GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Ordu-aldaketarekin orduan zer?

Vigok (Galizia) Varsoviaren (Polonia) ordu bera du, 3.200 kilometrora egon arren. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Gizakiok bana gaitzaketen talde ugarien artean, ordutegi-aldaketa ondo edo gaizki daramagunak daude. Urtero matraka bera birritan. Batez ere, gorroto dugunontzat. Eta, batez ere, udako ordutegira igarotzera behartzen gaituztenean. Nahiz eta goiztiarra izan, lehenengo bi asteetan kosta egiten da ohetik jaikitzea. Beranduago argitzen du, gorputzak argia behar du eguna energiaz hasteko, baina ordu ofizialak ez dio utziko dagokion mementoan argiari leihotik sartzen. Eta hori gutxi balitz bezala, inposatu zaigun ordu-eremuak ez du zentzurik. Vigok (Galizia) Varsoviaren (Polonia) ordu bera du, 3.200 kilometrora egon arren, baina ordubete gehiago, 150 kilometrora dagoen Portotik (Portugal). Zentzugabekeria halakoa!

Duela bi urte edo (pandemiarekin beste denbora-arazo bat dugu, alegia, ez dakigu zehazki iragana noiz kokatu, baina hori beste baterako utziko dugu), ordutegi-aldaketaren gaia mahaigaineratu zen. Eta horretan ere gizakiok bana gaitzaketen taldeen artean, Estatu espainolean gehiengo zabalak, % 65ek nahiago du ordutegi-aldaketa amaitzea, eta horietatik % 70,9k aukeratzen du udako ordutegia finkatzea. Izan ere, negukoan iluntasun orduak luzatzean, tenperaturak jaisteaz gain, jarduera sozialak eta kanpoko ekintzak mugatzen dira. Eta hori ez du inork nahi. Sevillan, Zamoran, Valentzian edo Portugaleten bizi, Estatu honetan partekatzen dugun gauza bakanetako bat da kalean bizitza soziala egitea gustuko izatea. Batik bat, tabernetan. Beno, azken urteetan lagunartean korrika egitea ere bai. Beraz, ez da harritzekoa gehiengoak ordutegi hori nahiago izatea.

Aldiz, aditu gehienen arabera, neguko ordutegia onuragarriagoa da, argi- eta iluntasun-zikloekin hobeto egokitzen delako. Eskola- eta lan-ordutegian argi gehiago jasotzen dugu, kontzentrazioari mesede egiten diona, eta gauez iluntasun handiagoa izateak loak hartzen laguntzen digu.

Nolanahi ere, desoreka ez litzateke horren handia izango lanorduak zentzuzkoagoak izango balira. Zergatik ez gara Europako gainontzeko herrialdeetan bezala bostak arte lanean aritzen? Zergatik ez dituzte enpresek bizitza pertsonala eta lana uztartzeko formula malguagoak abiarazten? Akaso, horrela ikusiko genuke hobe dela eguzkiarekin ahalik eta lerrokatuenik bizitzea. Argiarekin esnatu eta iluntasunarekin gaueko atsedenerako baretu. •