GAUR8 - mila leiho zabalik

Musen tenplua (II)

Madrilgo «Museo Nacional de las Ciencias Naturales» delakoan hartutako irudia. (MNCN)

Aurreko artikuluan aipatu nuenez, Antzinako Greziako musen tenpluetatik ei datorkio izena museoari, eta Alexandriako Museion jauregitik, izana: jakintza gorde, aztertu eta ikasleen elkarrekintzaren bidez jakintza sortzeko espazioa litzateke museoa. Bistakoa denez bi milurtekok ekarri dute aldaketarik, eta gure garaira hurbilduta, XX. mendearen azken laurdenetik hona sortu izan dira egungo museo gehienak. Espainiar estatuko 1.474 museoen erdiak 1990-2010 urteen artean sortu ziren, eta Hego Euskal Herrian, %60ra heltzen da datu hau. Ordutik 2018ra, baina, gainbehera apal bat gertatu da estatuan; apur bat nabarmenagoa, HEHn (80tik 76 museora).

Museo kopurua biztanle kopuruarekin alderatuz, estatuko batez bestekotik (3,2 museo 100.000 biztanleko) behera egongo litzateke HEH (2,7 museo). Datu horri bisitari kopuruarena gehitu beharko genioke, museoen erabilera aztertzeko, eta 2018an 46 mila bisitari izan ziren museoko, batez beste, hala estatu mailan nola HEHn. Kuriosoa da, dena den, Nafarroako Erkidegoan kopuru hori 18 milara ez heltzea, EAEn 52 mila gainditzen diren bitartean. Urte horretan Gugghenheim museoak 1,27 milioi bisitari izan zituela kontuan hartuz gero, eta horietatik soilik %19 omen zela bertakoa, EAEko datua bertako 36 mila bisitari pasatxora jaisten da eta HEHn, batez beste, 33 mila bisitari genituzke museoko. Estatuko museoetan bisitarien %23 estatutik kanpokoak ei direnez, bertako bisitariak museoko 35 mila lirateke. Orobat, estatuarekin alderatuta, museo eta bertako bisitari kopuru antzekoak ditugu; apur bat azpitik gaude, besterik ez.

Zientzia museoetara etorrita, baina, ezberdintasunak handitu egiten dira. Estatuko 62 zientzia museoek 71 mila bisitari pasatxo izan zituzten 2018an, batez beste. Kopuru horiek estatuko biztanleriarekin alderatuta, estatu mailan biztanleen ia %10 pasatu ziren zientzia museoren batetik 2018an (%23 estatutik kanpokoak balira -ez dut uste- %7,7 lirateke). Eureka! zientzia museoaren datuak hartuta (mota honetako bakartzat har dezakeguna Euskal Herri osoan), 2014. urtean 167.219 bisitari izan zituen, eta denak bertakoak izango balira, zientzia museoren bat soilik euskal herritarren %5,34k bisitatu dutela aterako litzaiguke, espainiarren tasaren erdia ia! Kultura zientifikoaren gainbehera museoen bidez egin ahalko balitz, euskaldunak oso aurreratuta goaz, maldan behera eta balaztarik gabe, Eureka! zientzia museoaren itxiera gainean dugula!

Hurrengo artikuluan zientzia museoen bilakaeraz sakonduko dut serie hau amaitzeko, baina bitartean hauteskunde kanpainan aletxoa jarri nahi nuke “oasi baskoa” defendatzeko espainiar estatuarekin alderatzea maite dutenentzat. Konturatuko zineten estatuarekin alderatuta euskaldunak behetik gauden datuak ekarri ditudala hona, baina badago bat zeinetan irabazle garen estatu osoan: museoen titularitate pribatu handiena dugu nabarmen! Estatuan museoen %26 pribatuak dira, Nafarroan erdiak dira eta Euskal Autonomia Erkidegoan %40, mistoak barne hartuta. Jakintzaren pribatizazioan estatua ia bikoiztu egiten dugu museoei dagokionez! Bejondeigula! •