GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Zero denbora

Ez dugu denbora hartzen bizi izandakoa sentitzeko. (GETTY IMAGES)

Emakumeen Nazioarteko Egunerako ekitaldi batzuk antolatzen gabiltza lantokian eta bi gai aukeratu ditugu elkarrizketa baterako: indibidualismo kolektiboa eta belaunaldi gazteengana iristeko transmisio eraginkorra. Lehenengo puntuan, talde lanean emakumeen aniztasunak daukan garrantzia azpimarratu nahi dugu. Emakumeen ikuspegi ezberdinak erakutsi eta era askotako patroiak sortzearen beharraz arituko gara; alegia, ez dagoela modu bakar bat (gizonek egindako modua) ibilbide profesionalean aurrera egiteko eta emakumeak zuzendaritza postuetara iristeko. Norberaren kalitatea ahaldundu behar dugu. Arrakasta hainbat modutan definitu dezakegu, ikuspegi edo istorio ezberdinak eztabaidagai jarriz. Hausnarketa egitea ezinbestekoa da emakumeek egiten dugun ekarpena balioztatu eta komunikatzeko. Pausa egin behar dugu, gelditu eta inguruan dauzkagun pertzepzio eta ezarritako lege zurrunak hautsi. Hori egin ezean, kopiatu egiten dugu, eta kopiatzeko dauzkagun eredu askok atzerapausoak ematera bultzatuko gaituzte. «Ezin dut lan hori egin, A gizonak bidaiatzen ematen duelako denbora osoa eta ez delako bateragarria nire amatasunarekin»; «ez dut gaitasunik beste lan hori egiteko, B gizonak duen esperientzia ez daukadalako», eta horrelako beste hainbat testigantza ezagunak egingo zaizkizue.

Transmisioaren inguruan, lantokian (eta beste hainbat eremutan) gauden unera iristeko egin den lanaren errekonozimendu falta nabaritzen dugu. Urteetan zehar hainbat emakumeren militantzia etengabearengatik gaude oraingo egoeran. Unibertsitatetik atera berri diren neskak etorri ziren urtarrilean praktikak egitera, eta ez daukate orain arte egin den lanarekiko estimaziorik eta askotan ezta kuriositaterik ere (edo astirik) erreferenteak izan direnei buruz informatzeko. Orain ia edonor bihurtu daiteke pseudo-feminista edo langile borrokalari, plataforma eta oihartzun izugarrizko kanaletan ahotsa jarriz. Gure esku dago transmisio hori gertatzea, kontzientzia hori berpiztea.

“Zero denbora” kontzeptua deitzen dio nire lagunak. Nik ez nion etiketa hori jartzen, baina benetan ongi islatzen du gertatzen ari zaiguna, bai laneko testuinguruan bai, oro har, gure bizitzetan. Alegia, ez dugu denbora hartzen egindako zerbait estimatzeko, lortutako arrakasta bat gozatzeko edo bizi izandako une gogor bati buruz gogoeta egiteko. Aldiz, hurrengo gauzara pasatzen gara, bizitzak aurrera jarraitzen duelako, gero eta abiadura handiagoan, eta norberaren normaltasunak aurreko guztiak estaltzen dituelako ohartzerako.

Bidaietara joaten gara, familiarekin une bereziak pasatzen ditugu, lagunak elkartzen gara urtean behin egiten ditugun irteeretan. Oroitzapenak gelditzen zaizkigu, argazkien moduan, denak telefonoko karpetetan banatuta eta hainbat whatsapp mezutan sakabanatuta. Ez dugu bidaiaren osteko sentimenduez behar beste hitz egin, ez genuen familia guztia elkartzeak daukan garrantziaz hitz egin. Esfortzu hori egitea falta zaigu.

Sedimentazio lan baten faltan, bidean gelditzen dira une horretan garrantzitsuak ziren hainbeste ñabardura. Indibidualismo kolektiboaren ordez, banakako indibidualismoa daukagu, azaleko transmisio batean dantzan. •