GAUR8 - mila leiho zabalik
IKUSMIRA

Gizatasun apur bat futbolean

(Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Ez da garai errazena jendaurrean futbola defendatzeko. Horrenbeste urtean egindako gehiegikeriek ez dute leku onean utzi kirolen artean «errege» autodefinitu izan dena. Gehiegikeriak, “makro” mailan: klub eta federazioetako agintarien ustelkeria kasuak, kirolaren merkantilizazioa, eredu izan beharko luketen profesionalen miseriak... Baita “mikro” mailan ere: aisialdi espazioen gehiegizko okupazioa, lehiakortasuna muturrera eramatearen kalteak, gutxieneko errespetu eta begirune falta... Horregatik da horren garrantzitsua gaztetxoen idolo eta erreferente diren horien artean gizatasun apur bat detektatzea. Eta oraindik ere futbola maite dugunontzat, lasaigarria. Ulertzekoa da, argazkian ikus daitekeenez, Jagoba Arrasatek -eta osasunazaleek, oro har- pena handia izatea Kopako finala galdu ostean, baina jakin dezala entrenatzaile bizkaitarrak Euskal Herri osoko milaka gurasok benetan eskertzen diogula emandako irudia.