GAUR8 - mila leiho zabalik
{ DATORRENA }

«Apocalypse» orain dator


Konpositore finenek ere gerra kantak idazten dituzte. Hor dago, adibidez, Coppolak “Apocalypse Now” filmean maisuki sartu zuen Wagnerren "Walkirien kabalkada". Ez da, beraz, desegokia Wagnerren izena mertzenario errusiarren enpresarentzat. Desegokia izan zen haren nagusi Yevgeny Prigozhinek matxinada bat antolatu izana, Defentsa Ministerioak ez ziolako kontratua berritu nahi izan. Espero bazuen ere, inork ez zuen babestu. Ukrainako gerra irabazi handiko negozioa zen berarentzat, ez hainbeste diru aldetik, baizik eta bere egorako. Hasieran azaldu ez zen arren, jendaurrean agertu bezain laster Prigozhinek bere egoa eta histrionismoa erakutsi zuen, eta horrek hondamendira eraman du azkenean.

Wagner taldeak osperako bi indargune zituen, Ukrainako gerraren ildo orokorrarekin kirrinka egiten zutenak. Lehena epika da. Gerra orok sakrifizioak, gertakari ausartak eta heroiak behar ditu bere izaera errukigabea sendotzeko; odolez, izerdiz eta malkoz - Churchillen hitzetan- eraikitako garaipena jendearengana iristen da eta hunkitu egiten du. Eta kazetariak horiek kontatzeko irrikan daude. Horregatik, gerra estaltzen ari diren guztiek Wagnerrek egindako guztia maite zuten. Dena laudorioak ziren eta matxinadarekin kazetari guztiak mutu geratu ziren. Hala ere, Moskun ez dute heroismorik nahi. Errusiako indarrek Azostalen Azov taldea inguratu zutenean ere, Vladimir Putinek esan zuen ez zela beharrezkoa fabrikari erasotzea, presarik ez zegoela eta. Izan ere, Moskun uste sendoa dute hau NATOren aurkako higadura-gerra bat dela, eta badakite garaipena lortzeko bukaeran azken soldadua ere beharrezkoa izango dutela. Beren estrategia uste horrekin oso koherentea izan da: lur-zati bat, gorabehera, ez doa inora. Izan ere, Jerson utzi zuten, hari eustea ez zetorrelako bat planteamendu orokorrarekin. Hortik datoz defentsari eman dioten garrantzia eta aurrerapen motelak. Eta Wagner taldeak bere erasoekin plan orokorra desitxuratzen zuen etengabe.

Bere ospearen bigarren arrazoia izaera antiburokratikoa zen. Elkarrizketa guztietan azpimarratzen zuten paperik gabe funtzionatzen zutela eta Prigozhinek -eta kazetari gehienek- Ministerioaren prozedura burokratikoegiak kritikatzen zituen, baita haren akatsak eta hornikuntzaren atzerapena ere. Arrazoizkoak batzuk, beste batzuk ez hainbeste, hornikuntza bazter guztietara iritsi behar direlako. Erakunde burokratiko guztiei datxezkien kritikak dira eta jende arruntak beti azkar ulertzen ditu kritika horiek.

Arazoa, ordea, beste nonbait zegoen. Donbasseko miliziak bandoz aldatu ziren Ukrainako Armadaren unitateetatik sortu ziren. Gero boluntarioak etorri ziren, eta geroago laguntza informal hori Wagnerrekin formalizatu eta profesionalizatu zen, enpresarien dohaintzak eta beteranoen kontratazioa bideratu zituenarekin. Errusiako Armada sartu zenean, Donetsk eta Luhanskeko miliziak armada erregularrean sartzeko prozesua hasi zen, eta Wagner zen geratzen zen elektroi solte bakarra, ordutik aurrera Errusiatik hornitua. Bere nagusiak ez zuen ulertu gerrak zuzendaritza batasuna behar duela, guztiaren gainetik zegoela pentsatu zuen eta azkenean jokoz kanpo geratu da. Marlon Brandok “Apocalypse Now” filmean antzezten duen Kurtz koronelaren eromena gogorarazten du.

Hori amaitu egin da. Hurrengoak apokaliptikoagoa dirudi. Zelenskyk iragarri du errusiarrek kontrolpean duten Zaporizhiako zentral nuklearra lehertuko dutela; kosta ahala kosta NATO inplikatu nahi du. •