GAUR8 - mila leiho zabalik

Puntuak


Aldaketak datoz eta familien baitan kezkak sortu dira prozesuak ezaugarri berriak dituelako. Ireki da gure umeak Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan matrikulatzeko epea. Xedea segregazioa amaitzea da eta, horretarako, ikasleria zaurgarria hobeto identifikatu nahi da. Horraino, ondo goaz. Ez dadila inor bidean gelditu.

Eskola asignatzeko garaian puntuen banaketa aldatu da, eta hor sortzen zaizkit zalantzak. Aurrerantzean, bizilekuarekiko hurbiltasunak pisatuko du gehien. Zentroetan, kuota bat gordeko da antzeman litekeen ikasleria zaurgarriarentzat. Donostia adibide jarrita, esango nuke hiria bera segregatuta dagoela, eta errenta mailak oso bestelakoak direla auzo batetik bestera. Hala, gertutasunaren irizpidea dela eta, gela berean ez da sekula nahastuko elitea hilaren bukaerara ailegatzen ez denarekin. Segregazioa aurretik dator eta segregazio mota hori ez da aldatuko.

Aldaketak direla medio, aurretik seme edo alaba zaharrago bat eskola jakin batean izateak ez ditu lehen bezainbeste puntu emango, eta atzetik datorren haurrak ez du plaza ziurtatua izango. Eta hemen datoz komeriak. Hezkuntza Sailak esan du familien aldetik ez duela errezelorik espero. Horrela suertatuko balitz, non sustraitu? Non ehundu harreman sarea? Non sortu komunitatea? Itxaropentsua naiz, eta tragikoa bada ere, jaiotza-tasa baxuan dut konfiantza.

Era berean, haurraren egoera sozioekonomiko eta kulturalaren soslaia egiteko, familiek galdetegi bat erantzun behar dugu, nahita ez. Zenbat bainugela dituzue etxean? Zenbat auto? Prentsa irakurtzen duzue? Tranparako tartea dagoela ez dugu ukatuko. Zer erantzun bakoitzak baloratuko du.

Puntu kontua denez, ikastetxe bakar bat ez, gutxienez bi aukeratzera derrigortuta gaude. Eta B planik ez balego? Ez da errezeloa, jaun-andreok, kontziliazioaren izenean bizimodu eramangarri bat izatearen beharra baino ez. •