2023 MAR. 04 Ariketa Maider Iantzi Zure egonarri eta isiltasuna, bizi luze eta ugalkortasuna, zerbait sakratua duzu. Zenbat iheslari babestu ote duzun, arrazoiarekin edo gabe akusatutako zenbat. Mespretxatua zara, mugitzen eta mintzatzen ez zarelakoan, baina ez da egia. Bertzerik da gure zentzumenak nola, norantz ditugun. Zerbait egin orduko, egiten dugun hori iragan bilakatzen da. Dena gertatua dela dirudi. Baina zuk, natura zarenez, fosilizatzeari uko egiten diozu. Gu ere, zure gisa, natura gara, Lurra txiki gelditu zaigun arren. Planeta ez da edonola erabili eta nola uzten dugun kezkatu gabe abandonatu dezakegun objektu bat; hor dago, eta natura bera baino gehiago harekiko dugun jarrera dago arriskuan. John Fowlesek badu saiakera bat zuri eskainia, “Zuhaitza” (The Tree, 1979). Bertan, arbolaren eta sorkuntzaren arteko lotura arakatzen du. Dioenez, gauero itzultzen gara kaos berdera, basoen sakonuneetara. Gutako bakoitza hosto berezi batzuen gibelean ezkutatzen da eta horietatik esperimentatzen du. Horregatik, ezin da edozein arte motak praktikatzean edo ezagutzean sortzen digun poz betea erakutsi. Horregatik, edozein artelanetan ordezkaezina ez da teknika, ezta ofizioa ere, artistaren sentsibilitatea eta izaera baizik. Ez sormena, ez natura, ezin dira esplikatu. Ustekabekoak eta ausazkoak dira; makinen aurkakoak, alegia. Edozein artetan, gure parte basatienaren aldera erretiratzen gara, gordea, kontrolatua eduki ohi dugun zati horretara. Leku konplexua da, ekintza baino gehiago ahalmena. Zutabe hau ere ariketa hori da, askatasunaren bilaketa. •