2023 EKA. 10 AZTARNATEGIAK ESTALITA Aztarnategi arkeologikoak arriskuan, klima aldaketaren ondorioz Dela tenperatura aldaketa bortitzengatik edo hondar ekaitzengatik, adibidez, mundu osoko hainbat aztarnategi arkeologiko arriskuan daude. Klima aldaketak eragiten ditu fenomeno horiek eta arazo larria bilakatzen ari da Iraken, esaterako. Halaber, beste zenbait tokitan, hala nola, Alemanian, orain arte ezkutuan zeuden aurkikuntza arkeologikoak argitara ateratzen ari dira. Aqeel al-Mansrawi arkeologoa Umm al-Aqarib aztarnategian, Iraken. (Asaad NIAZI | AFP) Nerea LAUZIRIKA Oso etsai ikusgarriak eta suntsitzaileak dira: Iraken, hondar ekaitzak eta gazitzea aztarnategi arkeologikoak kaltetzen ari dira. Klima aldaketaren zeharkako ondorioak dira, «asko sufritu eta gutxi ekiten» duen herrialde batean. Tenplu bat estaltzen duen hareazko muino baten gainetik, Aqeel al-Mansrawi arkeologo irakiarra lau milurteko baino gehiagoko historia ikusten ari da. «Umm al-Aqarib Mesopotamiako hegoaldeko hiri sumertar nagusietako bat da», azaldu du. Bost kilometro karratutan banatua, Umm al-Aqarib (‘Eskorpioien ama’, arabieraz) Irak hegoaldeko basamortuan dago. Arorik nabarmenena K.a. 2.350 ingurukoa izan zen, orduan hainbat tenplu izan baitzituen, tartean, Sumerreko lurretako Shara jainkoa omentzen zuena. Orain arteko misioetan, arkeologoek kanalak, buztin zatiak, oholtxoak eta sumertarren historia idazteko beste hainbat pieza aurkitu dituzte. Baina gaur egun, gaizki zaindutako lekuetan ohikoak diren lapurretez gain, Umm al-Aqaribek bete-betean pairatzen ditu klima aldaketaren zeharkako zenbait ondorio, besteak beste, Iraken gero eta ohikoagoak diren hondar ekaitzak. 2022an, dozena bat haize bolada izan ziren herrialdean, AFPren zenbaketaren arabera. Umm al-Aqariben, hondarrak «gunearen zati handi bat estaltzen du», azaldu du Aqeel al-Mansrawik. Eta «hamar bat urtez» luzatzen ari da fenomenoa dagoeneko. Tenplu baten aurrealdea osatzen duten terrakotazko adreiluak aurkitzeko, arkeologoak lehenik harea kendu behar du. «Hurrengo hamar urteetan, litekeena da hondarrak Irak hegoaldeko aztarnategi arkeologikoen %80-90 estaltzea», azaldu du. «Misio arkeologikoek ahalegin handiagoa» egin beharko dute miatzen hasi aurretik. Giro «oso lehorra» Egun, haizeak «hautsez beteago» daude, eta «lur zatiak garraiatzen dituzte, batez ere harea eta lokatza, antzinako eraikinen higadura eta erauzketa eragiten dutenak», Jaafar al-Jotheri Irakeko Al-Qadissiyah Unibertsitateko Arkeologia irakaslearen arabera. Negu lehorragoetan eta uda luze eta beroagoetan tenperatura 50 gradutik gorakoa izateak eta «landaretza faltagatik lurra murriztu eta zatikatzeak» dute errua, haren ustez. Beste etsai bat ingurunea gazitzea dela diote, «oso lehorra» izatearen ondorioz. Mark Altaweel Londresko University Collegeko Ekialde Hurbileko Arkeologia irakasleak azpimarratu duenez, «ura oso azkar lurruntzen denean, hondakin gaziak bakarrik geratzen dira». Eta kopuru handiegian, gazitzeak dena irensten du. NBEren arabera, aldaketa klimatikoaren eraginak gehien pairatzen dituen bost herrialdeen artean dago Irak. Egoera ezin hobeto ikusten da Tigris eta Eufrates ibaietan. Irakeko laborantzarako ureztatze iturri nagusiak dira, nahiz eta gaur egun errekastoak baino ez diren. Prezipitaziorik ezak zerikusi handia duen arren, Bagdadeko agintariek, batez ere, Turkiak eta Iranek ibaietatik gora eraikitako presak jotzen dituzte ibaien emari eskasaren erruduntzat. Kudeaketa hidrauliko txarra Ondorioz, Jaafar al-Jotheriren arabera, Irakek «kudeaketa hidrauliko okerrena» egiten du, sumertar eta akkadiar garaietatik datorrena. Gaur egun ere, laborariek uholde bidezko ureztapenera jotzen dute, teknika hori xahutze handitzat jotzen den arren. Urik gabe geratzen ari direla, gero eta laborari eta abeltzain irakiar gehiago hirietara migratzen ari dira bizirik irauteko esperantzaz. «Nekazariek beren lurrak utzi ondoren, lurrak haizetearen arriskupean daude, are gehiago», azaldu du al-Jotheri irakasleak. 2021. urte amaieran, Barham Saleh presidente ohiak jakinarazi zuenez, «basamortutzeak Irakeko lurren %39ri eragiten dio», eta kopuru hori handituko dela iragarri zuen. Eta, ondare arkeologikoa? Ustelkeria nonahi dagoela eta petrolioa nahi beste duten arren, biztanleriaren herena pobrezian bizi den herrialde honetan, aztarnategi arkeologikoak alde batera utzita dauzkate. Hala eta guztiz ere, Chamel Ibrahimek, Dhi Qarreko Antzinateko zuzendariak -probintzia horretan dago Umm al-Aqarib-, ziurtatu du Gobernua «hondarrezko dunei eusteko lanean» ari dela. Besteak beste, zuhaitzez egindako «gerriko berdea» landatu behar dute inguru horretan, 5.000 milioi dinarreko (3,5 milioi euro inguru) kostuarekin. Jaafar al-Jotherik, hala ere, zalantza du oraindik, landaretza bizirik mantentzeko «ur asko behar baita». «Klima aldaketaren ondorioak gehien sufritzen dituen herrialdea gara, eta haren aurka gutxien egiten duenetarikoa», dio. Hala ere, Irak ez da arazo hau pairatzen duen herrialde bakarra, NBEk 2018an argitaratutako “Mundu mailako ondarea eta turismoa, klima aldakorrean” txostenaren arabera. Gehiegizko joan-etorriek, urbanizazioak, kutsadurak edo planifikaziorik ezak interes gune askoren kontserbazio maila baldintzatu dute. Orain, gainera, itsasoaren mailaren igoera ere arriskutsua izan liteke. Arkeologo batzuek uste dute hondar pilaketek aztarnategiak arpilatzaileengandik eta eguraldi txarraren eraginpean egotetik babestu ditzaketela. Izan ere, lurperatuta dauden aztarnategi askok milaka urtez iraun dute onik horri esker. Baina Michael Fradleyk,Oxford unibertsitateko Arabiar Penintsulan espezializatutako arkeologoak, uste du ingurumenean gertatzen diren aldaketa azkarrek kalte handiagoa egingo dietela aztarnategiei, salbatzen lagun dezaketen ustezko onurek baino. «Milaka urtean aztarnategi horiek izan duten egonkortasuna aldatzen ari da», adierazi du. Batzuk estali, besteak bistaratu Duela hilabete batzuk Alemanian izandako lehorte handiak ‘hungerstein’ deiturikoak utzi zituen agerian; ‘gosearen harriak’, hain zuzen ere. Batzuek ehun urte dauzkate, eta ibaien maila baxuak zekartzan goseteekin lotuta daude. «Ikusten banauzu, egin ezazu negar», diote berriro ikus daitezkeen harri batzuetan egindako inskripzioek. XV. mendeko tradizio baten parte dira eta aipatutako esaldia, adibidez, Elba ibaian aurkitutako harri batekoa da, 1616koa. XIX. mendean bidaiari askok, lehorte garaian, ‘hungerstein’ harriei buruz idatzi zuten. «Klima aldaketaren ondorioak gehien sufritzen dituen herrialdea gara, eta haren aurka gutxien egiten duenetarikoa», Jaafar al-Jotheri irakaslearen hitzetan Arkeologo batzuek uste dute hondar pilaketek aztarnategiak arpilatzaileengandik eta eguraldi txarraren eraginpean egotetik babestu ditzaketela