GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Polimaitasuna

Polimaitasuna ez da zenbat maitatu, nola maitatu baizik. (GAUR8)

Maitasun asko, ugari. «Poli» aurrizkiak ugaritasuna adierazten digu eta «maitasun» hitzak… nik zer dakit bada, beti ibili gara definizio baten bila eta milioika esanahi ezarri zaizkio. Ausartegia iruditzen zait maitasunari nire definizioa ematea eta horregatik ez naiz horretan sartuko. Goazen gaiaz hitz egitera.

«Polimaitasun» hitza agertzen zaigunean gure burua bilatze prozesuan sartzen da eta gehienetan bikote harreman bat baino gehiago kontenplatzen duen harremana etortzen zaigu burura. Burura etortzen den guztia bezala, ez zaigu definizio aseptiko bat iristen, iritzi eta edukiz betetakoa baizik. Zer da polimaitasun hori? Modan jarri den eredu horietako bat da?

Bikote harremanek, beste harreman guztiek bezalaxe, badituzte arau eta ereduak. Modelo konkretuak eraikitzen ditugu gure harremanek nolakoak izan behar duten zehaztu eta ulertzeko. Horrela, hainbat arau eta ezaugarri atxikitzen dizkiogu harreman mota bakoitzari eta hortik irakurtzen ditugu bai gureak bai besteenak. Gure jendartean baloratu eta onartuena monogamia da, monogamia heterosexuala (zalantza bazenuten, badaezpada). Bikoteak ulertu eta arautzeko modu jakin honek bere ezaugarriak ditu; esklusibotasuna, bikote harremanaren garrantzi gorena, erotikaren erregularizazioa (bikote barruan soilik bizi daitezke topaketa erotikoak), familia eredu jakin bat bilatzen da bertatik… Badakizue zertaz ari naizen, inguratuta gaude. Eta sekretu bat kontatuko dizuet (agian badakizue, noski). Eredu bakar batek ezin ditzake guztion modu, behar eta nahiak ase. Ezinezkoa da. Zer gertatzen da orduan? Modu normatiboak asetzen ez bazaitu, kanpoan zaudela. Eta jakin badakigu kanpotarrek zailagoa izaten dutela guztia, zailagoa egiten diegula, hobeto esanda. Kanpo alde hori aldatzen joaten da, garai desberdinak eredu desberdinak (nahiz eta eredu batzuek luze iraun) dakartza, baina beti egongo da kanpo alde bat.

Atrebentziaz esango nuke polimaitasuna bazterretatik eraiki den markoa dela. Aldaketa kualitatibo garrantzitsuak planteatzen ditu, harremanak bizi eta ulertzeko beste modu bat eskaintzen du. Eredu normatiboa ezbaian jartzen du eta askok eredua apurtu nahi dute polimaitasunetik. Maitatzeko moduetatik maitatzeko modu bakar inposatu horrekin amaitu. Nahiko poetikoa, ezta?

Ez da gauza modernoa, halako harremanak mantendu dira aspalditik, ez dugu ezer berria asmatu. Agian, orain gehiagok begiratu diogu, oihartzun handiagoa izan du. Polimaitasunetik bikote harremana ez da bizitzaren ardatza, garrantzitsuena. Harreman bakarrak ezin gaitu asebete, ez dago nire erdiaz arduratuko den beste bakar bat, loturak eraikitzeko modua eta lekuak anitzak dira, harreman sendo eta garrantzitsu desberdinak izan ditzakegu, bikotekide bat baina gehiago izan dezakegu. Zergatik ez?

Harreman horiek desberdin ulertu eta kudeatzen dira (hori da saiakera). Zaintza, ardura eta prestutasunetik abiatzen den modua da. Noski, ereduak ez du inor zaintzaile edo arduratsu bihurtzen, baina ideia hori eta haren oinarriak bultzatzen ditu. Harremantzeko modu atseginagoak bilatzen dituela esango nuke, harremanak eraldatzeko toki bat da, horiei buruz hausnartu eta ekiteko lekuetako bat, ez bakarra. Eta ez da zenbatekin harremantzen garen edo zenbat bikote harreman dugun, nola harremantzen garen baizik, nondik jarduten dugun. Ez da zenbat maite dugun, nola maite dugun baizik. •