2023 API. 01 ITALIAKO MAFIA GAZTEENA Agintariak serio hartzen hasi dira Foggiako mafia, gazteena eta bortitzena Foggiako mafia, Italiako gazteena, itzalean egon da luzaroan, baina hainbat kolpe jaso ditu azkenaldian. Penintsulako erakunderik bortitzena da, eta gainerako erakunde kriminalak nolabait indarkeria estaltzen saiatzen ari diren arren, Foggiakoa primitiboa da oraindik ere. Gainera, gazte delikinkuentzia giroan hazten ari da. Lazzaro D’Auria enpresaria, mafiak erretako bere ibilgailu baten aurrean. (Alberto PIZZOLI | AFP) GAUR8 Lazzaro D'Auriaren burua apuntatzen zuen arma kargatu batek baino ez zuen lortu Apuliako nekazariak, azkenean, mafiaren eskaerei amore ematea. Aurretik hainbat estortsio-saiakerari eutsi zien. Bere ezezkoen ondorioz jabegoak eta laboreak kaltetu zizkioten, baina armatutako dozena bat gizonek tomate soroetan egindako bisitak konbentzitu zuen, azkenean, urtean 150.000 euro ordaintzeko. Ondorengo egunean, hala ere, ordaindu beharrean, Poliziara jo zuen: Foggia hiriko mafiaren aurkako salaketa bat jarri duen biktima bakanetako bat bihurtu zen. Babes poliziala du orduz geroztik, 2017. urtetik. Erakunde kriminal hau itzalean egon da luzaroan, baina gaur egun nabaria da penintsulako erakunde bortitzena dela. «Aurrerantzean herritar gehiago inplikatuz gero, tokiko mafia ahuldu liteke. 40 urtez, Foggiako mafiak eragozpenik gabe jardun du, baina azken sei edo zazpi urteetan ezbeharrak izan ditu», azaldu dio AFPri Lazzaro D'Auriak. «Foggiako biztanleak, salatu!», erregutzen du 57 enpresari horrek. Bere ustez, azkenaldian poliziak egindako sarekadek adierazten dute mafiari aurre egin dakiokeela, baldin eta biztanleek beldurra gainditzen badute. Denbora luzez agintariek gutxietsi egin dute erakunde hau eta klanen arteko liskar odoltsuetan murgildutako landa-fenomenotzat hartu dute. ‘Laugarren mafia’ hau (beste hirurak Siziliako Cosa Nostra, Calabriako Ndrangheta eta Napoliko Camorra dira), azkenean, serio hartu dute. Italiako mafiarik gazteenak kontrolpean zuen Foggia probintzia handia, Italiako hegoaldean: droga-trafikoa, lapurreta armatuak, autoen lapurretak eta estortsioa. «Mafia primitiboa da, oso bortitza, oso oldarkorra», dio Ludovico Vaccaro Foggiako fiskalak. Mafia nagusiek beren jarduna indarkeria ekintza hain agerikoak ez dituzten eta errentagarriagoak diren ekimenetara bideratu duten arren, baita legezko ekonomiaren esparruan ere, Foggiako mafia lehen fasean dago oraindik. «Mafiek bilakaera izan dute: tiro gutxiago botatzen dituzte, oharkabean pasatzeko estrategia zuhurrago baten bila dabiltza», azaldu du Vaccarok. «Bitartean, mafia honek tiroak ematen ditu eta hil egiten du bere lurraldearen gaineko kontrola baieztatzeko». 'Foggiako mafia' izena formula orokor bat da, hainbat sektore kriminaletan parte hartzen duten taldeak biltzen dituena. Foggia probintzia, Adriatikoa menderatzen duen Garganoko muinotik barnealdeko nekazaritza lautadetaraino hedatzen da eta Italiako hirugarren postuan dago hilketa tasan. Iazko 16 hilketetatik bost mafiarekin lotuta zeuden. Familia loturak oinarri hartuta eratutako «batailoiak» -bakoitzak eremu geografiko bat kontrolatzen du- askotan lankidetzan aritzen dira eta estortsioaren irabaziak partekatzen dituzte kideei ordaintzeko eta espetxean daudenei laguntzeko. «Legez kanpoko irabazi horiek banatzeagatik gatazkak sortzen direnean (...) batailoiek talka egiten dute eta elkar hiltzen dute», azaldu du Mario Grassia Foggiako polizia-ofizialak. Ludovico Vaccaro, Foggiako fiskala (Alberto PIZZOLI / AFP) Talde bakoitzak bere espezialitatea du: Cerignola eremuan, adibidez, karga-kamioien arma bidezko lapurretak zein, ordaintzeko zalantzan dauden jabeak konbentzitzeko, erakusleihoak edo ibilgailuak lehergailuz erasotzea. San Severo inguruan, D'Auria bezalako nekazariei, askotan, olibondoak moztu, uztak erre edo abereak lapurtzen dizkiete. Garganoko kostaldean, non turistak ibiltzen diren eta Albaniako droga kargamentuak lehorreratzen diren, mafia bereziki bortitza da. Duela lau urte, giza burezur bat utzi zuten udal eraikin baten aurrean, Monte Sant 'Angeloko alkateari mezu bat bidaltzeko. Urte berean, ahuntz baten burua, daga batez zeharkatua, bidali zioten mafiak desagerrarazitako biktima baten amaren abokatuari. Ikertzaileek diotenez, Garganoko mafia biktimei aurpegian tiroa emateagatik da ezaguna, baina baita gorpuak lurpeko kobazuloetan uzteagatik ere. Foggiako poliziarekin egindako patruila batean, AFPk urteetan zehar herritarrak ikaratu zituzten krimen odoltsu askoren aztarnak ikusi zituen: 1992an, mafia publikoki salatzen lehena izateagatik, Giovanni Panunzio eraikuntzako enpresaria tiroz hil zuten tokia; lursail abandonatu bat, non 2022. urtean poliziak zapuztu zuen enpresari bati egindako erasoa edo kafetegi bat, non, 2020an, lapurreta batean, jabea hil zuten begian labankada emanda, esaterako. Baina horrelako beste toki asko daude. «Gaur egun, ez dago mafia-gerrarik, kontuak garbitzea baizik», dio polizia batek, anonimotasun baldintzapean. Azaroan, 21 urteko Nicola Di Rienzok bost tiro jaso zituen parke publiko batean. Ordu batzuk geroago, 17 urteko hiltzaileak bere burua poliziaren esku utzi zuen, baina bitartean «inork ez zuen hitz egin, inork ez zuen ezer ikusi, inork ez zuen ezer entzun», kontatu du. Mario Grassia polizia-ofiziala bereziki kezkatuta dago 2022an hiru hilketa adingabeek egin zituztelako, gazte delinkuentziaren testuinguru gero eta handiago batean. «Nerabe talde horietako kideek familia loturak dituzte krimen antolatuarekin lotutako pertsonekin», adierazi du. Beste alderdi kezkagarri bat: mafia erakunde publikoetan infiltratzen ari da. Foggiako Udala mafiaren infiltrazioagatik desegin zuten 2021ean, eta alkatea atxilotu zuten ustelkeriagatik. Probintziako beste lau udal kontseilu desegin dira 2015etik. Nicola Di Rienzoren omenezko loreak, Foggiako parke batean: 21 urteko gazte hori adin txikiko batek hil zuen azaroan. (Alberto PIZZOLI / AFP) Azken urteotan, hainbat mafiaburu espetxeratu dituzte agintariek, mafiari lurraldearen kontrola kentzeko egin dituzten ahaleginen ildotik, baina oraindik ere lan handia dago egiteko. Matteo Piantedosi Barne ministroa Foggiara joan zen martxoaren hasieran, herritarrak lasaitzera, eta segurtasuna indartuko zuela agindu zuen, bereziki urruneko zaintza kamerak jarriz. Dena dela, Fiskaltzaren arabera, polizia, epaile eta auzitegi gehiago ere behar dira; hain zuzen ere, «beldurraren, larderiaren eta pobrezia soziokulturalaren giroaren» aurka borrokatzeko. Probintziak epaitegi bakarra du, eta 12.000 kasu penal daude epaiketaren zain. «Lurralde zabal honetan, edo Estatuak kontrolatzen du egoera, edo delitugileek egingo dute», ohartarazi du Ludovico Vaccaro fiskalak. Udan, D'Auriaren zereal soroek su hartu zuten; bere traktoreetako hiruk ere bai. Are okerrago, bere hitzetan, orain bankuak kreditu-lineak erdira murriztu dizkio, «arrisku handiko» bezerotzat jotzen duelako. Hala eta guztiz ere, itxaropen-distirak ikusi nahi ditu Lazzaro D'Auriak berriki egindako atxiloketetan eta ezarritako zigorretan, seinale direlako Estatua azkenean mafiaren aurka mobilizatzen ari dela. «Lehen baino seguruago sentitzen naiz, baina beldurrak hor dirau beti», dio. Foggia hiriko kaleak (Alberto PIZZOLI / AFP) ITALIAKO LAU MAFIA TALDEAK Hollywoodek ospea eman zion Cosa Nostra Siziliako mafiari, baina Italian beste erakunde kriminal batzuk daude, eta hegoaldeko Apulian ezarritako ‘laugarren mafia’ gazteena eta bortitzena da. Cosa Nostra «Mafia» aipatzerakoan, jende gehiena Cosa Nostran oinarritutako “Aitabitxia” filmarekin gogoratzen da. Hamarkadetan zehar, Siziliako mafiak Italia ikaratu du atentatu eta erailketen bitartez. Komunikabideetan, ezagunenak Giovanni Falcone eta Paolo Borsellino epaileen kontrakoak izan ziren, 1992an egindakoak. Baina eraso horiek Estatuaren errepresio gogorra eta bere buruzagi historikoen atxiloketa ekarri dute. Horien artean, urtarrilean, Matteo Messina Denarorena, 30 urtez ihes eginda egon ondoren. Azken urteotan, Cosa Nostra hain odoltsua ez den estrategia bati ekin dio, legezko ekonomian, administrazio publikoan eta bertako enpresetan sartzeko, eta atzerrian harremanak ditu, batez ere New Yorken, mafiaren aurkako ikertzaile italiarren azken txostenaren arabera (DIA). Ndrangheta Calabria eskualde txiroan (hegoaldean) errotuta, Ndrangheta, garai batean landa eremukoa izandakoa, Italiako mafiarik aberatsena eta boteretsuena da gaur egun, eta mundu mailan gero eta hedadura handiagoa du, 40 herrialde baino gehiago hartzen baititu. Ndranghetako familia klanen sarea droga trafikoan oso sartuta dago eta Europan sartzen den kokaina gehiena kontrolatzen du. Taldea Hego Amerikako droga ekoizleen «lehentasunezko bazkidea» da, DIAren arabera. Drogen legez kanpoko irabaziak, estortsioarenak eta merkatu publikoetako iruzurren bitartez lortutakoak zuritu eta berriro inbertitzen dira legezko ekonomian: higiezinetatik hasi eta finantzetaraino. Ndranghetako hiltzaileek iraganean biktimak zementuan hondoratu edo azidoan disolbatzen zituzten arren, diskretuagoak dira orain. 2021ean, Ndranghetako 300 akusatu baino gehiago, ustezko kideak edo gertukoak, biltzen dituen makro-epaiketa hasi zen eta agerian geratu da ustez mafiarekin lotura duen politikari, abokatu eta enpresarien sare bat. Mafiaren kontrako eta biktimak oroitzeko manifestazioa, Milanen (Merton BARTORELLO / AFP) Camorra Camorrak Campania eskualde osoan eta bertako hiriburu Napolin jarduten du eta bere klanek hainbat eremu geografiko kontrolatzen dituzte. Camorra ez da familiaren nukleoan oinarritzen, Ndrangheta bezala, eta horrek eztabaida ugari sortzen ditu klanen artean. Klanek ez dute arazorik nerabeak erabilita Napoliren inguruko nagusitasunari eusteko. Italiatik kanpo, Camorra 2006tik aurrera egin zen batez ere ezaguna, Roberto Savianoren liburuarekin: "Gomorra". Pantaila handi eta txikira egokitua, mafiak Scampian, Napoliko auzo batean, egindako ekintzak kontatzen ditu liburuak. Scampia Europako aire zabaleko droga merkaturik handienetakotzat jotzen zuten garai batean. Narkotrafikoaz, lizitazioetan parte hartzeaz edo tokiko erakunde publikoetan infiltratzeaz gain, Camorrak parte hartze handia izan du Napoli inguruko eremu zabalak kutsatu dituzten hondakin toxikoen legez kanpoko kudeaketan. Italiatik kanpo, Camorrak Espainiako droga trafikoarekin eta diru zuriketarekin lotutako interes gehienak ditu. Foggiako mafia Batzuetan Italiako ‘laugarren mafia’ izendatu dute Foggia probintzia zabalean jarduten duen talde kriminal hau, hegoaldeko Apulia eskualdean. Herrialdeko mafiarik gazteena da. Camorran du jatorria. Gaur egun, agintariek uste dute Italiako mafiarik bortitzena dela. Tokiko enpresa eta nekazarien estortsiotik, Albaniatik iristen den droga trafikotik edo indar bidezko lapurretetatik lortzen ditu diru sarrerak. Foggiako mafiak erakunde publikoak infiltratzea lortu du duela gutxi, eta gazteen delinkuentzia maila altuak probintzia honetako biztanleen segurtasunik ezaren sentsazioa areagotu du. Mafia erakunde publikoetan infiltratu da. Foggiako Udala 2021ean desegin eta alkatea atxilotu behar izan zuten. Probintziako beste lau udal kontseilu desegin dira 2015etik Foggia probintzia, Italiako hegoaldean, herrialdeko hirugarren postuan dago hilketa tasan. Iaz egindako 16 hilketetatik bost mafiarekin lotuta zeuden