2023 URT. 21 { DATORRENA } Davoseko elitea, arriskua demokraziarentzat Isidro Esnaola Aste honetan World Economic Forumak urteroko bilera burutu du Davosen. Munduko klub esklusiboenetako bat da. Bertan parte hartzen dute korporazio multinazional nagusietako arduradunek -adibidez, BlackRock funts putrearen zuzendari nagusiak- eta filantropia kapitalistaren ordezkari jatorrenek -horien artean Bill Gates nabarmentzen da-. «Lankidetza publiko-pribatuaren bidez munduaren egoera hobetzeko» foroaren asmoarekin koherentea da osaera hori. Kontzeptu hori erabat normala bihurtu da hizkera politiko-administratiboan, baina ez da neutrala. Egia esan, sakontasun karga bat du publikoaren aurka. Sektore pribatuak hainbeste goraipatu duen lankidetza publiko-pribatua ez da berdinen arteko harremana, lehen begiratuan ematen duen bezala, baizik eta oso harreman desberdina, non alderdi publikoak baliabideak ematen dituen eta sektore pribatuak ideiak garatzeko konpromisoa hartzen duen eta onurak lortzen dituen. Marina Mazzucato ekonomialariak maisuki erakutsi zuen harreman hori “The Entrepreneurial State” liburuarekin. Harreman horretan kargen eta onuren banaketa desberdina bada, are nabarmenagoa da hori erabakien eremuan. Badirudi ekimena arlo publikotik pribatura abiatzen dela, baina praktikan sektore pribatua da publikoari garapen-ildoak zein izan beharko liratekeen adierazi, iradoki eta proposatzen diona. Izan ere, aholkularitza pribatuak, kontratu jakin batzuk lortzeko iruzurra egiteaz gain, beren azterketa eta gomendioekin sartu dira administrazio publikoen erdiguneraino, inolako oztoporik gabe. Enpresa horiek aholkuak ematen dituztenean, administrazio publikoak nola funtzionatzen duen ikasten dute. Gero, jakintza hori negozioak zabaltzeko eta enpresa-bazkideek administrazioari eskainiko dizkioten jardun-ildoak iradokitzeko erabiltzen dute. Harreman horretan Estatuak ez du diseinuaren funtzioa betetzen: sektore pribatua jabetu da funtzio horretaz. Jarduteko modu horrek ondorio garrantzitsuak ditu demokraziaren ikuspegitik. Arduradun politikoek kontuak eman behar dituzten bitartean, teorian behintzat aldizkako hauteskundeetan, beraiekin elkarreragiten duten sektore pribatuko ordezkariak ez dira hautatzen eta ez dute, beren akziodunen aurrean izan ezik, beste inoren aurrean konturik eman behar (eta hori ere ez dute Bill eta Melinda Gatesena bezalako fundazioek). Hortaz, lankidetza publiko-pribatua kontzeptua sektore pribatuak arlo publikoari, eremu amankomunari, egindako erasoa besterik ez da. Arazoa ez da osasuna pribatizatzen ari direla, baizik eta sektore pribatua Estatuaren jabe egiten ari dela. Lortzen dutenean ez dute ezer pribatizatu beharko. Hainbestekoa da elite kapitalistaren boterea, non ez baita disimulatzen ere ahalegintzen. 2010eko txosten batean, Foroaren helburua hauxe zela adierazi zuen: «Nazioarteko sistema lankidetza globaleko sistema zabalago eta multifazetikoago gisa birdefinitzea. Sistema horretan, gobernuen arteko lege-esparruak eta -erakundeak osagai nagusi gisa integratuta egongo dira, baina ez dira osagai bakarra izango, eta, batzuetan, ezta erabakigarriena ere». Davoseko eliteak ez du estatuaren kontrola bakarrik nahi, munduko gobernua lortu nahi du, baina aukeratuak izan gabe eta konturik eman behar izan gabe. • El problema no es que se esté privatizando la sanidad, sino que el sector privado se está haciendo dueño del Estado. Cuando lo consigan no tendrán que privatizar nada