GAUR8 - mila leiho zabalik
PANTAILA TXIKIAN

Haurdunaldi subrogatua fikzioan: errealitatetik urrun?

Denok dakizuen moduan azken asteotan beldurrezko film guztien gidoiak gainditu dituen albistea zabaldu da. Hala da, bai, «Black Mirror» edo «The Handmais Tale» telesaileko atal batetik irtenda dirudien Ana Obregon-en kasuaz ari naiz. Sarritan fikzioa bera baino latzagoa den errealitatea albo batera utziko dut, eta albiste hori aitzakiatzat hartuta, zinemak haurdunaldi subrogatuaren inguruko gaia nola jorratu duen aztertu dut azken egunotan. Gai honi buruzko film eta telesailak errealitatearen erretratu fidela dira ala zuriegiak dira oraindik? Errealitatetik urrunegi kokatzen dira oraindik ere? Kritika edota hausnarketa gehiago behar da fikzioan?

«Friends» telesail famatuan Phoebe Buffet pertsonaia haurdun dagoen ataletako bat. (FRIENDS)

Hastapena

Gaia landu zuten lehen filmak “Haragashionna” (Koji Wakamatsu, 1968), Japoniakoa, eta “The Baby Maker” (James Bridges, 1970) izan ziren. Bien kasuan subrogazioaren arrazoia emakumeen antzutasuna zen. Ondoren nazionalitate eta ikuspegi desberdinetatik beste film batzuk iritsi ziren: Hego Koreatik “Sibaji” (“The Surrogate Woman”, Im Kwon-taek, 1987), Ingalaterratik “Firelight” (William Nicholson, 1987) edota Alemaniatik “The Handmaid's Tale” (“Die Geschichte der Dienerin”, Volker Schlöndorff, 1990), esaterako.

Gaia gidoiaren erdigunean

Jorratzen ari naizen gaia tramaren erdigunean kokatu dituzten ikus-entzunezkoen artean honako hauek iruditzen zaizkit aipagarriak.

The Handmaid’s Tale

HBO Max

Zientzia-fikzioaren ikuspegitik eta etorkizuneko gizarte distopiko bat irudikatuz, subrogatutako amatasuna ondoen eta gordinen azaldu duen ekoizpena da, zalantza izpirik gabe. Margaret Atwood idazlearen eleberrian oinarritua da: diktadura fundamentalista moduko bat ezarri da eta emakume gazteak behartuak izan dira ohelagun gisa bizitzera beraien “jaunari” seme-alabak “emateko”.

AEBetako presidentearen hilketaren eta Kongresuan gehiengoa eskuratu ostean, erregimen teokratiko bat ezarri da; hau da, buruzagi politikoak eta erlijiosoak bat datoz eta erlijioak gobernuaren politikan eragin handia du. Hortik aurrera, Ameriketako Estatu Batuek ‘Gilead Errepublika’ izena hartuko dute. Gizarte berri horretan, balio moderno gehienak desagertu egin dira. Gileaden hedatu den ugalkortasun arazo larria dela eta, emakumea bigarren plano batera baztertua izan da, objektu huts bilakatzeraino, eta bere obarioak bihurtu dira bere balio bakar.

“Black Mirror” eta batez ere “Children of men” bezalako kontakizun bikainetatik zuzenean edaten duen istorio ilun eta gogor honen protagonista June da. Elissabet Moss aktore bikainak era zoragarrian gorpuzturikoa, diktaduraren hasierako fasean familia osoa galdu duen emakumea dugu.

Aurreko bizitzako oroitzapenei eutsita bizi da, nahiz eta jakin senideak berriro topatzeko aukera oso urria dela. Bizirik jarraitzeko gogoa tinko mantentzeko Junek (‘Offred’ berrizendatua) duen euskarri bakarra horixe da, ordea. Bere “nagusien” kapritxoen mende, bizitza miserable eta gogor baten lokatz nazkagarrian harrapaturik bizi baita.

Adam

Filmin & Amazon

Abla eta 8 urteko bere alaba Warda Casablancan bizi dira, eta gozotegi bat dute etxean. Lan eta lan ibiltzen dira, baina, ezustean, errutina hori hautsiko duen norbait agertuko da: Samia izena du, haurdun dago, eta lana eta etxea bilatzen ari da. Zalantzaz beteta bada ere, etxean hartuko dute.

Maryam Touzani zuzendari marokoarrari hiru pertsonaia aski zaizkio arreta handiz eta zehaztasunez gaiari heltzeko; haurdun dagoen neska gaztea, gozotegi baten buru den alarguna eta haren alaba txikia. Amatasunaz hitz egiten da filmean, noski, baina baita galera onartzeaz ere. Marokoko ama ezkongabeen estigma ere jorratzen da, baita depresioa eta horrek hazkuntzan dituen ondorioak ere.

Melody

Filmin

Egoera ekonomiko kaskarrean dagoen Melody izeneko neska gazte baten istorioa azaltzen du film honek. Bere ametsetako proiektua edertasun-zentro bat erostea den arren, helburu hori bazterrean utzi beharko du. Bizitzan egoera zailei aurre egin dien emakumea da, eta oraingoan beste zailtasun bat gehitzea erabakiko du: alokairuko ama izatea. Horrela Emily ezagutuko du, seme-alabarik izan ezin duen neska ingeles aberatsa. Emily-ren plangintza zehatza da oso: in vitro ernalketatik hasi, Ukrainan erditu arte.

Sole

Filmin

Gaiari heltzeko moduari eta tonuari dagokienez zalantzak sortu dizkidan arren, “Sole” izeneko Italiako ekoizpen hau ere aukeratu dut, iruditzen zaidalako eztabaidarako abagunea eman dezakeela.

2019. urteko Veneziako Zinemaldiko film irabazlea izandako honek Ermanno eta Lena-ren istorioa azaltzen du. Ermanno hogei urteko gazte marjinala da eta lapurreta txikietan lortzen duen diruari esker bizi da. Fabio osabaren bitartez Lena ezagutuko du, haurdun dagoen Poloniako neska gaztea. Zazpi hilabeteko haurdun dago, Poloniatik Italiara iritsi berria da, diruaren truke umea emateko helburuz. Italian haurdunaldi subrogatua debekatua dagoenez, beste irtenbide bat topatu beharko dute.

Ikusteko film zaila dela ohartarazi nahi dizuet, eta asimilatzeko gogorra, baina ezinbestekoa iruditu zait zerrendan sartzea.

The Nest

Disney +

Bost atalez osaturiko miniserie honek ere heldu dio gaiari; hori bai, ingelesek era honetako telesailetan hain berezkoa duten thriller kutsua albo batera utzi gabe. Dani eta Emily-ri buruzko istorioa azaltzen du, aspalditik guraso izateko ametsarekin dabilen bikoteari buruzkoa. Egun batean, Emilyk hemezortzi urteko neska bat ezagutuko du, Kaya. Bizimodu ezegonkorra eta nahiko prekarioa daraman neska gazteak haren bikotekidearen alokairuko sabela izatea onartuko du. Hasieratik guztia ondo doala dirudien arren, protagonisten moraltasuna gatazkan sartuko da eta desadostasunek eztanda eragingo dute azkenean. Entretenigarria da oso, eta gozatuko duzuela uste dut, baina atalak igaro ahala apur bat sinesgaitz bihurtzen dela aitortuko dizuet.

Sagrada Familia

Netflix

Amatasuna hainbat ikuspegitatik erakusten du telesail bitxi honek. Manolo Caro mexikarraren eskutik ekarri zuen Netflixek 2022an eta zuzendariak berak aitortu zuen proiektu honen ideia subrogatutako haurdunaldiari buruzko lagun arteko elkarrizketa batean sortu zela.

Ustez lasaia den eta ezer gertatzen ez den Madrilgo auzo batean, lau emakumezko bizilagunek adiskidetasun handia sortuko dute, izendatzaile komun batekin: ama dira. Istorio honetan ezer ez da dirudiena, hainbat sekretu eta gidoi-biraketa ezkutatzen ditu. Zergatik aukeratu dudan hobeto ulertzeko telesailaren amaiera ikusi beharko duzue.

La hija

Filmin & Movistar

Egoera apur bat desberdina planteatzen du film honek: Ireneren istorioa kontatzen digu, 15 urteko nerabea da eta arazoak dituzten adingabeentzako zentro batean bizi da. Haurdun geratu ondoren, Javierrekin -zentroko hezitzaileetako bat- itun bat egin du. Haurdunaldia ezkutuan eramateko, Javierrek berarekin eta bere emazte Adelarekin bizitzea eskainiko dio, Jaengo mendilerroko paraje isolatuan duten etxean. Trukean, ordea, umea jaiotzen denean bikoteari eman beharko dio.

Ingalaterrako adibidearen antzera, thriller iluna da honako hau, gordina, eta su motelean kozinatzen den horietakoa, sinesgaitza batzuetan baina entretenigarria.

Gaia zeharka

Goazen orain pantaila txikian gai hau atal jakin batzuetan soilik, edo bestela zeharka, jorratu duten zenbait adibiderekin:

Friends

HBO Max

“Friends”-i buruz esan beharreko guztia esanda dagoen arren, atal jakin batzuetan jorratzen den gai korapilatsu hau gutxitan aipatu dela iruditzen zait. Hamar denboraldiak eta 236 atalak behin eta berriz ikusi ostean, buruz ezagutzen ditugun pertsonaia, elkarrizketa eta sekuentziez josiriko klasiko bilakatu da. Hala ere, gogoratzen dituzu jarraian aipatuko ditudan ondorengo uneak?

Phoebe Buffet izan zen, bitarteko ekonomikorik gabe, anaiari laguntzeko, subrogazioaren praktika aurrera eraman zuen pertsonaia. Gidoilariek erabaki zuten Lisa Kudrowek gorpuzten zuen pertsonaiak haurdun geratu behar zuela, aktorea bizitza errealean hala baitzegoen.

Phoeberen haurdunaldia laugarren denboraldian izan zen. Rachelek eta Monicak alokairuko sabel gisa eskaintzeko aukeraz ere hitz egin zuten, eta horixe gertatu zitzaion Monicari azken denboraldian. Bera eta Chandler bikotekidea ugalkortasun-arazoak zituztela ohartu baitziren. Hala eta guztiz ere, azkenean ez zen gauzatu haurdunaldi subrogatua, bi haur biki adoptatu baitzituzten.

Top of the lake: China girl

Rtve

Jane Campion zinemagile entzutetsuak sorturiko miniseriea. Hasieran aipatu dudan “The Handmaid’s Tale”-ren kasuan bezala, Elisabeth Moss telesail bikain honetako protagonistetako bat da. Emakumeak esplotatzeko praktika gisa, alokairuko sabelen gaia aztertzen duen beste serie bat. Kasu honetan, telesailaren bigarren denboraldia Australian girotuta dago, eta Thailandiako sexu-langileak erakusten ditu. Emakume thailandiar horiek, gainera, Sydneyko bikote aberatsen haurdun gisa erabiltzen dira.