2022 ABEN. 03 PANTAILA TXIKIAN «En el nombre de ellas»: Disney Plus-en ikusi ez duzun dokumentala Zer ari da gertatzen Kote Cabezudoren auziari buruzko dokumentalarekin? Orain aste batzuk, Disney+ plataformak «Kote Cabezudo auziari» buruzko dokumental saioa estreinatu behar zuela iragarri zuen, azaroaren 23an zehazki. Egun hori iritsi zenean ordea, dokumentalaren arrastorik ez, eta are okerrago, erabateko isiltasuna. Disney-k ez du argitu zergatik atzeratu duen estreinaldia. Aitortu dute estreinaldia ez dela egin, baina esan dute ezin dutela beste argibiderik eman. Madrilgo egunkari baten arabera, ordea, «datozen egunotan» egingo dute estreinaldia, eta Sr Mono ekoiztetxeko kide batek «arazo operatiboak» aipatu ditu. Cabezudoren kasuaren inguruko epaiketaren atarian egindako protesta. (Andoni CANELLADA | FOKU) Gaizka Izagirre Kote Cabezudo. Gipuzkoan, eta Donostian bereziki, sona handia izan duen argazkilaria, iragan hamarraldietan modaren alorreko argazkiak egiteagatik. Jakina zen, esaterako, harekin lan egiten zuela Gipuzkoako modelo agentzia entzutetsuenak: First Models, modelo askoren harrobi. Baina Disney Plus-ek estreinatu behar zuen telesail dokumentalaren helburua argazkilariaren benetako alde iluna eta bere inguruan sortu zen sare beldurgarria bistaratzea da. Izan ere, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak 28 urte eta bi hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio aurten, hainbat deliturengatik: bortxaketa bat, sexu abusu bat, haur pornografiari lotutako sei eta modeloei iruzur egiteagatik beste bi delitu. Hamazazpi emakumeren salaketak hartu dituzte kontuan epaiketan, eta biktima horiei 116.000 euroko kalte ordaina eman beharko die. Proiektua 2021eko abenduaren 2an, «Kote Cabezudo auziari» buruzko dokumental saioa grabatu behar zutela iragarri zuten. Disneyk, egun horretatik aurrera, erantzukizun handia hartu zuen Kote Cabezudoren biktimekiko. Izan ere, ausardia hori “saritu” nahian, Cabezudoren biktimek beren kalbarioa kamera aurrean azaltzeko erabaki irmoa hartu zuten, eta prozesu mingarria berriro ere igarotzeko konpromisoa. Estreinaldi ofiziala gauzatu ez den arren dokumental sorta ikusteko aukera izan dut, kazetari/kritikarioi lehenago pasatzen baitizkigute online ikusteko estekak, estreinatzen direnerako kritikak prest izateko. Kasu honetan, ordea, paradoxikoa izaten ari da guztia, oso gutxi batzuk jada ikusi dugulako, baina ez dakigulako gainerakoek noiz, nola eta batez ere zehazki zer ikusiko duzuen. “Zer” aipatzen dut, susmoa daukadalako agian guk ikusi dugun muntaia eta benetan estreinatuko dena desberdinak izango direna. Berriro diot susmoa besterik ez dela. «En el nombre de ellas» “En el nombre de ellas”, hori da lau atalez osaturiko telesail dokumental honen izenburua. Aitortuko dizut gaia hain garrantzitsua, hunkigarria eta latza izanik, ezinezkoa zaidala ikuspegi zinematografiko hutsetik aztertzea. Zertzelada soil batzuk aipatze aldera, forma aldetik nahiko lan sinplea iruditu zaidala esango dizuet: etengabe errepikatzen diren birsortze sekuentziak, non Kote Cabezudo gorpuzten duen aktore bat ikusten dugun une oro; inolako ekarpenik egiten ez duten, topikoz josiriko eta oso doakoak iruditu zaizkidan sekuentziak –esku pilotan jokatzen ari diren emakumeak edo arraunean adibidez–; kamera geldoan eta off ahots errepikakor batez lagundurik behin eta berriz txertatu dituzten uneak… Baina esan dizuedan moduan, ez da bidezkoa lan hau ikuspegi horretatik aztertzea. Gaiaren garrantzia, kasua mundu guztiak ezagutzeko premia eta behingoz merezi duen oihartzun mediatikoa jasotzea baita une honetan garrantzitsua iruditzen zaidan bakarra. Lau ataletan eta testigantza ugariz lagunduta –hemen ere, zalantzagarria iruditzen zait batzuk aukeratu izana–, kasuaren eta trama konplexu honen nondik norakoak ezagutuko ditugu. Trama konplexua diot, argazkilariak buruturiko ekintza beldurgarri eta nazkagarri horien atzean, ustez, hauei sostengua ematen zien sarea baitzegoen. Sare horren barruan donostiar elitearen barruan kokatzen diren izen ugari aipatzen ditu dokumentalak; politikariak, enpresariak, kazetariak eta abar. Horien artean gainera, antolatzen ziren festa pribatuen baitan, esplizituki Cabezudoren sexu erasoetan zuzenean parte hartu zuten pertsonak. Oso hunkitua amaitu dut telesaila ikusten, eta ezinezkoa zait barnean dudan amorrua, haserrea, harridura eta tristura lerro hauen bidez islatzea. Espero eta nahi dudan bakarra da Disneyk estreinatzea, kasua mundu guztiak ezagutzea eta behingoz merezi duen oihartzun mediatikoa jasotzea. Preso dago Cabezudo 2018ko udaberritik. Epaiketa aurten egin dute, martxoaren 7tik apirilaren 13ra. 28 urte eta bi hilabeteko zigorra jaso du. Prozedura judiziala xehe-xehe kontatzen da saioan. Baina hau icebergaren punta soilik dela nabaria da oso. 80ko hamarkadan eta Donostian jaio naizela kontuan izanik, “Kote Cabezudo” izena betidanik egin zait ezagun. Banekien argazkilari ezagun bat zela, eta bere inguruan sortzen ziren txutxu-mutxuak nahiko ilunak izaten zirela, baina hori zirela uste nuen, txutxu-mutxuak. Norbaitek asmatu zituen oso azaleko hiri-kondairak. Lagunen artean kasua aipatzen egon naiz egunotan, eta nire belaunaldikoen –eta aurrekoen– artean ia denon sentsazioa antzekoa izan da. «Zarataren parte ez zarenean, isiltasunaren parte zara» esaldia aipatzen da “En el nombre de ellas” lanean eta hori baliatu nahiko nuke dokumentala irmoki gomendatzeko. Erabat ados nago. Nire txikitasunetik behintzat, ahal dudan ozenen egin dut garrasi lan hau lau haizeetara zabaltzeko. Isiltasunak abusua iraunarazten baitu. Ez estreinatzeko arrazoiak? Lau atalez osaturiko dokumentala ikusi ostean, eta bertan kontatzen direnak ikusita, ez ninduke harrituko lan hau sekula ez estreinatzeko ahalegin guztiak egiten ari den/diren pertsona ugari egotea. Ala behintzat testigantza edo epaitegiko aitortza bideo batzuetan kontatzen direnak moztea. Sr Mono ekoiztetxeak azaldu duen bakarra da “arazo operatiboak” egon direla tartean eta horregatik atzeratu dutela. Mickey saguaren konpainiaren barruan, inork pentsatu al du segundo bakar batez Kote Cabezudoren biktimengan ez estreinatzeko erabakia hartu aurretik? Argi dago ezetz, inork ez baitu inolako argibiderik eman. Azaro hasieran, ordea, honako albistea eman zuten: «Mario Diezek, Kote Cabezudo argazkilariaren biktimen abokatuak, 60.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio Ana Isabel Perez Asenjori, kasu honetako lehen instruktoreari, irrati eta telebistako saio banatan, Youtuben eta sare sozialetan bere aurka egindako adierazpenengatik». Kote Cabezudo, 2018. urtean, epaiketa batetik ateratzerakoan. Orain kartzelan dago. (Juan Carlos RUIZ / FOKU) Epaia goitik behera irakurtzeko aukera izan dut, eta estreinaldiaren atzerapenarekin zerikusia izan dezakeen zerbait atera dut bertatik: testu judizialak sareetara igotako hiru bideo horiek Internetetik kentzera behartzen du abokatua, eta ohartarazten dio «ez dezala berriro egin epaile kaltetuari buruzko antzeko jarduketarik». Laburbilduz, Interneten eta medioetan oro har, abokatuak Ana Isabel Perez Asenjoren aurka mintzo den edukia ezabatu egin behar duela, eta esandakoa zuzendu. “En el nombre de ellas” dokumentalaren une askotan Mario Diezek Asenjo salatzen duten esaldi asko jaurtitzen dituela kontuan izanik, azken muntaiarako guraizeak zorrotz sartzen ari ote dira Disneykoak? Hortxe uzten dut galdera. Ezinbestekotzat jotzen dut, estreinatzen denean –estreinatzen bada–, plataformatik, atzerapenaren benetako arrazoiak azaltzea. Konspirazio gehiegi ikusten ari naizela uste duenari esan nahi diot, 2018an, Cuerdos de Atar ekoiztetxeak beste dokumental bat egin zuela auziaren inguruan, eta Mediaset komunikazio taldeari saldu ziola, baina –zer susmagarria– lau urteren ondoren ez dutela oraindik estreinatu ere egin (eta ez dut uste sekula estreinatuko dutenik). Isiltasun mediatikoa Ez dakit zer den harrigarriagoa, kasuaren inguruan betidanik egon den isilunea, ala dokumentalaren estreinaldia bertan behera utzi duten arren, horren inguruan dagoen erabateko isiltasuna eta informaziorik eza. Google bilatzailean edo sarean oinarrizko informazio bilaketa besterik ez duzue egin behar, ohartzeko atzerapen honen berri apenas eman dutela. Pentsa isiltasuna zenbatekoa den, espainiar hedabideetan albistea jorratu duten gutxi horien artean, zer eta nire txio arrunt bat erabili behar izan dutelako albistea osatzeko. (Idatzi hau argitaratzen den unean baliteke dokumentala estreinatu izana, oxala. Kasu horretan goitik behera berrikusiko ditut lau atalak eta nik jaso dudan materialarekin alderatuko dut. Berdina bada eta informazio guztia dagoen bezala zabaltzen bada, askoz hobeto (ia) denontzat). Egileek zer diote? Egunotan dokumentalaren egileekin solastatzeko aukera izan dut, eta erabaki honen atzean zer arrazoi dauden galdetu diedanean, «Disney-ren erabaki baten mende dago guztia. Zergatia azaltzeko nahiago dugu astebete itxaron», aipatu didate. «Dena den gauza bat argi utzi nahi dugu, ez dugula ezer berrargitaratuko edo muntaian mozketarik egingo. Zure moduan, beste komunikabide batzuetako pertsonek ikusi dute jada lana, Disneyk ontzat eman eta bidali zuelako. Orain aldaketak egitea existitzen ez den akats bat onartzea litzateke, eta Sr Mono ekoiztetxeak onartuko ez dituen gauzak onartzea. Ziurtatzen dizut dokumental hau ikusiko dela, zinta ez delako Disney-ren jatorrizko ekoizpen bat, soilik Espainian eta Portugalen eskuratu zituzten eskubideak. Lanaren jabetza intelektuala Sr Mono ekoiztetxearena da», gaineratu dute. «Ekoiztetxean harriduraz jaso genuen estreinaldiaren atzerapenaren berria». Biktimentzat gunea Kote Cabezudoren biktima horietako bat izan zara? Hemen espazio seguru eta anonimoa eskaintzen dute salaketa hori egin ahal izateko: victimaskotecabezudo.eu.