2023 EKA. 10 Lehen «round»-a Joxean AGIRRE Hitzek, hala esan ohi da, sentipenak adierazten dizkigute, gure barreneko sentimenduak kanporatzeko balio dute; hitzak entzunez edo irakurriz besteen bizitzetan sartzen gara eta haiekin batera sufritzen, gozatzen dugu. Zifrak, aldiz, hala esan ohi da, hotzak dira, neutroak. Haiei begira, lau zenbakitik gorakoak direnean zorabiatu egin gaitezke edo buruko mina eragiten diezagukete. Hala pentsatzen nuen nik ere hauteskunde gauean ohartu nintzen arte zifrek ere sekulako indarra dutela gure barruko bizipenak adierazteko. Ikusten nituen lau edo bost zenbakiko zifrak telebistaren pantailan edo portzentajeren bat eta bozkarioak hartzen zidan barrena edo zorion halako batek bihotza, sofatik altxatu eta «to!», esaten nuen eta txaloka hasten nintzen, futbolzale ohikoen antzera. Badakit porrotaren patura ohitutakoen “poxa” dela hori. Bizitza erdia pasa generaman, bizitza osoa ia, EAJrekiko lehia etsian, familiako sestra horretan beti galtzaile izango ginela pentsatuz. Freudek esaten zigun, modu metaforikoan noski, aita hil behar genuela helduak izatera iristeko, baina zein zaila den aita hiltzea, hauteskundeak joan eta hauteskundeak etorri, irabazi egiten baitzigun. Zenbat aldiz ez ote dugun irudikatu gure burua zahartzaroan, 90 urterekin esate baterako, bizkarra okertuta eta bastoi batekin ozta-ozta hankak arrastatuz, bufanda ziztrin bat lepoan, hauteskunde biharamunean egunkaria irakurtzen hasi eta ahapeka «orain ere irabazi zigutek», esaten. Azken hauteskunde gauean, ordea, oskarbi une bat ikusi genuen. Ez dut esango aita hiltzera iritsi ginenik, baina susto ederra eman genion, sustoa baino gehiago ere bai, pitin bat grogi, durduzatuta ikusi baikenuen. Andoni Ortuzar atera zen esaten nota hartzen zutela eta gogoeta egingo zutela. Nik gogo-jardunak astebetez luzatuko zituztela irudikatzen nuen, Sabin Etxean bertan edo Loiolako Gogartetxean, zer pentsatua ez baitzitzaien falta, alafede!, baina zeinen azkar aspertu ziren gogoetekin, zeinen azkar suspertu ziren, bigarren egunerako ituna berregiten ari zirela iragarri baitzuten, lehenean jarraitu ahal izateko, ahal zuten lekuetan bederen. Nik pare bat egun pasatu nuen batuketak eta kenketak egiten. Ez dut uste hainbeste batuketa egin dudanik etxea erosteko mailegua eskatu nuenetik. Ez dugu aitarik hil, baina diogun lehen round-a ez zela hain gaizki amaitu. •