2023 URT. 14 URTE LATZA ASKORENTZAT 2023an zer esana emango duten 15 krisi humanitario nagusiak Ukrainako gerrak eta bere ondorioek munduan, 2023. urterako, laguntza humanitarioaren beharra izango duten pertsonen errekor berri bezain lazgarria eragingo dute; hasi berri den urtean 339 milioi pertsona izango dira egoera larrian 69 herrialdetan, 2022an baino 65 milioi gehiago. Ukrainakoa ez da 2023an zer esana emango duen gatazka bakarra zoritxarrez. (Sergei SUPINSKY | AFP) GAUR8 Beharrak areagotu egingo dira, Siriako, Yemengo eta beste herri batzuetako gatazken iraunkortasun amaigabearengatik, edo beste liskar batzuk, Kongoko Errepublika Demokratikoak (RDC) pairatzen duena adibidez, gogortzen ari direlako. Hori dela eta, auzi horiei guztiei aurre egin ahal izateko, funtsen beharrak ere handitu egin dira. Ildo horretatik, Nazio Batuen Erakundeak (NBE), guztira, 51.500 milioi dolar eskatu ditu aurten, iaz baino % 25 gehiago. Jarraian, arreta berezia eskaini behar zaien krisi humanitarioak. AFGANISTAN 2022ko azken egunetan talibanek emakumeei erakunde humanitarioentzat lan egitea debekatzeko hartutako erabakiak izango duen eraginaren ziurgabetasunarekin hasi da urtea; izan ere, erakunde horietako langile gehienak emakumeak izaten dira. Hori gutxi balitz bezala, emakumeak eta haurrak zaintzeaz arduratzen dira, betiere ahulenen artean. Emakumeen egoerak okerrera egin du Afganistanen talibanak boterera itzuli zirenetik (AFP) Talibanak 2021eko abuztuan boterera itzuli zirenetik, laguntza humanitarioa behar duten pertsonen kopuruak gora egin du, 28,3 milioira iritsi arte (2021ean 18,4 milioi ziren). 80ko hamarkadan Sobiet Batasunak inbaditu zuenetik, herrialdea etengabeko gerran dabil murgilduta. Ameriketako Estatu Batuen inbasioak egoera hori okertu zuen. Nahiz eta, oro har, indarkeria mailak behera egin duen, Estatu Islamikoak maiz eraso egiten du. Lehorte larriak ere eragin handia izan du, eta herritarrak krisi ekonomiko larri bati aurre egiten ari zaizkio. MYANMAR (BIRMANIA) Asia hego-ekialdeko herrialdeak aurrekaririk gabeko krisia du maila politikoan, giza eskubideen arloan eta egoera humanitarioan. Eta hori asko esatea da aspalditik ezegonkortasunean eta Armadaren mende bizi den Myanmarren. 2021eko estatu kolpe militarrak areagotu egin du hainbat talde etnikoren aurkako jazarpena, eta ondorioz, horien izenean altxatu diren erakunde armatuekin, gatazkak areagotu dira eta haiekin batera, desplazamenduak. Gaur egun, 1,4 milioi pertsonak etxetik ihes egin behar izan dute (duela urtebete baino milioi bat gehiago) eta 17,6 milioi laguntza beharrean daude. Myanmarretik ihes egin behar izan duten rohingyak Bangladeshen (AFP) Bestalde, garbiketa etnikotik ihesi Bangladeshera alde egin behar izan zuten rohingya errefuxiatuen krisia konpondu gabe dago oraindik ere. Myanmarren jazarpena pairatzen duen gutxiengo horretako ia milioi bat pertsona oso egoera txarrean bizi dira Cox 's Bazarreko errefuxiatu esparruetan. Azken asteetan handitu egin da Indonesiako kostaldera, bidaia arriskutsuak egin ondoren, itsasoz iristen diren rohingyen kopurua. ETIOPIA Lehorte izugarriak bat egin du Tigray eskualdeko (iparraldea) gatazkarekin eta herrialdeko beste eremu batzuetako indarkeriarekin eta ondorioz, 28,6 milioi pertsona laguntza beharrean utzi ditu. Etiopian lehorteari gerra gehitu zaio (AFP) Etiopiako Gobernuak eta Tigray Askatzeko Herri Fronteak (TPLF) sinatutako bake akordioari esker, eskualde horretako egoera arindu egin da neurri batean, baina orain Oromia eskualdean, biztanle gehien duen eskualdean, beste gatazka bat piztuko ote den beldur dira. NBEk ez du espero egoerak hobera egitea 2023an, eurite eskasak iragartzen diren urte honetan. HAITI Karibeko herrialdeak krisi politikoaren, ekonomikoaren eta humanitarioaren aspaldiko koktel madarikatuari aurre egin behar dio. Hori gutxi balitz bezala, azken hilabeteotan, banda armatuen jarduerak eragindako segurtasun eza gehitu behar da, baita beste kolera izurrite bat ere. Ondorioz, herrialdeko 11,7 milioi biztanleetatik 5,2 milioik laguntza behar dute. Haitin ez dago ia bizitzerik (AFP) Oinarrizko saskiaren prezioa % 63 igo da urtebetean, eta kalkuluen arabera, biztanleen erdiak gosea pasatzen du. Horien artean 1,8 milioi inguru egoera bereziki larrian daude, eta eskualde batzuetan gosetea dagoela uste da. Gobernuak eskatu omen duen nazioarteko indarra iritsiko balitz, egoera hobetu litekeela uste dute zenbait adituk. Ez da horrelakorik gertatu, ordea, orain arteko parte-hartze militarrekin. Krisiak bata bestearen atzetik pairatzen dituen herrialde batean iragarpenak egitea zaila dela diote. Agian, paradigma aldatu beharko luketela hausnartu gabe. TXAD LAKUA Guztira, 11 milioi biztanlek laguntza behar dute Nigeriako ipar-ekialdean epizentroa duen krisialdi honetan, eta lakuak bustitzen dituen Kamerun, Txad eta Nigerreko eskualdeei ere eragiten die. Indarkeria, batez ere, Mendebaldeko Afrikako Estatu Islamikoak (IS“WA) eta Boko Harameko azken hondarrek eragiten dute, eta beste eremu batzuetara ere hedatu dela dirudi. Txad lakuan jihadisten atentatuak dira nagusi (AFP) NBEren arabera, 5,6 milioi pertsona daude elikadura segurtasun gabezia larrian, desnutrizio larria duten 300.000 haur tartean, eta 2,9 milioi desplazatu ere badira, horietatik 2 milioi Nigerian; beste herrialde batzuetara ihes egin behar izan duten 624.000 errefuxiatuak ahaztu gabe. LIBANO Antzina «arabiar Suitza» bezala ezaguna, Libanok aurrekaririk gabeko krisi ekonomikoa du, libera libanoarraren balio-galera historikoarekin batera. Egoera larriak premia humanitarioen gorakada ekarri du. Beiruteko gobernuak 600 milioi dolar eskatu ditu; 2022an baino % 59 gehiago. Horri gehitu behar zaio ezegonkortasun politiko iraunkorra. Joan den azarotik presidenterik ez dute. Botere banaketa sektarioan oinarritutako sistema politikoak porrot egin du, baina ordezkorik ez du. Libanoarrak txalupetan ihesi ateratzen hasi dira «arabiar Suitzatik» (AFP) Jakien Munduko Programaren arabera, oinarrizko saskiak 2019ko urrian baino % 1.700 gehiago balio du, eta batez besteko soldatak oinarrizko elikagaien premien % 24 baino ez du betetzen; 2021ean, % 93 asetzen zuen. Testuinguru horretan, 2,3 milioi pertsonak behar dute laguntza, libanoarren eta errefuxiatu palestinar eta siriarren artean. KONGOKO ERREPUBLIKA Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 2.300 milioi dolarreko funtsak eskatu ditu Kongoko Errepublika Demokratikoarentzat, 2022an baino % 20 gehiago: orain arteko kopururik handiena. Horrek agerian uzten du munduko gerrarik luzeenaren ondoriozko beharrizanak areagotu direla eta egoera okertu dela, batez ere ekialdean, bi talde armaturen indarkeria -M23 eta ADF, Estatu Islamikoaren filial gisa jarduten dutenak- areagotu egin delako. Kongoko Errepublika Demokratikoa munduko gerrarik luzeenarekin odolusten ari da (AFP) Kongoarren artean, lautik batek elikagaien segurtasun ezari egin behar dio aurre (26,4 milioi pertsona), eta 6,4 milioi desnutrizioak jota daude, batez ere 5 urtetik beherakoak, herrialdeak nekazaritzarako izugarrizko ahalmena duen arren. 109 milioi biztanleetatik 60 milioi pobrezia larrian «bizi» dira. Gainera, 5,7 milioi barne-desplazatuak dira: Afrikako kopururik handiena. SAHEL Sahel erdialdean egoera okertu egin da mehatxu jihadista Maliko iparraldetik hegoalderantz hedatu den heinean, Burkina Faso eta Niger mendebaldera eta Gineako golkoko herrialdeak ere mehatxatuz. Atentatuak dira nagusi Sahelen ere (AFP) Gaur egun, 14,4 milioi pertsonak behar dute laguntza hiru herrialde horietan, eta Burkina Faso da kaltetuena, lau biztanletik batek laguntza behar baitu. Eskualdean 2,3 milioi barne-desplazatu daude (1,7 milioi herrialde horretan) eta 4,4 milioi elikadura-segurtasunik gabeko egoeran daude. Frantziako Armadak ez zuen egoera hobetu, baina estatu kolpeen haritik iritsitako Wagner Errusiako mertzenarioen ordezkotzak egoera are gehiago okertu du (zaila zirudien arren). SIRIA Gutxienez, 15,3 milioi pertsonak beharko dute laguntza 2023an Sirian. Herrialde horrek du barne-desplazatu gehien munduan; guztira, 6,8 milioi, eta horietatik 2 milioi inguru Damaskoren kontroletik kanpo dauden herrialdearen iparraldeko eremuetan bizi dira. Gerrak eragindako krisi ekonomikoari lehorte larria eta kolera izurritea gehitu zaizkio azken urtean. Sinestezina. Siriako gerrari Ukrainakoak hartu dio lekukoa, baina han ere ez da amaitu (AFP) Krisi horrek, gainera, badu eskualde-osagai bat; izan ere, 7,4 milioi errefuxiatu siriar daude Turkian, Libanon, Jordanian, Iraken eta Egipton, eta horien egoera sozioekonomikoak okerrera egiten jarraitzen du. NBEk 4.400 milioi dolar eskatu ditu herrialde barruko beharrei erantzuteko eta beste 5.400 milioi errefuxiatu siriarrei eta harrera egiten dieten komunitateei laguntzeko. SOMALIA Egoera humanitarioak okerrera egiten jarraitzen du herrialdean, neurri batean Al Shabaab talde jihadistaren aurkako eraso militar berriaren ondorioz. Horri euririk gabe jarraian izandako lau urteak gehitu behar zaizkio, azken lau hamarkadetako lehorterik larriena eragin dutenak. Azken lau hamarkadatako lehorterik larriena bizi du Somaliak (AFP) Gaur egun 7,8 milioi pertsona daude laguntza beharrean, biztanleriaren ia erdia. Desplazatuen kopurua hirukoiztu egin da azken urtean, lehortearen ondorioz. Gosete arriskua aurreikusi dute herrialdean, hiru biztanletik batek (ia 6,7 milioi) arazo larriak baititu bere mantenua bermatzeko. HEGOALDEKO SUDAN Urteetako gatazkak, izaera etnikoa duen indarkeriak eta klima-aldaketaren eraginak egoera humanitarioa okertzea ekarri dute, 9,4 milioi pertsonak, biztanleriaren % 76ak, nolabaiteko laguntza behar izateraino: duela urtebete baino % 5 gehiago. Hegoaldeko Sudanek independentzia lortu zuenetik gerra da nagusi (AFP) Herrialdeko hamar estatuetatik zazpik pairatu dute komunitateen arteko indarkeria: 250.000 desplazatu gehiago eragin ditu, baita sexu indarkeria kasuak, bahiketak eta arpilatzeak ere. Herrialdean 2,2 milioi desplazatu inguru daude, eta beste 2,3 milioik inguruko herrialdeetan aurkitu dute babeslekua. Gainera, 8 milioik elikadura-segurtasun ezari egin behar diote aurre. SUDAN 2021eko azaroko estatu kolpe militarrak herrialdeak jasotzen zuen garapenerako laguntza murriztea eragin zuen, eta horrek, aldi berean, eragina izan du agintariek oinarrizko zerbitzuak eskaintzeko duten gaitasunean. Gainera, azken urtean indarkeriak gora egin du herrialdean, batez ere duela hamarkada batzuk gerra pairatu zuen Darfurren. Sudanen Ukrainako gerrak gari erosketak eten ditu, gosea eraginez (AFP) 15,8 milioi pertsonak (biztanleriaren herena) laguntza behar dute. Gainera, gosea pasatzen duten pertsonen kopuruak gora egin du hirugarren urtez jarraian, 11,7 milioira iritsi arte. Gerran diren Errusiatik eta Ukrainatik garia inportatzeko Sudanek duen mendekotasun handia dago, besteak beste, errekor negargarri horren atzean. UKRAINA Errusiaren inbasioa otsailaren 24an hasi zenetik, ukrainarren ia heren batek etxetik alde egin du: 6,2 milioi baino gehiago herrialde barruan desplazatuta daude, baina beste 7,7 milioik Europako beste herrialde batzuetan bilatu dute babesa, batez ere Polonian, Moldavian, Errumanian eta Hungarian. Ukraina hegoaldea: Armada errusiarrak Jerson hiritik alde egin ostean, Kieveko gobernua, jendeari laguntza ematen (AFP) Nazio Batuen Erakundearen arabera, 17,6 milioi pertsonak behar dute laguntza herrialde barruan, eta egoera bereziki dramatikoa da Kieveko kontroletik kanpo dauden eta liskarrek zuzenean jotako eremuetan; batez ere, Donbassen eta Jersonen. Elektrizitatearen eta uraren hornidura-arazoek kezkatzen dute batik bat, mota horretako azpiegiturei bereziki eraso egiten baitie Moskuk, ukrainarrek hotzak akabatuta amore eman dezaten. VENEZUELA Ukrainako gerraren ondorioz, AEBek Venezuelako petrolioaren beharra dutela eta, azken urtean herrialdeko egoera ekonomikoa zertxobait hobetu den arren, oraindik ere 7 milioi pertsona daude laguntza beharrean. Nicolas Maduroren Gobernuaren eta oposizioaren arteko elkarrizketari berriro ekiteak aukera eman du, egoera humanitarioa arintzeko bidean, lehen akordioa lortzeko, baina ikusteko dago bide horretan aurrera egiten jarraitzen den ala ez. 7 milioitik gora venezuelar herrialdetik kanpo bizi dira (AFP) Bien bitartean, NBEk uste du herrialdeko eta eskualdeko egoera berriak azken urteetan erbestera joandako venezuelarren itzulera areagotu dezakeela, baina horrek ez omen du geldiaraziko beste batzuen irteera. Mundu osoan 7,1 milioi errefuxiatu eta migratzaile venezuelar baino gehiago daude; horietatik ia 6 milioi Latinoamerikan bertan (ia 2,5 milioi Kolonbian eta 1,5 milioi inguru Perun, esaterako). YEMEN Zortzi urte baino gehiagoko gatazka amaitzeko itxaropena agortu egin zen urrian, sei hilabetez luzatu zen su-etena ez berritzea erabaki baitzuten erbestean den Yemengo Gobernuak eta huthi errebeldeek, nahiz eta indarkeria ez omen den bortizkeria berberarekin berpiztu. Yemenen biztanleriaren % 80ak laguntza behar du (AFP) Yemen, gerra aurretik, munduko herrialderik pobreenetako bat zen, arabiar munduan txiroena. NBEren arabera, 21,6 milioi pertsonak behar dute laguntza. Biztanleen % 80ak baino gehiagok arazoak ditu elikagaiak, edateko ura eta osasun-zerbitzuak eskuratzeko, eta ia % 90ak ez du elektrizitate-zerbitzu publikorik. Gutxienez, 15,3 milioi pertsonak beharko dute laguntza 2023an Sirian. Herrialde horrek du barne-desplazatu gehien munduan: guztira, 6,8 milioi pertsona Kongoko Errepublika Demokratikoa munduko gerrarik luzeenaren agertokia da gaur egun. Herrialdeak izugarrizko baliabideak ditu, hain zuzen Errusiaren inbasioa otsailean hasi zenetik, ukrainarren ia heren batek etxetik alde egin du: 6,2 milioi baino gehiago herrialde barruan desplazatuta daude eta 7,7 milioi, erbestean Yemen, gerra aurretik, munduko herrialderik pobreenetako bat zen, arabiar munduan txiroena. NBEren arabera, 21,6 milioi pertsonak behar dute laguntza