2022 ABEN. 30 Elkarrizketa Margarita Martin Aemet-eko meteorologoa «Aurtengo udan batez besteko tenperatura izan da altuagoa, baina uda hau oso beroa izateak ez du hurrengo uda baldintzatzen» Udako tenperatura altuek joera erakusten duten galdetu dio GAUR8k Margarita Martin adituari: ez da zertan errepikatu, baina faktore ugarik eragiten dute kliman. (Gorka RUBIO | FOKU) Nerea Goti Oso uda beroa eta lehorra izan da 2022koa. Berrogei graduren bueltan ibili gara hainbat egunetan zehar jarraian, beraien gau beroekin, klima aldaketaren ondorio zuzenaren agertoki moduko bat marraztuz. Klima aldaketaren adierazpena izan al ziren egun haiek? Azken uda joera baten hasiera izan den jakiteko Margarita Martin AEMETeko meteorologoarengana jo du GAUR8k, hain zuzen ere, klimaren jokaeraren behatzaile zuzenak diren meteorologoen iritzia eskatzera, aurtengoak aro berri bat zabaldu ote duen eta zer espero dezakegun galdetzera. «Lerroburu deigarrietatik urrun, datuak begiratu behar dira», erantzun du berehala Martinek. Azpimarratu duenez, pertzepzioak engainagarriak izan daitezke, datuak ez. Aurten oso tenperatura altuak izan ditugu udan, ados, baina ez dugu mugarik apurtu. Hori da Igeldoko Behatokitik hitz egiten digun adituaren lehen mezua, eta datuak eta konparatibak mahaigaineratu ditu. Argitu duenez, batez besteko tenperatura izan da altuena, eta «ez da efemeriderik izan». Adibide modura ekainaren 18an Igeldon jasotako 39,7 graduko tenperatura aipatu du, lehenago inoiz ez baitzen halako markarik erregistratratu ekainean, baina 45 minutu iraun zuen, enbata etorri zen atzetik. «Oso tenperatura altuak jaso dira, baina ez da markarik hautsi», nabarmendu du, eta dioenez, kontuan hartu beharko genuke klima aldakortasuna oso handia dela. Horren harira, beste adibide bat jarri du muturren artean egon daitekeen abaniko zabala erakusteko: «Duela hirurogehi urte, Eguberri egunean Gasteizen izan zen -21 graduko tenperaturatik, erregistratuta ditugun 40 eta 44 graduko hainbat erregistrotara». Uda berezia izan al da, beraz, bero handiari dagokionez? Ez, edo ez hainbesterako. Meteorologoak argitu duenez, uda lehorrena eta beroena izan da, baina alde txikiarekin 2003. urtekoarekiko. Azpimarratu du, gainera, azkena beroa izateagatik ezin dugula beste uda berotsu bat espero. Izan ere, uda bero baten atzean ez dago zertan uda beroagorik etorri. Kale mailako pertzepzioak baino ez dira, ez predikzioak, argitu duenez. Eguzki orbanen fenomenoa Klima fenomeno askoren emaitza da. «Jakin behar dugun lehen gauza da klimak ez daukala giza eskala bat, geologikoa baizik, eta azken 100 urteetako datuak baino ez ditugula», zehaztu du. Klima prozesu konplexu ugariren emaitza dela azaldu du, eta horien artean eguzki orbanak aipatu ditu. Ehun urtean behin gertatzen den fenomenoa da, 20ko hamarkadaren hasierarekin izaten dira eta tenperatura maximoekin kointziditzen dute. Gauza bera gertatu zen joan den mendeko 20ko hamarkadan: «Eguzkia planetaren bero iturri bakarra dela pentsatu behar dugu, eta ez dakigu eguzki zikloek zenbat irauten duten, ezta zergatik gertatzen diren ere». Horrek ez du esan nahi klima aldaketaren ondoriorik ez dagoenik. Gertatzen ari da, baina «dauzkagun datu bakarrak tenperaturen goranzko joerarenak dira, eta goranzko joera horrek 33 urte ditu. Ehun urteko antzinatasuna duten behatokiek hori ikusi dute 1987. urtetik hona. Azken urteetan joera geldituta dago, ez dira igotzen, baina goiko aldean daude, eta horrek agerian uzten du klima aldaketa». Meteorologo bati arreta zerk ematen dion galdetuta, tenperatura datuak aipatu ditu, prezipitazioei dagokienez joerarik ez dagoelako. «Aurten egon den lehortea ez da historikoa, beste urte batzuetan ere izan dira; haizeteak ez dira ugaritu, ezta ekaitzen kopurua ere». Era berean, ezin dugu esan elurte eta hotz boladak ez direnik hain ohikoak izango. «Espekulazioak dira, ez prebisioak. Prebisioek oinarri zientifikoa izan behar dute eta ez gaude horrelako predikziorik egiteko baldintzetan. Datu asko falta dira», ideia hori azpimarratu du. Mediatikoki manipulatuta 2019an Lakuako ikerketa batek muturreko fenomenoak kostaldetik etorriko zirela zioen, eta Martinek 2013-14 urteetan jazotakoak ekarri ditu gogora, baina gerora halako gutxiago egon direla zehaztu du. Eguraldiaren informazioa mediatikoki manipulatuta dago, adituaren iritziz. «Estatistikara jo behar da», dio. Dagoen informazioarekin zer aurreikus dezakegun planteatuta, «eguzki zikloak ezagutzen ez ditugula da buruan sartu behar zaigun lehen gauza», erantzun du. «Ez dakigunez eguzki emisioen erregimena zein izango den, ezin dugu jakin hurrengo urteetan zer gertatuko den, baina badakigu planeta berotegi efektuko gasez betetzen ari dela, eta horiek mendeetan zehar mantentzen dira troposferan eta estratosferan. Gas horiek isuritakoan ezin da tenperatura jaitsi, eguzki emisioak jaisten ez badira, eta ez dakigu eguzki zikloak zeintzuk diren». Beste prozesu bat ere aipatu du: isurtzen ari den CO2a geratu egingo da ozeanoak ezin duelako xurgatu. Prozesu horiek ez dira kontuan hartuak, soilik ekonomikoki interesa dutenak, AEMETeko behatzaileak salatu duenez. Ez da oso baikorra Margarita Martin aurrean daukagun agertokian hartzen diren neurriekin. Isurketak murriztu daitezke, baina horrek barne produktu gordinaren jaitsiera ekarriko luke: «Imajina ezazu atmosferara erregaiak isurtzeari uzten diogula. Kutsakorrena den turismoaren sektoreak planetaren ekonomia mugitzen du, eta ez dut uste inork bidaiatzeari utzi dionik». Baldintza ekonomikoek benetako gogoeta egitea eragotziko dute, haren ustez. Pobreenek ordainduko dute COP27ari buruzko artikulu bat du mahai gainean, eta ezinezkoa da horren aipamenik ez egitea, batez ere meteorologoak klimaren lehen behatzaileak diren heinean testuinguru klimatiko honetan paper garrantzitsu bat betetzen ote duten galdetuta: «Gailur horretan diruaz baino ez da hitz egin, meteorologoez ez da ezer aipatzen. Funts publiko-pribatuen kudeaketaz hitz egiten dute eta ustelkeria etortzen da burura, diru beltzaren garbiketa... kontua nork ordaindu beharko lukeen eztabaidatu dute, baina badakigu planetako pobreenek ordainduko dutela». Pentsa zitekeen bizi dugun egoera klimatikoan eta horrek dakarren muturreko fenomenoen ugaritzearekin, funtsezkotzat hartuko zirela klimaren inguruko datuak eta meteorologian adituak lehen plano batera deituak izango zirela, baina hori ez dela inondik inora bizi duten errealitatea nabarmendu du. «Alderantziz, meteorologiak ez du behatokiak mantentzeko dirurik jasotzen, ia herrialde guztietan itxi dira langile eta aurrekontu zuzkidura faltagatik. Igeldokoa da funtzionatzen duen bakarretako bat». Behatoki horiek biltzen dituzten datuek klimari buruzko informazio asko ematen dute, baina ez zaie garrantzi nahikoa ematen. Martinek azaldutakoaren arabera, gero eta gehiago dira modu automatikoan funtzionatzen duten behatokiak. Tenperatura, presioa, hezetasuna... neurtzen dute, «baina ezin duzu jakin behe-lainoa, lanbroa, antzigarra edo ekaitza izan den, hori ez dute antzematen». Neurtu daitekeena antzematen dute, baina ez dute zehazten, adibidez, antzigarra edo zirimiria egin duen egun kopurua, prezipitazio modua aldatu den jakiteko. «Datu klimatologiko horiek funtsezkoak dira -dio adituak-, baina horietako asko eman ondoren deuseztatu egin behar izaten dira, gailuak txarto funtzionatu duelako, ez dira fidagarriak: tresna automatikoek eguneroko kontrastea izan behar dute, baina kontraste horretarako langileak behar dira, eta benetako arazoak ditugu langileak kontratatzeko». Horren harira, honakoa gaineratu du: «Hemen daukagun iritzia da mugimendua ibiliz demostratzen bada, hemen ez dabilela inor». Beste adibide argi bat jarri du: «Ozeanoa ez dago monitorizatuta; azalera datuak irrigarriak dira, planetaren azalera solidoa laurden bat delako, hiru laurdenak ozeanoa direlako eta itsasoa erregulatzaile klimatikoa delako». Ozeanoei buruzko datuak oso urriak direla erantsi du adituak, eta satelitetik hartzen direla eta ez dagoela serie historikorik, eta «hor gauzak gertatzen ari dira». Ozeanoek eguzki energia biltegiratzen dutela nabarmendu du, baina ez dagoela informazio nahikorik korronte ozeanikoei buruz edo tenperaturei buruz. «Los únicos datos que tenemos son la tendencia al alza de las temperaturas, que tiene 33 años. Los... con 100 años de antigüedad lo han demostrado»