2023 MAI. 27 PANTAILA TXIKIAN Hauteskundeak telesailen jokalekuan Bihar izango dira udal eta foru hauteskundeak. Azken asteotan era guztietako kanpainak ikusi ditugu telebistan, prentsan nahiz sareetan. Fikziozko kontakizun batetik irtenda diruditen politikariak ezagutu ditugu, satira politiko baten gidoitik irtenda diruditen egoerak, eta nola ez, baita thriller politiko ilunenetan ikusten ditugun azpi-jokoak ere. Hauteskundeak amaitu eta oraindik ere politika-gose bazara, honatx datu zein gomendio batzuk. «Borgen» telesailaren fotograma bat. (NETFLIX) Gaizka Izagirre Historia apur bat Askok diote sorreratik izan dela zinema «gauza politiko bat». Oso zaila da halakoa ez izatea; ikuspuntu jakin bat duen filma nola izan liteke ez-politikoa? Kamera non ipini, plano jakin horren barruan zer erakutsi eta zer ez erabakitzen ari garen momentuan, gure ikuspuntua itsasten ari garelako. Batzuetan inkontzienteki agian, baina baita gure ideologia politikoa ere. Baina hauteskunde bezperako erreportaje honen helburua zuzenean politika zein politikariak islatu dituzten telesailak gomendatzea da. Politika zazpigarren artearen barruan txertatzen zinema mutuaren garaian hasi zen, 1915. urtean zehazki, David W. Griffith estatubatuarraren “The Birth of a Nation” filmarekin; inspirazio arrazista eta supremazista duen lana da. Ameriketako Estatu Batuen sorreraren gertakizun nagusiak kontatzen ditu: gerra zibila, Lincolnen hilketa eta abar. Arrazistatzat jotzen dute askok, Ku Klux Klan goraipatzen duelako. Sergei M. Eisenstein zuzendariaren 1925eko eta 1927ko “Bronenosets Potyomkin” eta “Oktyabr” ere aipatuko nituzke. Tartean, 1926an, Fritz Lang-en “Metropolis” ere estreinatu zuten; etorkizuneko munduaren ikuspegi apokaliptikoaren bidez, gizartearen antolamenduari buruz gogoeta egin eta langile klasearen eta ugazaben arteko krisi soziala erakusten du. Bigarren Mundu Gerrak sekulako eragina izan zuen zinemagintzan eta amaitu zenean, herrialdearen arabera desberdin hasi ziren jorratzen politikaren inguruko gaiak. 1945. urteaz geroztik, Italian neorrealismoa sortu zen, esaterako; Roberto Rossellini-ren “Roma città aperta” edota Vittorio De Sica-ren “Ladri di biciclette” filmekin, besteak beste. Bilakaera Interesgarria iruditzen zait, gai jakin bati buruzko fikzioak egiten dituztenean, urtez urteko bilakaera ikustea. Nabaria delako garai jakin horretako gertaerekin lotuta egoten direla ia beti jorratutako gaiak. Alegia, 1906-2022 bitarte politikaren inguruko gaiek zinemagintzan zer nolako presentzia izan duten aztertu dut. Urtez urteko igoera nabaria da, baita gai hau jorratu ez den urteetan zergatik izan ote daitekeen ere. Bigarren Mundu Gerratik aurrera izandako hazkundea ere ikaragarria izan da, bestalde. Politika telesailetan Goazen interesgarriena aipatzera. Izan ere, honako hauek dira, azken urteotan pantaila txikian politika mundua islatu duten izenburuen artean, onenak iruditzen zaizkidanak. Tira, onenak baino gehiago, politikaren zoko zoragarri baina, era berean, aspergarri eta ustel horiek guztiak telesail formatuan jorratu dituzten izenburu interesgarrienak. Ohar bat egingo dizuet: “House of Cards”-en falta nabari baduzue, arrazoia azalduko dizuet; ez dut gogorik Kevin Spacey aktorearen ezer gomendatzeko. Zergatik badakizuela uste dut. Mrs. America HBO Max Ameriketako Estatu Batuetako gizon eta emakumeen arteko lan, dibortzio eta jabetza arloko eskubide berdintasuna sustatzen zuen proiektuaren aurka egin zuen politikari ultrakontserbadorea izan zen Phyllis Schlafly. Feminismoaren aurkako arerio amorratua, neurri batean emakumeen eskubideak geldiarazi zituen, horrekin guztiarekin gozatzen zuen bitartean. Ekoizpen paregabe honek, hein handi batean, Cate Blanchett aktoreak maisuki gorpuztu duen Schlafly-ren paperari esker lortu du urteko telesail onenen zerrendara igotzea. Oso telesail politikoa iruditu zait, botere borroken eta borroka dialektikoen gainean eraikita dagoelako, eta historia aldatzeko gai diren iritzi korronte bihurtzen diren narratibak nola idazten diren erakusten duelako. Nabarmentzekoa, protagonistek jaurtitzen dituzten mezuetatik harago, moral autoritarioaren gaitzespena formaren bidez iristen zaiola ikusleari. Hain zuzen, Phyllisen eszena gehienak, estetika eta ikuspegi zapaltzailea erabiliz, era kartesiar eta oso “akademikoan” errodatuta daude, eta bera beti dago planoaren erdian. Aldiz, eremu feministari dagozkion eszenak kamera lurrunkorrago eta askeago batekin hartu dira. Zuzendaritza lana paregabea da eta gidoia, biribila. The Diplomat NETFLIX Keri Russell aktore ezaguna protagonista duen drama politiko hau bereziki gomendagarria iruditzen zait nazioarteko tentsioak eta goi-mailako traizio politikoak maite dituztenentzat. Aktoreak Kate Wyler diplomatikoa gorpuzten du. Ustekabean, nazioarteko krisi larri baten erdian, AEBetako enbaxadore izendatuko dute Erresuma Batuan. Hori guztia, Hal Wyler (Rufus Sewell) politikari eta diplomatiko ezagunarekin duen harremana salbatzen saiatzen diren bitartean. Zalantzarik gabe, Kate eta Hal Wyler senar-emazteak dira telesail honen funtsa. Drama politikoa den arren, maitasun azpitramak “folletoi” kutsu apur bat eta umore dosi txikiak ere ematen dizkio serieari. Gidoiak lehentasun bera ematen baitie bikote harremanari eta trama politikoari. Haien arteko erlazioa eta nazioarteko etorkizun geopolitikoa ezbaian jar dezakeen edozein erabaki maila berean kokatzen ditu. Elkarrizketa zorrotz eta mamitsuz betea, egoera interesgarriak planteatzen ditu telesailak. Aipatu ditudan gainerako telesailekin alderatuta, “The Diplomat”-ek herrialdeen arteko harremanak koipeztatzen dituzten zerbitzari publikoen lana islatzen du. Telesail arina eta entretenigarria da. Borgen NETFLIX Boterea, ustelkeria, zintzotasuna, familia, gizartea eta kazetaritza uztartzen dituen hausnarketarik biribilena eta zorrotzena izan liteke eta, batez ere, entretenigarriena. Danimarkako lehen ministro izateko Birgitte Nyborg politikariak egunero egin behar duen lan eta sakrifizioa erakusten digu telesail honek. Baita helburu horrek bere bizitza pertsonalean izango duen eragina ere. Nyborg ez da ohiko politikaria, ordea. Lehen ministro izateko bidean da, baina bere integritateari eutsiz, idealak errespetatuz eta herriaren interesen alde borrokatuz. Gidoi bikain eta dotorea, tonu didaktiko eta sakona duena. Aktore guztiak ere nabarmentzekoak, baina, batez ere, protagonistarena egiten duen Sidse Babett Knudsen azpimarratuko nuke. Bere pertsonaia gutako edonoren pare jartzeko duen gaitasunak bere familiaren eremu pribatuan sartzeko aukera ematen digu. Politikariez dugun irudi hotz eta eskuraezin hori guztiz apurtu eta pertsona arrunt baten mailan jartzen du. Noski, politikaren lehen lerroan egoteak hainbat momentutan eskuetatik alde egingo dion garapen pertsonal eta profesionala ekarriko dio. Oro har, emakumearen irudia eta eginkizunak oso modu interesgarrian aurkezten ditu telesailak, topikoak eraitsiz eta estereotipoetara jo gabe. Erritmo biziko trama du, eta sastatzeko moduko elkarrizketa zorrotz eta burutsuak. The West Wing HBO Max eta AMAZON Politikaz mintzo bagara, historiako telesail onenen zerrenda ugaritan azaltzen den “The West Wing” aipatzea derrigorrezkoa da. Joshua Bartlett presidente demokrataren egunerokoa erakusten digu: ekonomialari katolikoa eta pentsaera liberalekoa, bere kolaboratzaile leialekin batera AEBak kudetzeko erronkari aurre egin beharko dio. Aaron Sorkin sortzailea aipatzea ere ezinbestekoa iruditzen zait telesail honen muina ulertzeko. Elkarrizketa ugari bezain zorrotzetan oinarritu ohi baititu bere gidoiak, iraupen luzeko travelling-ekin osatuak askotan. Horrez gainera, pertsonaia askok parte hartzen dute eszena berean, horrek dakarren guztiarekin: denbora tarte laburrean pertsonaia asko, oinez, eta etenik gabe hitz egiten duten bitartean. Ohartarazi nahi dut, beraz, agian ez dela publiko guztientzat. Oso konplexua da. Oso azkarra da. Oso ondo pentsatutako gidoia du, amerikar politikaz gainezka eta esaldi gogoangarriz betea dagoena. Beren keinuetan, begiradetan, esku-hartzeetan definitzen dira pertsonaiak, guztiak iheskorrak. Karismatikoa da eta batez ere, onerako zein txarrerako, oso amerikarra da. Stonehouse FILMIN Gidoilariek sarritan esan ohi dute, benetan gertatu diren istorio harrigarriak pantailaratzerako orduan, hutsetik sortutako istorio originalak izan balira, ziurrenik onartu ere ez zituztela egingo. Honako hau benetan gertatutako istorio sinestezin horietako bat da. Matthew Macfadyen, “Succession” telesaileko Tom, ikustea argudio nahikoa iruditzen zait telesail honi aukera bat emateko, baina jakina, ez da bakarra, inondik inora ere. Benetako gertaeretan oinarritutako miniserie honek John Stonehouse parlamentario britainiarraren istorioa azaltzen du: haren igoeran eta, batez ere, gainbeheran oinarritua. Sekretuz, amarruz eta harreman bereziz betetako istorio korapilatsua da, 1974an bere heriotzaren simulazioarekin amaitu zen arte. Plana, ordea, ez zen espero bezala atera. Tragikomedia edo dramedia tonua duen istorioa da, eta gidoia elkarrizketa mamitsuz beteta dago. The Minister FILMIN “Trapped” telesail gomendagarrian erakutsi zigun Olafur Darri Olafsson aktore bikainak zer-nolako maila duen, eta ekoizpen paregabe honetan ere gauza bera utzi du agerian. Benedikt Rikhardsson Islandiako lehen ministroa gorpuzten du kasu honetan, bere osasun mentala okertu dela-eta gobernuaren egonkortasuna eta bere ingurukoen bizitzak mehatxupean jarriko dituen politikaria. Islandiako mekanismo politiko guztiak ezagutzeko aukera ematen digu telesailak; batere konbentzionala ez den lehen ministro baten ikuspuntutik, hain zuzen. Pertsonaiaren garapena oso era interesgarrian azaldua dago; niri alor hori gustatu zait gehien. Islandiako RUV katean estreinatu zutenean, lehen atalak %41,1eko rating eta %94,4ko share ikaragarriak lortu zituen. The Thick of It FILMIN 2005. urtean Armando Iannuccik sortutako satira politikoa, eta Peter Capaldi bikaina protagonista duena. Gizarte Gaien eta Herritarren Ministerioaren egunerokotasunean murgilduko gaitu. “Yes Minister” klasikoaren kutsua duen ekoizpen honek politikarien, funtzionarioen, harreman publikoetako arduradunen eta komunikabideen artean sortzen diren gatazkak erakusten dizkigu. Horrek guztiak egoera ugari eragingo du, eta gobernarien eta haien aholkularien gaitasun ezak agerian geratuko dira. Politika interesatu ala ez, biziki gomendagarria da, komedia dibertigarria izateaz gain, oso errealista delako. Komedia britainiarraren bilakaera ezagutu eta garai berrira nola egokitzen ari den jakiteko ezinbesteko seriea. Parlement FILMIN Europako Parlamentuak zertarako balio duen ez badakizu, hauxe da zure telesaila. «Euroeszeptikoentzat satira desegokia», dio telesailaren leloak. Samy Frantziako parlamentari laguntzaile gaztea da kontakizunaren protagonista nagusia, eta ahalik eta unerik okerrenean hasiko da lanean: Brexit-aren erreferenduma egin eta aste gutxira. Europako Parlamentua izaki erraldoi, nahasi eta burokratiko moduan aurkezten du telesailak hasieratik. Europako herritar askok ez dute ondo ulertzen Erkidegoko erakundeen funtzionamendua, eta horrek instintiboki Samy protagonistarekiko enpatia sentiarazten digu. Satiraren berezko esentzia horretan guztiz murgiltzen denean funtzionatzen du hobekien telesailak; pertsonaien erradiografia umorearen bidez azaleratzen duenean. Legebiltzarkideak ezgai edo pertsona makiaveliko gisa islatzen dituenean, adibidez, aparta iruditu zait. Vota Juan, Vamos Juan eta Venga Juan HBO Max Umorearen bideak jorratzea ere ezinbestekoa da politika aztertzerako orduan eta zer hoberik izenburu hauek baino. Hiru denboraldiko telesail zoragarri eta oso dibertigarria da eta kito. “Vergüenza” telesailaren umore deserosoa maite baduzu, “Veep” telesailarekin barre egiten baduzu eta “House of Cards”-en bertsio espainiarra ikusteko gogoz bazabiltza, baina Kevin Spaceyren pertsonaia Javier Camarak maisuki gorpuzten duen protagonista trakets, gezurti, oportunista eta baldar batekin ordezkatuta, hau da zure telesaila. Zein ongi pasatzen dudan ekoizpen honekin eta zein gustura eta erraz ikusten den. Negatibotasunak guztia inbaditzen duen garai honetan, derrigorrezkoa izan beharko luke horrelako proposamenak ikustea. Espainiar politikarien kaskarkeria islatzen duen umorezko ezinbesteko telesaila. Baron Noir Errebantxa sozial egarri eutsiezinak bultzatuta, Philippe Rickwaert (Kad Merad) Frantziako Alderdi Sozialistako Nordeko alkateordeak egindako epopeia politiko eta judizialaren kronika azaltzen du telesailak. Ekoizpenak politikaren hodi ilunenak zeharkatzen ditu: traizioak, manipulazioa, botoak erostea, mendekuak eta ustelkeria, besteak beste. “Baron Noir”-en zerbaitek harrapatzen badu, desengainu orokorrarekin lotzen den gaurkotasun politikoaren erretratu hiperrealista da hori. Fikzioan azaltzen diren siglak inguruan dauzkazun benetako alderdi politikoekin ordezkatu, eta ziur antzeko zerbait ikusiko duzula. Aipaturiko Rickwaert boterearen erotikak horditutako pertsonaia magnetikoa da, maila ebolutibo politikoaren gorenean egotearekin itsututa bizi dena, aurrean nor dagoen axola gabe. Erraza da atal batzuetan arrazoi ekonomikoa ia bigarren mailakoa dela antzematea; jatorri nahiko apaletik etorri izana eta inplikazio emozionalak harri txiki bat besterik ez dira bidean eta ez diote arretarik kentzen haren benetako helburuari: botereari, alegia. Politika maite dutenei gozamen berezia eragingo dien arren, ikusle orokorrari ere gustatuko zaio, finean ondo egindako thriller politikoa baita.