2023 URT. 28 IKUSMIRA Peruko «Sierra», Limatik gero eta gertuago (Juan Carlos CISNEROS | AFP) Dabid Lazkanoiturburu Espainiarren konkistak ireki zuen bidea -egia esan, bertakoei itxi ziena- jarraitu zuen Peruk independentzia lortu eta gero. Orduz geroztik, hiru Peru daude: Kostaldea, Mendilerroa (“Sierra”) eta Oihana. Ameriketako herrialdeko gaur egungo krisialdi politiko larria ulertzeko orduan, Kostaldearen, batez ere Lima hiriburuaren, eta iparraldetik hegoaldera herrialdea zeharkatzen duen “Sierra”ren arteko talka kontuan hartu behar dugu. Talka baino gehiago, Limak indigena kitxuekiko eta aimarekiko duen antzinako mespretxua. Cajamarcan hasita Boliviarekin muga egiten duen Punoraino, Ayacucho eta bere garaian Sendero Luminoso talde maoista sektarioak borroka armatua egin zuen beste eskualdeak ahaztu gabe. Limatarrentzat «terrucoak» baino ez diren Sierrakoek, ordea, hiribururako bidea hartu dute, fisikoki eta politikoki, eta ez omen dute gobernuak alde egin arte etsitzeko asmorik. Argazkian Dina Boluarte presidentearen dimisioa exijitzen ari da chola talde hau. Poliziak eta militarrak lasai omen daude, irribarretsu. Baina kontuz ibil daitezela, mendeetako arrazoia baitute emakume hauek. Sierra eta Lima, hain urrun, baina gero eta gertuago.