2023 MAI. 27 «MAKE BILBAO GREY AGAIN» Niko Vazquezek 80ko Bilboren albuma osatu du, memorian eta adimen artifizialean oinarrituta Memorian dauka umetako auzoa. Bilboko Irala eta Errekaldeko lokatzetan hazitakoa da, azpiegitura gutxi eta elkartasun handiko auzo giroan. Niko Vazquez grafistak ibilbide luzea egin du eta beti izan du bidaide teknologia. Orain adimen artifizialaren erreminta erabili du oroimenean eta azalean daukan auzoa irudikatzeko. Niko Vazquezek ibilbide luzea osatu du grafista modura eta beti izan du bidaide teknologia. (Marisol RAMIREZ | FOKU) Amagoia Mujika Grafista da, musikari estu lotutako grafista. Azken 30 urteotan lanbide izan du sorkuntza grafikoa eta bidaide, musika. Orain ere astero geratzen da bere musika taldearekin entseatzeko, Motorsex taldearekin. «Umetatik musika arnastu dugu gure etxean eta nire bizitzaren parte izan da betidanik. Gure etxeko objekturik preziatuena disko-jogailua zen. Bederatzi anai-arreba gara eta etxean bost bizi ginen. Goizetik gauera sekulako lehia izaten genuen disko-jogailua zeinek harrapatuko. Musikarekin eta musikarako bizi ginen denok. 70eko amaieran 80ko hasieran, punkaren eztanda gertatu zenean, erabat harrapatu gintuen. Vulpess taldekoak nire arrebak dira. Garai hartan guk ere musika talde bat sortu genuen: Me Cago en Dios (M.C.D.). Gure etxean musikak pisu handia zeukan, gure bizitzaren parte da». Isiltasunik gabeko etxe hartan, amaren pazientzia eta patxada nabarmentzen ditu Vazquezek. «Gure amaren pazientzia harrigarria iruditu zait beti. Gai zen egunero 18 urtez disko-jogailua jasateko, oso musika desberdinekin gainera, nork bere gure gustuak zituen eta. Amak beti utzi digu espazioa, gure zaletasunak errespetatu ditu beti». Musikan lehen urratsak egiten ari zen garaian hasi zen Vazquez musika talde sonatuen portadak diseinatzen. Eskorbutoren “Impuesto Revolucionario”, La Pollaren “Toda la puta vida igual”, Vulpessen “Me gusta ser una zorra” edota Parabellumen “Adelante sin cabeza” lanei Vazquezek jantzi zien portada. «Grafismoa eta edozein sorkuntza lan elkarri lotuta daudela iruditzen zait, inoiz ez ditut bereiztu. Niretzat grafismoa adierazpen modu bat da, musika den bezala. Artea da eta dena lotuta dago». Londresko Ravensbourne Collegen ikasi zuen Komunikazio Bisuala, Aldundiaren beka bat zela medio. 80ko hamarkada amaieran iritsi zen Londresera eta han izan zuen lehen harremana ordenagailuekin. «Betidanik gustatu izan zait teknologia eta berrikuntzak oso gertutik jarraitu izan ditut. Londresen aukera izan nuen teknologiaren azken berrikuntzak ezagutzeko eta gerora oso lagungarria izan da grafista bezala egin dudan ibilbidean». Londresen ikasi arren, M.C.D.koekin harremana izaten jarraitu zuen. «Nire taldearekin harremana etengabea zen, letretan edo musikan kolaboratzen jarraitzen nuen. ‘De ningún sitio a ninguna parte’ diskoaren portada Javi de la Fuente eta biok egin genuen. Azala erronka teknologikoa izan zen garai hartarako (1990), ordenagailu ingeles oso garestia erabili baikenuen collage bat egin ahal izateko. Orain bost minutu besterik ez dira behar, baina garai hartan prozesuak orduak eta orduak irauten zuen». (Niko VAZQUEZ) Teknologiak betidanik deitu izan dio arreta eta bidelagun izan du sortzeko garaian. «Gogoan dut Londresen ikasten ari nintzela ikusi nuela lehendabiziko Mac-a, Apple-k atera zuen lehen ordenagailua. Esan zidaten ‘ikusi, hemen botoi honi eman eta piztu egiten da’. Bospasei hilabetean erabat kontrolatzen nuen eta lagunak etortzen zitzaizkidan traste hark nola funtzionatzen zuen galdetzera. Betidanik interesatu izan zait teknologia eta gaztetatik dirutza gastatzen nuen hilabetero puntako teknologia ezagutzeko. Hain arraroa zen eta magia egiten zuen hizkuntza hura ezagutu nahi nuen. 90eko hamarkadaren erdialdean lagun batzuekin batera muntatu nuen EITBko lehen webgunea. Etorkizuna hori zela esaten genien eta denek harrituta begiratzen ziguten». Vazquezentzat, beraz, teknologia erreminta interesgarria da: «Beti topatu behar da zure lanean aplikatzeko modua. Ez daukat inolako konplexurik erreminta berriak deskubritzeko, esploratzeko eta erabiltzeko. Hori bai, erreminta horiek erabiltzeko, garrantzitsua iruditzen zait ikasketa oinarri indartsu bat izatea. Londresko eskolan, adibidez, ez ziguten uzten ordenagailuak erabiltzen tipografiak ikasteko garaian. Eskuz lantzen genituen tipografia guztiak eta hori bada ikasketa oinarri sendo bat lantzea. Ordenagailuekin gauza bera da. Ordenagailu bat izatea eta puntako teknologia eskura izatea ez da nahikoa lan txukun bat egiteko; magia egin daiteke edo zaborra. Eta normalean, zaborra egiten da. Sorkuntza lantzeko eta adierazpen modu berriak topatzeko bideak badaude, baina horiek ere landu egin behar dira». «Make Bilbao Grey Again» Bere ibilbide osoan teknologiarekin izan duen harremanetik abiatuta, aise ulertzen da “Make Bilbao Grey Again” irudi sorta. 80ko hamarkadako Bilboren arima harrapatzen saiatu da Vazquez adimen artifizialaren tresnak erabilita sortu duen proiektuan. Bi tresna erabili ditu nagusiki: Midjourney eta Leonardo izeneko adimen artifizialeko tresnak. Photoshop programarekin findu ditu beste bi tresnek sortutako irudiak. (Niko VAZQUEZ) «Adimen artifiziala asko garatzen ari da denbora laburrean. Ni hasi nintzenetik dagoeneko programa horietako batzuek beste bi bertsio berri sortu dituzte eta batetik bestera hobekuntzak nabariak dira». Funtzionamendua honako hau da: testu baten bitartez deskribatzen da sortu nahi den irudia. Parametro batzuk zehazten dira; nolabait, sistema gidatzen duzu buruan daukazun irudia sor dezan. «Inoiz ez duzu lortzen benetan nahi duzuna. Zabor asko sortzen da. Fintzen eta fintzen joan behar duzu buruan daukazun irudira gerturatu arte. Sortzen diren ehun iruditik hamar baino gutxiago gerturatzen dira nahi duzunera». Zabor ugari eta tartean-tartean, magia. Hori da, Vazquezen hitzetan, teknologiaren funtzionamendua. «Adibidez, Bilboko seriea osatzeko, dagoeneko 10.000 bat irudi sortu ditut eta horietatik 150 hautatu ditut; gainontzeko %95 inguru baztertu egin ditut. Zabor asko sortzen da. Baina adimen artifizialak magia egiten duenean, buruan daukazunera gerturatzen denean, sekulakoa da. Programa horiek bertsioak berritzen ari dira etengabe. Aldiro asko hobetzen da erresoluzioan, baina estetika ere aldatu egiten da. Eta hasieran sortu nituen irudi batzuk berriz egiten ari naiz orain, bertsio berrituetan, irudi sorta guztia koherentea izan dadin. Adimen artifiziala abiada ikaragarrian ari da eta akatsak sortzen dituenean ere sekulakoak izaten dira; batzuetan erabat surrealistak eta besteetan, harrigarri ederrak. Beti harritu nau programatzaileek makinari gizatasun begiratu hori ematea lortzeak». 80ko hamarkadara garamatza Vazquezek “Make Bilbao Grey Again” proiektuarekin. Hainbat erakusketatan ikusgai izan da Vazquezen lana azken hilabeteotan eta aste gutxi barru argazki liburu bat emango du argitara serie horretako 150 irudi ingururekin. Zorrotz argitaletxeak argitaratuko du lana. (Niko VAZQUEZ) «Nire haurtzaroaren eta gaztaroaren album grafikoa egin dut. Irudien bitartez, umetan bizi izandakoa kontatzen saiatzen ari naiz. Ni Irala eta Errekalde artean hazi nintzen. Erabateko zabortegiak ziren, lokatzez beteak, etxebizitza oso prekarioak zituzten eta ez zeukaten azpiegiturarik, ez eskolarik ez kiroldegirik. Dena tailerrez eta fabrikaz beteta zegoen. Hor hazi nintzen ni. Proiektu honekin argazki album bat osatzen saiatzen ari naiz, ez baitaukat garai hartako irudirik. Nire memorian jasota dauden irudiak berregiten saiatu naiz, koloretan gainera. 70eko eta 80ko hamarkaden berrikuspen oso pertsonala da». Pertsonek, auzotarrek, garrantzia daukate Vazquezen lanean. «Auzoei bizia pertsonek ematen diete, horretan ez daukat zalantzarik. Gu lokatzetatik gatoz. Bilbok orain postaletako hiri bat dirudi, baina azpian, zimenduetan, bizirik dago garai batean izan zen lokatza. Eta lokatz horietan pertsonak bizi ginen. Ez da ikuspegi ezkorra, nik ez dut horrela ikusten. Lokatza eta kutsadura bazeuden, baina baita auzo bizi-biziak ere. Elkartasun handia zegoen, auzo izaera bizia, frankismoaren garai beltz hartatik ateratzeko bultzada kolektibo bat...». Vazquezen lanak lokatzetan bizirik zegoen herri bat irudikatzen du, elkartasunezko taupada bat. «Umetan bizi esperientzia oso indartsu bat izan genuen guk. Ikasketak nork bere kabuz egiten zituen akademia batean. Gero akademia hori Errekaldeberriko herri unibertsitatea izan zen. Neskek eta mutikoek elkarrekin ikasten genuen akademia hura baliabiderik gabeko langile familiei zuzendua zegoen. Oso proiektu aitzindaria izan zen. Deustuko ikasleek eta apaiz batzuek ematen ziguten klasea ahal zuten bezala eta ahal zuten tokietan. Batxilergoko lau urteak horrela egiten genituen, nork bere kasa eta gero azterketa bat gainditu behar izaten genuen ikasketekin aurrera jarraitu ahal izateko. Akademia hura auzoaren proiektua zen eta autokudeaketan oinarrituta zegoen erabat. Pentsa, larunbat goizetan kamioi bat uzten ziguten eta auzoz auzo ibiltzen ginen papera biltzen. Gero, bildutako papera saldu eta diru hori akademiara bideratzen genuen. Santa Agedan kantuan eta eskean aritzen ginen, antzezlanak egiten genituen... denetarik egiten genuen akademiarako dirua biltzeko. Familiak eta auzotarrak erabat inplikatuta zeuden proiektu horietan. Klase kontzientzia eta elkartasuna askoz biziago zeuden garai hartan, nahiz eta lokatzetan bizi». (Niko VAZQUEZ) «Nire memorian jasota dauden irudiak berregiten saiatu naiz, koloretan gainera. 70eko eta 80ko hamarkaden berrikuspen oso pertsonala da» «Bilbok orain postaletako hiri bat dirudi, baina azpian, zimenduetan, bizirik dago garai batean izan zen lokatza. Eta lokatz horietan pertsonak bizi ginen. Elkartasun handia zegoen»