GAUR8 - mila leiho zabalik
{ ASTEARI ZEHARKA BEGIRA }

Bosgarren egunaz hausnar dezagun


Gizarte eta politika joeren bilakaera ikusteko behatoki ezin hobea eskaintzen du egunkari batek. Besteak beste, egunero-egunero hurrengoak zer ekarriko duen zorrotz begiratu behar da bezperan. Ariketa horretan, azken bolada luzean euskal agendaren moteltze nabaria dagoela ondoriozta daiteke. Eta trinkotze bat ere bai. Piramide baten antzerako forma hartzen du asteak: asteleheneko egitaraua erdi-hutsik agertzen da askotan, asteartean osatuagoa da, asteazkenean goia jotzen du, ostegunean hasten da berriz arintzen eta ostiral eguerditik aurrera esan daiteke asteak jada berea egin duela. Diputatuen Kongresuaren funtzionamendua ispilutzat jo genezake: bertan asteartetik ostegunera biltzen da jardun osoa, publikoa behintzat, eta astelehenak eta ostiralak barruko ekimenetarako edota joan-etorrietarako gelditzen dira, erritmo motelagoan. Asteburuei dagokienez, bi joera berri sumatu ditut: larunbateko agenda duela urte gutxitakoa baino askoz arinagoa dela, eta igandean, hori husteaz gain, telefonoak itzaltzeko joera areagotzen ari dela. Deskonexioaren beharra, dudarik gabe.

Euskal Herriaren ezaugarri ondo errotua zen bizitasun soziopolitikoa apaldu denaren seinaletzat hartzen dut hau. Salbuespenak salbuespen; ekinbide sindikala, bereziki, zabala bezain bizkorra da, eta ondorioz, lehen agenda osoaren %25 hartzen bazuen, orain egun askotan horren %50aren gainetik egon daiteke. Beste datu adierazgarri bat, horri lotuta: aspaldi, sindikatuek 35 orduko lan astea bere egin zutenean, ostiral arratsaldez faltan botatzen genituen kazetariok, baina orain astero bulegoetako argiak itzaltzen dituzten azkenetarikoak direla antzeman daiteke.

Baliteke hedabide baten aurreikuspen-agenda moteltze hori ondorioztatzeko talaia onena ez izatea, prentsaurreko, aurkezpen, teletipo, mobilizazio eta abarrez gain gauza asko mugitzen baita hain agerikoak ez diren beste bide batzuetatik (sare sozialen bidezko zuzeneko harremanak, demagun, zenbatezinak dira). Hala ere, hainbat ikerketatan azaltzen diren datuak nire uste horren norabide berean doaz: osasungintzan, hezkuntzan, arlo «produktiboetan» eta «ez-produktiboetan»… adierazle asko behera egiten ari da Euskal Herrian. Eta konparazioa beti Espainiarekin egiten denez, espainolagoak bilakatzen ari garela esan liteke, ez identitate mailan jakina, baina bai herri gisa aritzeko moduan.

Asteko lan jarduna lau egunera murrizteko komenigarritasuna izango da urte berriak dakarren eztabaidetako bat. Eta horretaz guztiaz hausnartzeko aukera ematen digu akaso. Abiapuntua hau izan liteke: zertarako erabiliko dugu «soberako» bosgarren egun hori? Gehiago bidaiatu eta kontsumo-joerak handitzea da lehen aukera, egiari zor, aurtengo Gabonaldi inoiz baino luzeagoan horiek izan baitira, datuak eskutan, gora egin duten aisialdi-motak, telebista-serieen edota Tik-Tok-en kontsumoa bezalaxe.

Baina birkonektatzeko ere erabil daiteke, jakina, pandemiaren basamortuak lurperatutako zenbait egiteko berreskuratzeko, ekimen kolektiboak berpizteko, ekarpen komunitarioak asmatzeko, gizarte (eta etxeko) arrakala guztiak ixten hasteko, besterik gabe kaleratzeko... Izan ere, bosgarren egun horrek aukerak eta arriskuak dakartza. Zaintzarako aukera zabalduko du, baina autozaintzarakoa ere bai. Bizitza erdian jartzea erraztuko du, baina denon bizitzaz ari garen edo nork bereaz ez da gauza bera izango. Ez maila pertsonalean, ez eta herri gisakoan ere. •