GAUR8 - mila leiho zabalik
KUNSTHAUS MUSEOA

Naziek lapurtutako artelanak jatorrizko jabeei itzultzeko bidea bultzatu nahi dute

Emil Buhrle nazien garaiko arma saltzaile alemaniarraren arte bildumak sortu duen polemikari erantzunez, Zuricheko Kunsthaus museoak bere artelanen jatorria ikertzeko adituen nazioarteko batzorde bat martxan jarriko duela jakinarazi du. «Museo gisa, erantzukizun sozial handia dugu», ohartarazi du kargua urtarrilean hartu zuen Ann Demeester museoko zuzendari berriak.

Emakume bat, museoaren ate paretik igarotzen. (Arnd WIEGMANN | AFP)

Zuricheko Kunsthausek, Suitzako arte ederretako museorik ospetsuenetakoak, aurreko astean adierazi zuenez, bere bildumako zenbait lanen jatorri zalantzagarria argitu nahi du, naziek konfiskatutako ondasun kulturalak izan daitezkeelakoan.

Ann Demeester belgikarrak, urtarrilaz geroztik Kunsthauseko zuzendari lanetan ari denak, Bigarren Mundu Gerran naziek espoliatutako artearen herentziaren auzi arantzatsuari heldu nahi dio horrela. Demeesterrek Frans Hals herbeheretarraren lekua hartu zuen museoaren zuzendaritzan urte berriarekin batera.

Museoak bi urte daramatza Bigarren Mundu Gerran aberastutako Emil Buhrle arma saltzailearen bildumaren inguruko polemikarekin, eta orain «nazio mailan nazien jazarpenaren baitan konfiskatutako ondasun kulturalentzako batzorde independente bat ezartzeko ahalegina» babestu nahi du, agiri batean azaldu duenez.

Batzorde hori martxan jarri bitartean, museoaren bildumaren jabe den Zuricheko Arte Ederren Elkarteak «adituen nazioarteko batzorde bat eratuko du 2023ko udazkenerako» jatorriz zalantzazkoak diren obrei buruzko ikerketa egiteko.

Jatorria bilatzeko estrategia berri honek naziek zuzenean konfiskatutako ondasun kulturalak hartzen ditu kontuan, baita «’hirugarren herrialde seguru’ deituetan, nazien eragin eremutik kanpo, adibidez Suitzan, migratutako pertsonek saldutako artelanak» ere.

«Gure helburu nagusia beti izan behar da gure lanen jatorria modu profesionalean egiaztatzea eta irtenbide justuak eta bidezkoak ahalbidetzea, nazien jazarpenaren baitan konfiskatutako kultura ondasunak izatearen zantzuak daudenean», adierazi du Philipp Hildebrand Zuricheko Arte Ederren Elkarteko presidenteak, Suitzako Banku Nazionaleko presidente ohia ere badenak.

«Prozesu konplexua eta luzea dela ohartzen gara: lan bakoitzak bere historia du, eta horrek kasu berezi bihurtzen du», adierazi du.

Renoir, degas, Monet...

Museoak bere bildumaren inguruko ikerketari emango dio lehentasuna, erosketa berriak barne, artelan horien jatorriaren bila. Adibidez, 1945 baino lehen sortutako bildumako obren jatorriari buruzko azterketa sistematikoa egingo du; 1933ko urtarrila eta 1945eko maiatza bitartean jabez aldatu zirenena, batez ere.

«Museo gisa, erantzukizun sozial handia dugu», esan du Ann Demeester zuzendariak, «eta horregatik uste dugu funtsezkoa dela ikuspegi proaktiboa eta ahalik eta gardenena izatea ikerketan». Baina, azpimarratu duenez, «balizko emaitzei erantzuteko modua ikerketa bera bezain garrantzitsua da».

Bisitari bat, Emil Buhrleren bildumako “Ilunabarrean ereiten duena” koadroari begira (Arnd WIEGMANN / AFP)

Museoak kritikak jaso zituen 2021ean Buhrleren bilduma modu iraunkorrean gordetzeko hegal bat ireki zuenean. Emil Buhrle (1890-1956) jatorri alemaniarreko enpresa gizona izan zen, 1937an suitzar nazionalitatea lortu zuena.

Arma saltzaile hark arte bilduma zabala osatu zuen, eta baliteke bertako zenbait lan juduei espoliatuak edo haien jabeek naziengandik ihesi premiaz salduak izatea. Susmoa dago Hitlerren erregimenak lapurtutako lanen erosle garrantzitsua izan zela.

Buhrle Fundazioak berak baieztatu zuen, adibidez, bildumako 13 koadro Frantziako jatorrizko jabe juduei lapurtutakoak zirela. Bigarren Mundu Gerra ondorengo prozesu judizialen ostean, Buhrlek, 1940ko hamarkadan, 13 obra horiek itzuli zizkien legezko jabeei, eta, ondoren, horietatik bederatzi berrerosi zituen, fundazioaren arabera.

2015era arte, bere bilduma -Manet, Renoir, Degas, Monet, Sisley, Cezanne, Toulouse-Lautrec, Picasso, Braque, Van Gogh eta Gauguinen lanak biltzen dituena- Zuricheko erakusketa pribatu batean zegoen ikusgai, baina 2008an XIX. mendeko lau artelanen lapurreta sonatu bat izan zen eta horrek bultzatu zuen Suitzako museoa bilduma lekuz aldatzera.

Demeesterrek azpimarratu duenez, «jatorria bilatzea konplexua dela onartu behar da, kasu bakoitza bere aldetik aztertu eta ebaluatu behar baita» akatsik ez egiteko.

Kunsthaus museoa aspalditik dago justiziaren jopuntuan. 2021ean, adibidez, Miriam Cahn artista garaikide suitzar ospetsuak museo horretan ikusgai zeuden bere lan guztiak erretiratzeko eskatu zuen, tokiko hedabide batean egindako elkarrizketan.

Nazien jazarpenetik ihes egindako juduen alaba da Cahn, 1949an Basilean jaioa, eta salatu zuen museoak ez duela bere historia ordezkatzen. Zehazki, artelanak jatorrian saldu ziren prezio berean erosteko aukera ematea eskatzen zuen Cahnek, horrela benetako jabeen eskuetara itzuli ahal izateko.

Antzeko kasuak

Zurichekoa ez da naziek modu bidegabean bereganatutako artelanekin izandako lehen polemika. 2014an, adibidez, zeresan handia eman zuen Berna (Suitza) eta Bonneko (Alemania) museo banatan nazien garaiko arte bildumagile baten seme Cornelius Gurlittek ezkutatutako ehunka artelan erakutsi izanak.

Orduan, Municheko auzitegi batek ebatzi zuen Gurlitt, 2014an hil zena, bere ahalmenen erabilera betean zegoela 1.500 lan inguruko bilduma Bernako Kunstmuseum ospetsuari eman zionean, zeinak konpromisoa hartu baitzuen bildumagile juduei arpilatutako edozein lan itzultzeko. Bildumak 1.500 koadro inguru ditu -Picasso, Matisse, Chagall eta Nolderen lanak, besteak beste-, eta arte merkatuan 1.348 milioi dolar inguru balio lezake.

Kunsthaus museoko beste irudi bat. Koadroa Paul Cezanne-en "Txaleko gorridun mutila" da, Buhrle bildumakoa hori ere. (Arnd WIEGMANN / AFP)

Cornelius Gurlitten aita Hildebrand Gurlitt izeneko bildumagile alemaniar ezaguna zen, «arte degeneratutzat» hartu izanagatik naziek konfiskatu zituzten margolan horiek lortu zituena. Gurlitt gazteak Municheko bere apartamentuan eta Salzburgoko (Austria) etxe batean ezkutatu zuen bilduma.

Aurkikuntzaren ondoren, arpilatutako arteari buruzko lantalde bat osatu zuen Alemaniak, baina bi urte pasatu eta ia bi milioi dolar bideratu ondoren, obren legezko bost jabe baino ez zituen aurkitu. Bernako erakusketari ‘Gurlitt dosierra: arte degeneratua, konfiskatua eta saldua’ izena jarri zioten; Bonnekoari ‘Gurlitt dosierra: nazien artearen lapurreta eta haren ondorioak’.

Presioa handitzen ari da nazioartean, jabeen balizko oinordekoek naziek atzemandako lanak berreskura ditzaten.