GAUR8 - mila leiho zabalik

Energia, aro nahasi honetako gordiar korapiloa

Trantsizio energetikoa burutzea ezinbestekoa da bizi dugun krisi klimatiko eta ekosozialari erantzuteko, eta jakin badakigu helburu hori erdiestearren zer pauso eman behar ditugun. Praktikan, ordea, bidea malkartsua izaten ari da. Hauxe dugu, une honetan, erronka nagusia.

Egunsentia, Saint-Nazaire (Estatu frantsesa) hiritik gertu dagoen parke eolikoan. Energia iturri berriztagarrien aldeko apustua ezinbestekoa da trantsizio energetikoa arrakastaz egiteko. (Loic VENANCE / AFP)

Energiaz asko hitz egin da 2022an, eta beste horrenbeste edo gehiago hitz egingo da heldu diren hilabeteetan. Izan ere, pandemiak eragindako zurrunbiloa apaltzen joan den neurrian -ez du ematen, baina birusak hor jarraitzen du-, lehenago ere ageri-agerikoak ziren eta egiturazkoak diren arazoak ate joka itzuli zaizkigu, gordin. Horien artean daude lehengaien agortzea, superpopulazioaren ajeak, baliabideen banaketa injustua eta, batez ere, planetaren berotze globala eta horren ondorioak, dagoeneko jasaten ari garenak.

«Ez dezagun fokua desbideratu, sistema energetikoa aldatzea da gakoa»; urrian, GARAn argitaratutako elkarrizketan, Antxon Olabe ekonomialariak argi utzi zuen non dagoen une honetan gizateriaren erronka nagusia. Ezin zaio krisi klimatikoari behar bezala erantzun energia ekoizteko eta kontsumitzeko moduak aldatzen ez baditugu, eta etorkizuna beltza izango dugu krisi klimatikoari behar bezala erantzuten ez badiogu. Ekuazioa erraza da, eta soluzioa, begi bistakoa. Hala ere, ez gara asmatzen ari.

Mezu etsigarria Ukrainako gerraren harira

Xarm el-Xeikhen (Egipto) egindako COP27aren bezperan, Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi zuen egungo politikak aldatu ezean mendearen bukaeran Lurraren tenperatura 2,8 gradu igoko dela, batez beste. Horrek sekulako hondamendia ekarriko luke. 2015ean, Parisen, nazioarteko gobernuburuek tenperaturaren igoera bi gradu baino gutxiagokoa izatea -eta, aukeran, 1,5 gradutan uztea- hitzartu zuten, baina ordutik hartutako neurriek ez dute xede hori erdiestea posible egingo, eta ondorioak ez dira nolanahikoak izango. Izan ere, adituek nabarmentzen dutenez, berotze prozesu horretan gradu-hamarren bakoitzak garrantzi handia izango du, eta gu adostutako helburua bikoizteko bidean goaz.

Gainera, norabidea aldatzeko zantzurik ez da ikusten. Horren adibide dira Egiptoko goi bileraren emaitza apala edo Ukrainako gerraren harira hartutako erabakiak. Errusia Ukrainaren aurka oldartu eta berehala, Europar Batasunak eta beste zenbait herrialdek Moskuren diru iturri nagusi diren erregaien gaineko debekua ezarri zuten. Aukera aproposa zirudien energia berriztagarrien aldeko bidean sakontzeko, baina horren ordez Europak gas eta petrolio ekoizle berriak (edo zaharberrituak) bilatu ditu, oso kaltegarria den ikatzaren erabilera indartu du eta gainbeheran zegoen eta orain “berdea” omen den energia nuklearraren aldeko apustua egin du.

«Sinesgarritasuna galdu nahi baduzu, hauxe da zehazki egin behar duzuna», esan zuen, ironia garratz puntu batekin, Phillipe Lamberts europarlamentari ekologistak uztailaren 6an Europako Parlamentuak energia atomikoa eta gasa energia jasangarritzat jo zituenean. Eta ez zitzaion batere arrazoirik falta.

Egia da errusiar erregaien boikotak ataka larrian jarri dituela Europako ekonomia eta udazken honetan berogailuak ohi baino beranduago eta ohi baino gutxiago piztu dituzten herritarrak, eta premia horiei azkar erantzun behar izan zaiela, baina auzi honetan zabaldu den mezua etsigarria da. Eta azken urteetan esandakoarekin kontrajarria, nahiz eta bigarren edo hirugarren botean, edukiontziak Qatarretik eta AEBtik heldutako gas likidotuarekin beteta zeudenean, berriz ere energia berriztagarriak bultzatzeko planak aipatzen hasi diren. Berandu, ordea; kalte politikoa eginda zegoen jadanik.

Hilabete hauetan jazotakoak agerian utzi du Europako instituzioek trantsizio energetikoaren etxeko lanak egin gabe zituztela, eta orain, gerrak ezaugarritzen duen testuinguruan, esan daiteke litekeena dela 2030erako helburuak betetzea oso zaila izatea.

Baieztapen honek, dena den, ez du inor harrituko. Elkarrizketan, Olabek ezinbestekotzat jotzen zuen herrialdeen interesetik haragoko «Lurraren politika» bat egitea, baina ikusmira zabaltzea eskatzen duen gai honetan politikariak ohituta daude epe laburrera begirako erabakiak hartzera. Besteak beste, euren karguak arriskuan jartzeko beldurragatik, jakin badakitelako trantsizio energetikoak politikoki kudeatzen zailak izango diren neurriak hartzera behartuko dituela. Eta ia inork ez du prezio hori ordaindu nahi.

Horren ordez, garapen teknologikoan jarri dute askok itxaropena. Eredu energetikoaren deskarbonizazioa erraz eta sakrifiziorik gabe egin ahal izateko sistemak edo tresnak asmatzeko lasterketa batean sartu gara. Eta giro horretan kokatzen da, adibidez, Europako Espazio Agentziak espazioan eguzki panelak ezartzeko egindako proposamena, edo hilabete honetan bertan AEBetako Energia Departamentuaren iragarpenak sortutako ikusmina. Adierazi duenez, herrialde horretako zientzialariek fusio atomikoaren bidez (ez nahastu fusio eta fisio nuklearra) energia sortzea lortu dute. Askok mugarritzat jo dute aurkikuntza hau, karbonorik gabeko energia garbi eta mugagabea eskuratzeko bidea zabalduko lukeelako. Baina gai honekin oso zuhur jokatu behar da, iragarritakoa egia izanda ere, eta garrantzirik kendu gabe, aurkikuntza hasiera fasean dagoelako, eta urte asko beharko liratekeelako energia iturri berri hori merkaturatzeko eta erabiltzen hasteko.

Teknologiak lagunduko digu, baina ezin dugu errezeta magikoren baten zain egon. Trantsizio energetikoak goitik beherako eta behetik gorako aldaketak eskatuko ditu; ekoizpenean, iturri berriztagarrien aldeko apustu sendoa eginez, eta baita kontsumo ereduan ere. Eta, noski, begirada luzeko proposamenak eta egitasmoak.

Euskal Herrian ere eztabaida bizia dago

Alde horretatik, aipatzekoa da EH Bilduk egin duen ariketa. Koalizioak “Euskal Herriko eraldaketa ekosozial baterako Energia estrategia” aurkeztu zuen azaroan, auzi honetan duen ikuspegi estrategikoa laburbiltzen duena. «Ezin diogu uko egin energia berriztagarrien sorrera demokratizatzeko lehiari», laburbildu zuen Mikel Otero parlamentariak egunkari honetan.

Neurri batean dokumentu hori aitzindaria da, energia ereduez halako hausnarketa sakona egiten duen lehen indar politikoa delako, eta testuinguru berezian heldu da, Euskal Herrian energiaren gaineko eztabaida parez pare ireki baita. Irailaren 16an BC3ren eskutik Bizkaia aretoa leporaino bete zuen hitzaldia gaiak dagoeneko sortzen duen interesaren adierazgarri da.

Eta normala da, kontsumitzen dugun energiaren %80 erregai fosilek sortutakoa dela eta %85 kanpotik inportatzen dugula kontuan hartzen badugu. Erronka handia dugu esparru honetan, eta horri nola erantzun izango da, gure herrian ere, hurrengo urteetako eztabaida nagusietako bat.

Eta ez da samurra izango, Statkraftek Gipuzkoako zenbait herritan eraiki nahi dituen parke eolikoek sortutako eztabaidak erakusten duenez. Orain artekoekin alderatuta, eredu desberdina proposatzen omen du enpresa norvegiarrak, udalen eta gizartearen beraren parte hartzean oinarrituta. Aurkezpenak egin izan dituzte, auzokideei egitasmoa bertatik bertara azaltzeko, baina badago begi onez ikusten ez duenik.

Ulertzekoa da etxetik gertu, inguruko mendietan, dozenaka metro dituzten haize errotak nahi ez izatea. Baina ulertu behar dugu, halaber, modu batean edo bestean aterabidea bilatu behar zaiola Euskal Herriak energia arloan dituen gabeziei. Eta aterabide horrek jasangarria izan behar du. Nola egiten da hori? Ez da galdera erraza, baina erantzuten saiatu beharko dira mahai gainean dauden proposamenen edo beste batzuen alde eta kontra daudenak. Besteak beste, energia erruz kontsumitzen dugulako den-denok.

Energia da duda gabe aro katramilatsu honetako gordiar korapiloa. Denok dakigu nola gainditu zuen Alexandro Handiak kondairazko erronka hura; ikusteko dago nork izango duen orain ezpata eskuan: betiko oligopolio boteretsuek edo herriek eta herritarrek.