GAUR8 - mila leiho zabalik

Kirola, elitetik herrira

Lanbide sedentarioak nagusi direnetik, jende gehiagok jotzen du kiroldegietara. (Gorka RUBIO | FOKU)

Zahar askok esaten diguten gauza da: «Ni gaztetan asto-lan asko egindakoa naiz!». Batez ere landa eremuan nekazaritzan, abeltzaintzan edo karga handiekin aritutako adineko jendeak esaten du hori, zahartzaroko artrosiak eta minak gaztetan egindako lan fisiko gogorraren ondorio direla sinetsita. Horrelakoak entzuten ditugun bakoitzean, uste hori ezeztatzea tokatzen zaigu, eta askorentzat sorpresa atsegina izaten da: behin baino gehiagotan aipatu dugunez, gorputza horixe egiteko prestatua baitago (lan fisiko gogorrerako, alegia), ez bulegoko lan sedentariorako. Horrenbestez, pertsonok eskerrak emateko moduan daude, gaztetan eginiko lan astunarengatik ez balitz, arazo gehiago izango baitzituzten gaur egun segur aski. Duela hamarkada batzuetatik hona, ordea, Euskal Herrian behintzat, ordu asko eserita edo tente egotea eskatzen diguten lanpostuak dira nagusi, eta, horrek, ezinbestean, kirolaren zabalkundea ekarri du.

Izan ere, antzina jende gehienak ez zuen kirolik egiten. Ez zuen astirik, ezta beharrik ere. Azken finean, ogibide gehienak oso gogorrak ziren eta ariketa fisikoa berarekin zekarten (pentsa okinak, orea egin eta egin; arropa garbitzaileak, ibai ertzean igurtzi eta igurtzi; harrobiko langileak, mailua eta barrena erabiltzen...). XX. mende hasieran langile borrokak ordu murrizketak eta opor ordainduak lortu arte, astirik ere ez zuten langileek, lan jardunaldia oso luzea baitzen, are gehiago gutxi irabazten zuten beharginentzat. Kirola? Noiz, eta zertarako?

Halere, baziren kirola egiten zuten batzuk; eliteetan, noski. Jopuek edo errenteroek haientzat lan egiten zuten bitartean, denbora librea sobera zuen jendea zen. Horien artean, jende inteligentea ere bazen; eta konturatu ziren, bizimodu bigun hark ondoeza zekarkiela, aspertura eta nahigabe fisikoa. Jende horrek asmatu zuen kirola antzinako Egipton, Txinan eta Grezian. Ehizarekin eta eguneroko lanekin lotutako demak ziren, eskuarki, eta neurri batean izaera elitista hori Industria Iraultzaren loraldian ere mantendu zen: XVIII. mendean Europa iparraldeko philanthropin motako ikastetxe berritzaileetan, klase altuko ikasleak ziren gorputz hezkuntza jasotzen hasi zirenak; eta 1896an berrasmatutako Olinpiar Jokoetan, galtzontzilotan korri egiten zuten bibotedun haiek ere aristokratak ziren; berdin esan dezakegu lehen mendigoizale, eskiatzaile, auto lasterkari eta abarrei buruz.

Denborarekin, ariketa fisikoaren onurak populazio osoari zabaldu zaizkio. XX. mende amaierarako, lehen ez bezala, edozein herritan kiroldegi publiko bat aurkitu zitekeen. Eta gaur egunean, lanbide sedentarioak nagusitu direnetik, gero eta jende gehiagok jotzen du azpiegiturotara, gorputzak ondo funtzionatzeko behar-beharrezkoa duen betiko “asto-lan” berari ekiteko, baina mahoizko arroparen ordez, galtza elastiko fosforitoak soinean. •

www.abante.eus