi dute badakitela gailuak mantentzen edo konpontzen, baina alde handia dago mutiletatik (%32,6) nesketara (%18). Gainera, neskek mutilek baino informazio eta gizarte gaitasun gehiago dituzte ingurune digitalean; mutilek, berriz, neskek baino ezagutza kritiko gehiago dituztela uste dute. «Datu horiek adierazten dute historiaren eta kulturaren ikuspegitik, teknologia, kontzeptu eta eraikuntza sozial gisa, maskulinitatearekin estuki lotuta dagoela eta generoen arteko botere desberdintasunetan eta, beraz, logika patriarkalaren erreprodukzioan funtsezko rola duela», nabarmendu dute ikerketan. Gazteen zati handi batek bere burua «natibo digitaltzat» dauka, baina definizio horrek ez du esan nahi derrigor trebetasun digitalak dituztenik. Are gehiago, ikerketak mahai gainean jarri du %30ek baino gehiagok hainbat disfuntzio dituztela, bai gaitasun teknikoei dagokienez, bai informazioaren arlokoei dagokienez. Zerbitzu digitalen eta tresnen konfigurazioan badira hobetzeko alderdiak; pribatutasuna eta lineako anonimotasuna handitzeko orduan, adibidez. «Egungo ekosistema digitalean, hezitzaileen eta gazteen arteko elkarlanik gabe, eskuratutako gaitasun bakarrak plataforma digitaletan kontsumitzera eta ekoiztera bideratuta daude. Beharrezkoa da, beraz, espazio hezigarriak irekitzea beraiei lagundu ahal izateko, ingurune digitalaren gaineko ikuspegi kritikoa sustatuz eta natibo digitalak direla eta berez ikasiko dutela dioen ideia desmitifikatuz». Ildo horretan, heziketa digitalaren proposamenak ikuspegi kritikoa izan behar du nahitaez, lan merkatuaren beharretara egokitzen diren enplegatuen prestakuntzara ez ezik, herritartasun aktibo, parte-hartzaile eta kritikoa osatzera ere bidera dadin. Genero ikuspuntua txertatzea ere beharrezkotzat jo da. «Garrantzitsua da heziketa digitalaren oinarrietako bat generoak teknologiarekin duen harremana aztertu duten feminismoak izatea».