2023 MAI. 06 { KOADERNOA } Urtebete Erika LAGOMA POMBAR Urtebete da justu “M ama* eme* ume*” liburua argitaratu genuenetik Estitxu Fernandez Maritxalarrek eta biok. Urtebete argitan, bi urte itzaletan. Hiru urte gure baitan. Efemeride intimo bat. Ikasketa prozesu erraldoia izan da M. Entzunez, solastatuz eta idatziz gauzatu dena. Durangoko jardunaldi feministetan amatasunaren inguruan burututako solasaldi bakarrean partekatu genituen behar anitzetatik abiatua. Han entzun eta erran genuen amatasuna zaplazteko bat izan dela, ez ginela kabitzen jaso ditugun ereduetan: ez amatasunera kondenatuta dagoen etxeko aingeruarenean, ez zaintza guztiak delegatzen dituen lan merkatura bakarrik lerratutakoan, ezta amatasunaren bizipenaren nahitaezko ukazioan ere. BAKARDADEA, EPAIA eta KULPA. Maiz entzuten dugun Hiruko Santua. Amatasunaren bizipenak partekatzearen beharraz, elkarri entzuteaz, ikuspuntuak trukatzeaz, elkar zaintzeaz, ama zaintzeaz jardun genuen, besteak beste. Zirrikituak behar ditugu, sisteman arrakalak. Amatasunak pluralean kantatu behar dira ezinbestean. Bagaude ama feministak, baina zer dira amatasun feministak? Nonbait badaude, artesietan egonen dira. Bertan sortu zen M, bakarrik idaztera ausartuko ez nintzatekeen liburua. Hamahiru ahots eta lau esku. Hamahiru bizipen. Bizipenak jakintza direlako, akademiarenak ez badira ere. M ez da amatasunez solastatzen soilik, zaintzaren inguruko hausnarketa bat dago letretan, lerroartean. Eta horrela egin dugu, elkar zainduz. Elkar-zaintza izan da prozesu guztian muturreraino babestu duguna. Elkar-zaintza Estitxu eta bion artean. Elkar-zaintza hamahiru elkarrizketatuekin. Elkar-zaintza hitzaurrea idatzi duen June Fernandezekin. Elkar-zaintza azala egin duen Ainara Lasarekin. Elkar-zaintza bidean inguratu gaituzten guztiekin. Ikasi dut nola egin nahi dudan lan, nola harremandu nahi dudan bueltan ditudanekin, umeekin eta ez umeekin. Opiazeo bat da egoari ostikada bat ematea. Zure ahulguneak bertzeen indarguneetan deskantsatzea, eta zure sorbaldetan haiek ere atseden hartzea. Hamahiru ahots. Asko ez genituen ezagutzen, eta denek erran digute baietz. Eskuzabalak izan dira arras. Hiru-lau orduko elkarrizketak, barren-barrenekoak, bakoitzak hautatutako lekuan. Ez genekien zer kontatuko ziguten. Entzutera joan gara, aldez aurretik balioa emanaz kontatuko zigutenari. Elkarrizketa bakoitza matrioxka bat da, bizipen oro den bezalakoa. Hari muturrak zientoka. Liburua formatu finitua da, aldiz. M-k entziklopedia bat izan beharko luke, bizipenak atxikitzen joango zaizkiona, osatzen joango dena. Sistema amatasunari bizkar emanda dago. Klaseaz, arrazaz, gaitasunaz, adinaz ari naiz. Norberaren gorputzaz eta psikobiografiaz. Bikotekideaz, baldin badago. Umeez. Sistema familiarrez eta komunitarioaz. Sistema administratiboaz. Osasun sistemaz. Sistema laboralaz, hezkuntza sistemaz. Sistema judizialaz, legeez. Militantzia ereduez. Balio sozialez. Agenda politikoan txertatzen asmatu behar dugun hamaika gakoz. Sistema heteropatriarkal eta neoliberalak hazkuntzarako ezartzen dituen baldintzak itogarriak dira. Amatasunek, ez amatasunek, amatasunen nolakotasunek funtzio eta eragin sozial ukaezina daukate aitortu nahi ez badiegu ere. Amatasunak pertsona guztiok zeharkatzen gaitu, izan, ez izan edo izan ezin. Denok gara norbaiten seme-alabak. • Amatasunak pluralean kantatu behar dira ezinbestean. Bagaude ama feministak, baina zer dira amatasun feministak? Nonbait badaude, artesietan egonen dira