2023 MAI. 27 URRUNTZE BEHARTUA Inoiz baino barne desplazatu gehiago izan ziren iaz munduan: 71 milioi Iaz, mundu osoan, 71 milioi pertsonak etxetik urrun bizi behar izan zuten: aurreko urtean baino %20 gehiago. Gehienek indarkeriatik eta gatazketatik ihes egin zuten, baina larrialdi klimatikoak ere gero eta eragin handiagoa du. Siria, Ukraina eta Kongoko Errepublika dira barne desplazatu gehien duten herrialdeak. Emakume sudandar bat, bere senide bat besarkatzen, gatazken ondorioz herritik atera behar izan ondoren. (Mohamed HUWAIS | AFP) GAUR8 Aldaketa klimatikoaren edo gatazken ondorioz, inoiz baino desplazatu gehiago izan ziren iaz munduan: 71 milioi pertsona, hain zuzen. Kopuru hori aurreko urtekoa baino %20 handiagoa da Barne Desplazamenduen Behatokiak (IDMC) eta Errefuxiatuen Norvegiako Kontseiluak (NRC) egindako txostenaren arabera. «Desplazamenduak eskalan, konplexutasunean eta irismenean ere hazten ari dira, elikadura-segurtasun ezaren, klima aldaketaren eta gatazken eraginez; faktore horiek hainbat geruza gehitu dizkiote fenomenoari», adierazi zuen Alexandra Bilak IDMCko zuzendariak ikerketa aurkeztu zuenean. Desplazatu horietatik, 62,5 milioik gatazken eta indarkeriaren ondorioz utzi zuten etxea; hau da, 2021ean baino %17 gehiago. Alde horretatik, herrialde kaltetuenak Siria (6,8 milioi desplazatu), Ukraina (5,9 milioi), Kongoko Errepublika Demokratikoa (5,6 milioi) eta Kolonbia (4,7 milioi) dira. Afrika eta Ekialde Hurbila Nigeria, Somalia, Etiopia, Sudan, Yemen eta Afganistanekin batera, lau herrialde horiek dituzte mundu osoko barne desplazatuen hiru laurden, txostenaren arabera. Gatazkak arrazoi nagusia badira ere, larrialdi klimatikoaren eragina izugarri handitu da. Hondamendi naturalengatiko desplazatuak 8,7 milioira iritsi ziren iaz -urte arteko %45eko hazkundea-. Kasu horretan, Pakistanen uholdeen ondorioz etxea utzi zuten milioi bat pertsona baino gehiago nabarmendu ditu txostenak, nahiz eta kopurua are handiagoa izan den ondoko Afganistanen (2,1 milioi). Somaliako Beledweyne kanpoaldean uholdeak izan ostean, familia bat, bat-batean egindako etxola batean. (Hassan ALI ELMI / AFP) Hondamendiek kaltetutako komunitate garrantzitsuak dituzten beste herrialde batzuk Nigeria (854.000 barne desplazatu), Etiopia (717.000), Hego Sudan (665.000) eta AEBak (543.000) dira. Elikagai eskasia Txostena egin duten GKEek azpimarratu dute barne desplazamenduaren eta elikadura-segurtasun ezaren arteko lotura gero eta handiagoa dela: elikagai eskasia handia pairatzen duten herrialdeen hiru laurdenek haien etxea uztera behartuta dauden komunitate mota horiek hartzen dituzte. Besteak beste, Nigeria, Afganistan, Etiopia, Yemen eta Kongoko Errepublika Demokratikoa. «Ukrainako gerrak elikadura segurtasun globalaren krisia piztu du, eta, batez ere, barne desplazatuen artean izan du eragina. Ekaitz perfektu horrek gosea eta malnutrizioa murrizteko urtetan egindako aurrerapenak ahuldu ditu», azpimarratu du NRCko idazkari nagusi Jan Egelandek (Nazio Batuen Erakundeko buru humanitario ohia). Joan den urtean, txostenaren arabera, desplazatuen 60,9 milioi mugimendu izan ziren planetan (horietako batzuek hainbat aldiz aldatu zuten kokalekua, eta kasu batzuetan, azkenean, etxera itzuli ahal izan zuten); %60ko igoera handia, 2021eko datuekin alderatuta. Mugimendu horietatik, 32,6 milioi hondamendi naturalek eragin zituzten, ikerketaren arabera. Nabarmentzekoa da laurden bat (8,2 milioi) Pakistango uholdeek eragin zutela, eta 1,1 milioi, Somaliako lehorteak, Afrikako Adarreko hainbat lekutan goseteak eragin dituenak, alegia. Hondamendi klimatikoak Guztira, 19 milioi mugimendu baino gehiago uholdeek eragin zituzten; 9,9 milioi, ekaitzek; 2,2 milioi, lehorteek; 366.000, suteek eta 12.000, bero boladek. Guztiak, klimarekin lotutako hondamendiak. Beste 699.000 desplazamendu lurrikarek eragin zituzten. Hondamendi naturalek eragindako desplazamendu askok zerikusia izan zuten La Niña fenomenoaren ondorioekin. Izan ere, Ozeano Bareko urak hozteak uholdeak zein lehorteak eragiten ditu planetako zenbait latitudetan. Meitei etniako desplazatuak, kamioi militar baten ondoan, Indiako ipar-ekialdeko Manipur estatuan izandako indarkeriatik ihes egin ondoren. (Arun SANKAR / AFP) Gatazkek eta indarkeriak eragindako 28,3 milioi mugimenduei dagokienez, txostenak nabarmendu du %60 Ukrainako gerraren ondorio izan zirela (17 milioi), baina Kongoko Errepublika Demokratikoan indarkeriak eragindako 4 milioiak eta Haitin izandako 106.000 mugimenduak ere jaso ditu (2021ean baino bost aldiz gehiago). 2022ko gatazkengatiko desplazamenduen kopurua azken hamarkadako batez bestekoa baino hiru aldiz handiagoa izan zen. Amerika Amerikan, barne desplazatuak -gatazkengatik, indarkeriarengatik edo hondamendi naturalengatik- 6,7 milioi izan ziren, aurreko urtean baino %1,5 gehiago. Barne Desplazamenduen Behatokiaren eta Errefuxiatuen Norvegiako Kontseiluaren arabera, mundu osoko desplazatuen %9 Amerikan daude; gehienak, Kolonbian (4,8 milioi). 5,9 milioi pertsona gatazkengatik eta indarkeriarengatik zeuden etxetik urrun, eta beste 720.000, hondamendi naturalen ondorioz. Kolonbiaren atzetik, AEBak dira barne desplazatu gehien duen herrialdea (543.000); denak sute, urakan eta antzeko fenomenoengatik. Jarraian daude Mexiko (390.000), Honduras eta Guatemala (bakoitzak, 250.000). Txostenak jaso duenez iaz 2,6 milioi desplazatu berri izan ziren, 2021ean baino %30 gehiago; 2,1 milioi hondamendi naturalek bultzatuta eta 530.000 gatazkengatik. Kolonbia Kolonbiak, 2022an, 339.000 mugimendu berri izan zituen indarkeria armatuaren ondorioz, hamarkadako kopururik handiena. Behartutako desplazamendu horien eragin handiena izan zuten eremuak Cauca, Valle del Cauca, Putumayo eta Nariño izan ziren. Hala ere, fenomenoak beste eskualde batzuei ere eragin zien; hala nola, Antioquia, Choco, Cordoba, Caqueta, Cesar eta Magdalenari. Txostenak azpimarratu du istilu gehienak urtearen lehen erdian gertatu zirela, eta estatuz kanpoko talde armatuek, kasu askotan, giza eskubideen eta ingurumenaren aldeko gizarte eta komunitate liderren aurkako erasoak eta mehatxuak bideratu zituztela. Mugimendu horien ondoren, 2022aren amaieran 4,8 milioi barne desplazatu zeuden Kolonbian, eta, txostenak dioenez, beherakada txiki bat izan zen, 2021ean 5,2 milioi baitziren. Barne desplazatu horietako gehienak (4,76 milioi) gatazken eta indarkeriaren ondorioz zeuden etxetik urrun; 41.000, berriz, hondamendi naturalen biktima izan ziren, azterketa globalaren arabera. Amerikako desplazatu guztien %71 Kolonbian bizi da, baina ikerketak zehaztu du munduan fenomeno horri buruzko erregistro aurreratuenak eta osatuenak dituen herrialdeetako bat dela, eta horrek ere azal lezake, beraz, kopuruak indarkeria eta krisi maila antzekoak dituzten beste herrialde batzuetakoak baino askoz altuagoak izatea. Iaz, halaber, 281.000 barne desplazatu mugitu ziren, hondamendi naturalekin lotuta -batez ere, uholdeen ondorioz-, Sucre eta Bolivar iparraldeko departamenduetan. Mexiko Mexikoko indarkeriaren ondoriozko barne desplazatuak 386.000 izan ziren iaz, eta beste 3.600 pertsona etxetik urrun bizi dira hondamendi naturalen ondorioz. Bi erakundeen azterketak dioenez, indarkeriak beste 9.200 pertsonaren mugimendua eragin zuen iaz; beherakada nabarmena, 2021ean erregistratutako 29.000 pertsonekin alderatuta. Baina kopurua 2019an eta 2020an izandakoen antzekoa da. Indarkeriak eragindako desplazamenduen %90 Michoacan (mendebaldea), Chiapas (hegoaldea) eta Zacatecas (erdialdea) estatuetan gertatu ziren. Michoacanen eta Zacatecasen kasuan, 2.700 desplazamendu ‘Cartel de Jalisco Nueva Generacion’ delakoaren jardueren ondorio izan ziren, eta horietako batzuk talde kriminal horrek Michoacako Chinicuila herria hartu zuenean gertatu ziren, lurrikara batek ingurune hori astindu eta bi astera, hain zuzen. NRCk eta IDMCk azpimarratu dute Mexikoko barne desplazatuen kopuruak gora egin zuela modu iraunkorrean joan den hamarkadan, eta kasu askotan etxera itzultzen diren familiek berriro ere utzi behar izaten dutela segurtasun faltagatik. Haiti Haitiren kasuan, iaz, talde kriminalen indarkeriaren ondorioz, hamar aldiz egin zuen gora barruko desplazatuen kopuruak: 171.000. Izan ere, Karibeko herrialdeak desplazatuen 121.000 mugimendu berri erregistratu zituen iaz: 106.000 indarkeriaren ondorioz eta 15.000, hondamendi naturalen eraginez. Indarkeriak eragindako barne desplazamendua areagotu egin zen 2021eko uztailean Jovenel Moïse Haitiko presidentea hil zutenetik. Ikerketak dio erasoak bikoiztu zirela 2022an, delitu-taldeak Port-au-Prince hiriburuaren %60az jabetu zirenean. Haitiko hiri nagusian bakarrik desplazatuen 9.000 mugimendu egin ziren hegoaldeko departamentuetarantz. Indarkeriak beste eremu batzuetan ere eragin zituen desplazamenduak; hala nola, Erdialdeko eta Artiboniteko departamentuetan. Txostenaren arabera, Haitiko 171.000 desplazatuetatik %88 Port-au-Princeko metropoli-eremuan bizi dira; horietako askok urtebete baino gehiago daramate etxetik urrun, eta hiru laurden komunitateek beraiek hartzen dituzte, ez baitago harrera zentro ofizialik. Kongoko Errepublika Afrikan, Kongoko Errepublika Demokratikoan dago arazo larriena. NBEren arabera, barne desplazatuen kopurua 6,3 milioi pertsonakoa da dagoeneko; batez ere, herrialdearen ekialdean. Bruno Lemarquis NBEko idazkari nagusiaren ordezkari berezi eta koordinatzaile humanitarioaren arabera, pertsona horien %94k gatazkaren ondorioz alde egin behar izan zuen etxetik. Uholdeek kaltetutako herritarrak, Kongoko Errepublika Demokratikoko gobernu zentralaren laguntzaren zain, Nyamukubin. (Guerchom NDEBO / AFP) Ipar Kivu eta Ituri probintziek, herrialdearen ipar-ekialdean eta Ruandarekiko mugan, gatazka armatu konplexua bizi dute duela 25 urte baino gehiagotik. Gatazka horretan, ehun miliziano matxino taldek eta Armadak borroka gurutzatu odoltsuak izan ohi dituzte. Lemarquisen ustez, «hondamendia» dago Kongoko Errepublika Demokratikoan eta nazioarteari eskatu dio «normaltzat» ez hartzeko. Gainera, NBEko ordezkariak ohartarazi du Kinsasa hiriburuaren inguruan borrokak areagotu direla, eta gaineratu du tentsioak are handiagoak izan daitezkeela aurten. Lemarquis asaldatuta agertu da, era berean, KEDi eragiten dioten epidemiengatik (batez ere, elgorria) eta herrialdea gero eta gehiago astintzen duten muturreko gertakari klimatikoengatik. Azkena, duela bi aste, Ipar Kivu probintzian. Euri-jasen ondorioz, gutxienez, 400 pertsona hil ziren eta beste 6.000 desagertuta daude. Modeste Mutinga Kongoko Gizarte Gaietarako, Ekintza Humanitariorako eta Elkartasun Nazionalerako ministroak deitoratu egin du gatazkari nazioarteko komunitateak «jaramonik ez egin izana», eta ziurtatu du egoera humanitarioak okerrera egin duela azken urtean. Mutingak Ruandako Gobernuari egotzi dio ardura eta herrialde subirano gisa beste herrialde subirano bati erasotzea leporatu dio. Halaber, ekialdeko milizia armatuei egotzi die gatazka gogortu izanaren errua. Gai Humanitarioak Koordinatzeko NBEren Bulegoaren arabera, 2.025 milioi dolar behar dira Afrikako herrialde honetako krisi humanitarioari aurre egiteko. Errefuxiatuen Norvegiako Kontseiluaren arabera, Kongoko Errepublika Demokratikokoa da, mundu osoan, barne desplazatu gehien eragin duen krisia eta, aldi berean, arreta gutxien jasotzen duenetako bat. Egoera bereziki larria da Ituri probintzian. Han 202.000 pertsonak utzi behar izan dute etxea eta, beraz, dagoeneko 1,6 milioi desplazatu daude eskualde horretan. %52 baino gehiago 18 urtetik beherakoak dira, Nazio Batuen Erakundearen arabera. Eta krisia aurreko egoera larriari gehitu zaio. Izan ere, Iturin, 1,3 milioitik gora pertsonak ezin dute osasuntsu bizitzeko behar adina jan eta milaka haurrek ez dute eskolara joateko aukera. Azken hilabeteetan talde armatuen erasoak areagotu egin dira; batez ere, lendu etniako nekazarien Kongoko Garapenerako Kooperatibarenak. Armadaren gehiegikeriei aurre egiteko sortua, gatazka odoltsua du gaur egun hema artzain komunitatearekin. Gatazka horrek milaka hildako eragin zituen 1999tik 2003ra. Sarraski okerrenak hema komunitatearen indar armatu Ituriko Autodefentsarako Herri Fronteraren kontrako erasoetan gertatu dira. Genozidioa Prebenitzeko Nazio Batuen Erakundeko aholkulari Alice Wairimu Nderituk genozidioa gertatzeko arriskuaz ohartarazi du. Baina hori Kongoko Errepublika Demokratikoko hamaika gatazketako bat baino ez da. Ekialdea Armadaren eta milizien arteko borrokan harrapatuta dago. Bizitzeko aukera eta baliabide egonkorrik gabe, milaka kongotar armak hartzera behartuta daude bizirik irauteko. Kivuko Segurtasun Barometroaren arabera, 120 talde matxino aktibo daude ekialdeko lur horietan. (Anun SANKAR / AFP) UKRAINA, BEHARTUTAKO MUGIMENDU HANDIENA IAZ Ukrainako gerrak munduan derrigorrezko mugimendu handiena eragin zuen 2022an, eta 16,9 milioi pertsona barne desplazamendura eraman zituen; horietatik, 5,9 milioik desplazatuta jarraitzen zuten urte amaieran. Gainerakoek, berriz, herrialdetik irtetea edo etxera itzultzeko arriskua hartzea erabaki zuten. Errusia, Kazakhstan, Kirgizistan eta Armenian erregistratutako desplazamendu txikiekin batera, Europa eta Asia erdialdeko eskualdean 17 milioi desplazatu izan ziren. Europan eta Asia erdialdean izandako hondamendiek eragindako joan-etorriak %61 murriztu ziren. Mediterraneoan baso-suteen ondorioz gertatu ziren desplazamenduak; batez ere, Espainian eta Frantzian (bien kasuan, guztizkoaren %85 izan ziren). Ukrainaren kasuan, ikertzaileek adierazi dute zenbatutako barne desplazamenduen zati bat hainbat arrazoirengatik bi aldiz edo gehiagotan tokiz mugitu behar izan zuten pertsonei zegokiela; hala nola, eraso militarrengatik edo ostatu egonkor bat aurkitzeko edo diru sarrera bat sortzeko ezintasunarengatik. Hala ere, Ukrainako lau desplazatuetatik hiruk adierazi dute jatorrira itzultzea izango litzatekeela, epe ertainera, beren egoera konpontzeko modurik onena, baina epe motzera zaila ikusten dutela lehergailuak daudelako, oinarrizko zerbitzurik ez dagoelako eta lana aurkitzeko zailtasunak daudelako. Ukrainaz gain, Kirgizistan eta Tajikistan arteko mugan 2022an izandako talka militarrek 166.000 pertsonaren desplazamendua eragin zuten Kirgizistan aldean (aurreko urtean baino hiru aldiz gehiago); horietako gehienak, ondoren, etxera itzuli ziren. 4.000 bat pertsonak jarraitzen zuten lekualdatuta 2022. urte amaieran. Bestalde, Armeniaren eta Azerbaijanen arteko tentsioek 7.600 pertsona lekualdatu zituzten irailean mugan, txostenaren arabera. Gatazkek eta indarkeriak eragindako 28,3 milioi mugimenduei dagokienez, txostenak dio %60 Ukrainako gerraren ondorio izan zirela (17 milioi, alegia) Joan den urtean, desplazatuen 60,9 milioi mugimendu izan ziren planetan. Horietako batzuek hainbat aldiz aldatu behar izan zuten kokalekua Indarkeria izan zen desplazamenduen arrazoi nagusia, baina hondamendi naturalengatiko desplazatuak 8,7 milioira iritsi ziren iaz: urte arteko %45eko hazkundea Kongoko Errepublika Demokratikokoa da, mundu osoan, barne desplazatu gehien eragin duen krisia eta, aldi berean, arreta gutxien jasotzen duenetako bat Haitiren kasuan, iaz, talde kriminalen indarkeriaren ondorioz hamar aldiz egin zuen gora barruko desplazatuen kopuruak: 171.000 pertsona Kolonbian 4,8 milioi desplazatu daude -Amerika osoko %71- eta 2022an, 339.000 mugimendu berri izan zituen indarkeria armatuaren ondorioz