GAUR8 - mila leiho zabalik

Zomorro bat

Gorputza nola estali erabaki ezinda gabiltza. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Auzoko bazarrean batzartuta harrapatu gaitu otsaileko haize aldaketak. Karroak oihal, maskara eta ileordez beteta dabil jende serioa, inauterietarako prestaketa nekosoan. Norbere originaltasunak apal berera eramaten gaitu denok, nonbait. Gorputza nola estali ezin erabakita gabiltza, azalari kapak eranstea eranzteko modu bat ere badela gure buruari sinetsarazi nahian. Urtean behingo jolas bat dela hau; azal-aldaketa bat, aldartearen erakusgarri izan nahi lukeena. Negualdi luze eta ilunaren ondoren prest gaudela berriz udaberritzeko; irrikaz gaudela eguna motz eta gaua luze den garai hau pasatuta, gu ere etxe-zulotuta eta gure berogailu garestiegien aldamenean ia lurrunduta egon eta gero, berriz ere munduari gure benetako azala erakusteko. Festan garela benetakoen, elkarrekin nahasian, sinbiosian. Urteko gainerako egunetan Kafkaren labezomorro haren parekoak garela; inguratzen gaituen munduak azal-gogortuta eta zomorrotuta ibiltzen garela.

Inauteri garaia baita, baina garaia ere bada nahiko inauteri, nonbait. Aspaldi hasi ginen aro eta ziklo aldaketez hizketan. Tarte horretan desagertze masibo batzuk ere gertatu dira; gurea, adibidez. Adinaren piramideari eskailera-maila bat desagertu zaio. Gazte asanblada, jai batzorde eta edozein mugimendutan puntaren puntan genbiltzanak desagertu egin gara mundutik. Noizean behin burua ateratzen dugu ordaindu ezinik gabiltzan gure etxeko leihoren batetik kanpora. Berehala ezkutatuko gara berriz ere babesera, ordea. Beste jende bat ikusten dugu gu ibiltzen ginen tabernetan; beste hitz batzuk guk kapitalizatzen genituen batzarretan; beste begirada batzuk munduaren ibilian. Eta haserre aldarrikatzen dugu hau ez dela guk amestu genuen mundua. Lekuz kanpo bezala gabiltza edonon, heldu izateko gazteegi eta gazte izateko helduegi, ez han eta ez hemen. Mundua aldatu nahi genuen, baina nahiko lan dugu orain daukagunari eusten: KPIa eta alokairua eta haurrak urtebetetze egunerako eskatu duen Goazen-en kamiseta. Arazoak handitu ote diren edo gu ote garen txikitu garenak, horixe zalantza. Lehen mundua genuen gudu-zelai. Orain etxea eta lantokia badira nahiko bataila, hankak lubaki gehiagotako lokatzetan sartzeko. Orain arte bizi izan duguna gero etorriko dena baino hobea izango dela diote iragarpen guztiek, eta hortxe gabiltza, daukagunarekin pozik ez, baina konformatuta. Adinak kontserbadore bihurtuko gintuela esaten ziguten zaharragoek, baina erru guztia ezingo diogu adinari bota.

Halaxe gabiltza, ziklo aldaketa gora eta aro aldaketa behera, bizi garen mundu narrasti honi azala noiz aldatuko ote zaion zain, orain baino lehenago ere aldaketak izan direla ahaztuta gure jantziak bizi dugun mundura egokitu ezinda, auzoko bazarrean inauterietarako mozorro bila. •