GAUR8 - mila leiho zabalik
{ PROFILA }

Rita O'Hare, «Sinn Feinen motorra» eta bake-prozesuaren funtsezko bultzatzailea

Rita O´Hare eragin handiko ekintzaile errepublikanoa izan da. (GAUR8)

Rita O'Hare (Belfast, 1943) militante errepublikanoa pasa den ostiralean hil zen Dublinen, 80 urte zituela. 1998az geroztik Sinn Feineko zuzendaritzako kide izan da eta alderdiaren ordezkari gisa aritu da AEBetan. Ostiral Santuko Akordioak lortzeko negoziazioetan eginkizun garrantzitsua izan zuen O'Harek.

«Abertzale sutsua izan zen, Sinn Feinen eta Irlandako borroka errepublikanoaren motorra». Horrela definitu du Mary Lou McDonald Sinn Feineko presidenteak Rita O'Hare, azken hamarkadetan mugimendu errepublikanoaren kide garrantzitsuenetako bat izandakoa. Alderdiaren modernizazioan funtsezko eginkizuna izan zuen Rita O'Harek. Bake-prozesuan ere bere lana giltzarria izan zen; besteak beste, Ameriketako Estatu Batuetako Administrazioko goi-ordezkarien artean babes handia lortu zuelako.

Lau seme-alabaren ama zen, amona eta birramona, O'Hare Dublingo bere etxean hil zen martxoaren 3an.

Bizitza osoa militatzen

Rita O'Hare Belfasten jaio eta hazi zen. Ama, Maureen, Belfast Ekialdeko Ballymacarett (Short Strand) eremu nazionalistatik zetorren, eta aita, Billy, protestante sozialista zen, aita ingelesa eta ama galestarra zituena.

O'Harek eskubide zibilen aldeko kanpainan parte hartu zuen eta, geroago, Gobernu britainiarraren errepresioaren aurkako erresistentzian. 1970eko hamarkadaren hasieran, Belfastetik ihes egin behar izan zuen bere militantzia errepublikanoagatik.

Izan ere, 1971ko urrian atxilotu egin zuten Frazer Paton britainiar armadako ofizialordea hiltzen saiatzea leporatuta, eta fidantzapean aske geratu ondoren, Dublinera ihes egin zuen bere senarrarekin, Gerry O'Harerekin (Belfasteko IRAko kide ohi eta kazetaria). Ordurako hiru seme-alaben gurasoak ziren. Dibortziatu ondoren, Dublinen bizi zen Brendan Brownly errepublikanoarekin ezkondu zen.

Irlandako hiriburuan, irlaren batasunarekin konprometitutako ekintzaile errepublikanoa izaten jarraitu zuen. Gainera, O'Harek hiru urteko kartzela zigorra bete zuen Limericken, lehergaien kontrabandoa leporatuta, eta 1979an askatu zuten. Estraditatzeko britainiar saiakera bat blokeatu zuen Irlandako Auzitegi Gorenak 1978an, eta ustezko delituak argi eta garbi politikoak zirela ebatzi zuen epaian.

AEBetan eragina

Belfastera itzuli ordez, O'Hare Washingtonera joan zen, Sinn Feinek AEBetan zuen ordezkari nagusi gisa. ‘An Phoblacht’ aldizkariaren editorea ere izan zen eta Sinn Feineko publizitate zuzendari eta idazkari nagusia.

Funtsezko figura izan zen Rita O'Hare AEBen babesa lortu eta mantentzeko; batik bat, bake prozesuaren urte erabakigarrietan. Izan ere, demokraten nahiz errepublikanoen administrazioetako ordezkariekin eskuz esku lan egin zuen. O'Hare oso errespetatua zen irlandar diasporan, eta agintari ohi askok bisitatu zuten azken asteetan zehar.

Nazioartean Sinn Feinek ateak itxita zeuzkan garaian, O'Harek bide berriak zabaltzeko lan egin zuen. Adibidez, bake akordioen aurretik Gerry Adams AEBetara sartu ahal izateko lan diplomatiko handia egin zuen: 1994. urtean lortu zuten lehenbizikoz, Bill Clinton AEBetako lehendakari zenean. Ez hori bakarrik, Gerry Adamsek mundu osoko agintariekin izandako bilera askotan O'Hare zen giltza. Hain zuzen, buruzagi errepublikanoak bien arteko kidetasuna eta maitasuna azpimarratu du.

Jazarpena, etenik gabe

Nazioartean lan egin arren, O'Hareren aurkako jazarpen politikoa ez zen eten. Errepublikanoek «sekurokrata» deitzen zituztenek beti izan zuten buruan bera atxilotu eta kartzelaratzea. O'Harek Belfastetik ihes egin zueneko auziak itxi gabe zeudela salatzen zuten unionistek.

Adibidez, Jonathan Powellek, bake-prozesuan britainiar ordezkaria zenak, Belfastera ez itzultzeko iradoki zion, atxilotzeko arriskua zegoelako. Horregatik unionistek Powell bera jazarri zuten. Negoziatzaile britainiarrak, ordea, argi erantzun zuen O'Hare negoziazioetan errepublikanoen ordezkaria zela eta hori babestu behar zela; hura atxilotuz gero, Adamsek eta gainerakoek ziria sartu zietela pentsatuko zutela gaineratu zuen, eta hori ez zela bidezkoa.

Errepublikanoen miresmena

«Egun tristea da Irlanda osoko errepublikanoentzat eta Ritaren lagun ugarientzat, muga hauetatik haratago, bereziki AEBetan. Baina, batez ere, galera ikaragarria da Ritaren senarrarentzat, Brendanentzat, Terry, Frances, Rory eta Ciaran seme-alabentzat, bilobentzat, birbilobentzat, Alan anaiarentzat eta, oro har, familiako kideentzat», nabarmendu du Mary Lou McDonald-ek.

«Rita O'Hare eragin handiko ekintzaile errepublikanoa izan da hamarkadetan, eta figura garrantzitsua Irlandako bake-prozesuan. Sinn Feinen zuzendaritzako kide izan zen alderdiaren garapenaren etapa garrantzitsuetan eta bake-prozesuaren etapa erabakigarrietan. Ritak bultzada, energia eta gaitasun handiz lan egin zuen Irlandaren batasunaren alde, gizarte bidezkoago baten alde eta bakearen alde», gaineratu du errepublikanoen buruzagiak.

Alderdiko presidentearen arabera, «Rita pentsalari politiko argia eta estrategikoa izan zen», baita «komunikatzaile bikaina eta publizista trebea» ere. «Lehen lerroan egon zen eta Sinn Fein gaur egungo alderdi politiko moderno, arrakastatsu eta herrikoia izatea ahalbidetu zuen. Ritak bilakaera horretan izandako funtsezko zeregina bere ondare politiko iraunkorra izango da».