GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Arkeologoak ala akelarrea

Ilustrazioa: JONBI EGURTZEGI

Abiadura Handiko Trena berriro notizia izan da. Gasteiztik hurbil, galtzada erromatarra eta gune neolitikoa dirudiena bisitatzeko aukera eman dute, obren harira topatu dituzten aztarnak direla eta. Obren azpian geratuko dira suntsituta, biak ala biak. Ez dugu izan aurkezpen instituzionalik edo propaganda ekitaldirik. Ez ei da notizia garrantzitsua.

Hala ere, jakitun Neolitoaren eta erromanizazioaren arteko Euskal Herrian, batez ere Ebro haranetik iparraldera, datu gutxi eta sakabanatuak ditugula, bereziki esanguratsuak begitantzen zaizkit niri, gutxienez, halako aztarnategiak. Kontakizuna erabat arrakalatua baitago eta horrek espekulazioak eta XIX. mendekoak diruditen ideia fantastikoak haizatzea errazago egiten baitu, euskaldunak zuzenean jentilengandik Orreagara joan bagina bezala.

Baina, bai neolitizazio prozesuak bai erromanizazioak jende taldeen mugimenduarekin eta jatorri ezberdinetako populazioen uztarketekin harremana dute. Zein puntutaraino izan ziren gatazkatsuak? Egon zen populazioaren ordezkapenik? Nolakoak izan ziren akulturazio prozesuak? Ederki adierazi zuten “Euskara Jendea” dokumental sortan. Galdera ez da zer nolatan iraun zuten euskaldunek isolaturik beren hizkuntza mantenduz. Baizik eta zer dela eta mantendu den euskara zibilizazioen bidegurutze izan den eremu batean, haren familiako hizkuntza guztiak desagertu diren bitartean.

Zentzu horretan, lehen uneko euforia puntua baretuta, Irulegiko aztarnategia eta han topatutakoa ere baloratu beharrean gaude. Hain zuzen ere, Erromatar Inperioaren iritsieraren, gerren, erromanizazioaren eta hizkuntzaren inguruko galderei erantzuteko pistak eskain baititzake. Badirudi berriro mahai gainean jartzen ari dela, kontu handiz egin behar den arren, ‘protoeuskara’ deitu denaren eta iberiar hizkuntzaren arteko nolabaiteko harremanaren hipotesia eta arkeologoek eta hizkuntzalariek berriro galdera egokiak topatu beharko dituzte gure Antzinaroa azaltzeko.

Ez dira beti aurkikuntza ikusgarriak, Irulegiko eskua bezalakoak, historialarioi barrua mugitzen digutenak. Erromanizazio prozesua ulertzeko galtzaden eraikuntza funtsezkoa da eta galtzaden bidez lurraldea nola kohesionatu eta kontrolatu zuten ikasteko balio digu. Hizkuntzaren auziak, gainera, galdeginarazten digu zein hizkuntzatan hitz egingo zuten, zeintzuk ziren bertako herri ezberdinen arteko harremanak eta nola eta nortzuk integratu ziren Erromatar Inperioko gizartean.

Arestian esan bezala, Euskal Herrian ez daukagu prozesu hari buruzko kontakizun koherente eta baieztapenez beterik. Galderak dira gehiago. Eta ulertzekoa da halako galderek propagandarik ez eskaintzea eta, beraz, instituzioak ez agertu izana aztarnen garrantziaz jarduten, izan erromatar edo neolitiko. Trenaren azpian lasaiago. Defendatzen dutena kultura estereotipatua baita. Jar itzazu Getxoko pijo batzuk Euskal Herri euskalduna deskubritzen, XIX. mendean Afrikara zihoan esploratzaile arrazistaren gisan. Hara! Baina zer da hau? Eta holako eta halako egiten duzue? Joe, hau deskubrimendua. Mezua sinplea da, baina: akelarre gutxiago eta arkeologoentzako diru gehiago, mesedez. •