2023 URT. 28 Zaintza Amagoia Mujika Zaintza. Aspaldiko ekintza da, betidanikoa. Baina hitzak berria dirudi. Eta hitz berriekin gertatu ohi den bezala, beldur naiz gastatu arte erabiliko dugula, azaletik gastatu, mamira iritsi gabe. Irakurketa argigarria eta benetan interesgarria izaten ari da “M ama* eme* ume*”. Zorionak Estitxu Fernandez eta Erika Lagomari. Amatasunaz eta zaintzaz, oso modu anitzean eta epaiketa kutsurik gabe. Uste dut batzuetan ez dugula amatasunaz hitz egiten epaituak izateko beldurra dugulako. Ama “onak” nolakoa izan behar duen gehiegitan entzun dugu eta apenas kabitzen da inor neurri estu horietan. Horregatik akaso lasaitasuna ematen du ama izateko modu asko daudela konturatzeak, eta denak direla ama onak eta ama txarrak, eta bi gauzak aldi berean. Gureak ere esaten du, amatasuna bizitza osorako dela. Seme-alabak handitu eta zahartu arren, haiek zaintzeko eta babesteko beharra -itolarria batzuetan- azken unera arte sentitu ohi duela amak. Zaindua izan behar duenean ere, ingurukoak zaintzen. Hori gure etxean ikusitakoa naiz. Amona zenarekin arratsaldea ospitalean eman eta haren kezka bakarra etxera joateko, umeei afaria eman beharko niela. «Zu hemen atso zahar hau zaintzen eta umeak etxean amaren zain». Eta beste emakume batzuei ere sumatu diet zaintzeko larri hori. Beren azken uneetan, zaintza behar handia dutenean, emakume asko kezkatuago egoten da «ingurukoei ematen dien lanaz» bere osasun makalaz baino. Beti besteei begira, beti besteentzat. Zein tristea den konturatzea noraino sartua dugun emakumeok bigarren mailako herritar izatearen zama hori. Hori ez da azalekoa, sustrai sendoak ditu eta azalaren azpiraino iristen da, batzuetan mina ematen duen ziztada forman. •