GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Mila esker ikasteko aukeragatik


Gustuko dut ikasle gisa aurkezten den jendea. Izan daiteke titulu askoren jabe, baina, hala eta guztiz ere, horiekin guztiekin batera, ikasle sentitzen da. Bizitzaren aurreko jarrera bat da, ikasteari inoiz uzten ez dion jendea. Gogoan dut gure aitonak nola tentatzen gintuen ume izateari utzi geniola. Ikastolan ikasi berria genuen Lurrak eguzkiari nola ematen dion bira eta aitonari azaldu nahian ari ginen laranja eta sagar bat eskuetan. Aitona dotrina, irakurtzen, idazten eta numeroak ikasi bitartean joan zen eskolara. «Baina noiz arte joan behar duzue zuek eskolara?», galdetu zigun.

Nituen galderei erantzun nahian pedagogiaren barrunbeetan barneratu nintzen. Bidean, erantzunen bila, galdera berriak sortu zaizkit. Eta ohartu naiz, bidaia batean bezala, helmuga baino interesgarriagoa eta aberatsagoa dela bidea bera. Ikasten ari naiz maisu eta maistra onek ez dutela sekula ikasle izaera galtzen; heztea irakatsiz ikastea dela.

Abentura itzela da ikasleen aurrean jarri eta haiei irakasteko ardura hartzea. GU gara orduan, gure filosofiarekin, bizitzaz ditugun sinesmen eta usteekin. Gure mugak, akatsak eta minak ere hor, guztiak datoz gurekin eskolara. Pedagogia, metodologia, didaktika teoriak eta praktikak zein adituak inspiratzaileak izan dakizkiguke, hala nahi badugu. Ez gaitezen engaina, ordea: nork bere bidea egin behar du, nork bere senari, jakinduriari, intuizioari, barne-irizpideei jarraituz. Horiei egin behar diegu kasu. Zer eskain dezakegu? Maitasuna, errespetua, konfiantza, eta presentzia, batez ere.

Francesco Tonucci italiar psikopedagogo, marrazkilari, pentsalari eta hirien bizitzan eta antolaketan haurrek izan behar duten lekua eta garrantzia defendatzeagatik ezaguna denak “Hezkuntzaren 5 BAI”-ak definitu zituen. Horiekin amaitu nahi dut 9 urte eta 104 gogoetako GAUR8ko leiho honetako ibilbidea:

1. BAI haurrenganako konfiantzari: haurrek badakite jakiten, alegia.

2. BAI haurrak entzuteari: hezigunera beraiekin dakarten mundura irekitzea geure burua.

3. BAI aniztasunari: aniztasuna Hezkuntzaren aberastasuna da eta berdintasuna, haren pobrezia.

4. BAI lengoaia askori: ikasle bakoitzari bere berezitasunekin harrera egitea eta horien araberako adierazpen aukera desberdinak eskaintzea da aniztasunak Eskolan duen proiekzioa. Haurren Eskubideen Konbentzioaren 13. artikuluak adierazpen-askatasunari buruz aurreikusten duen bezala.

5. BAI azkenei: eskola publiko baten (denentzako eskola irekia dela ulertzen dut, berdin dio kudeaketa estatala edo pribatua den) jomuga “azkenen” eskola izatea da. Azkenek izan behar dute gure kutunenak, denen artean gehien behar dutenek, ez baitute beste aukera alternatiborik. Eskolak soilik lagun diezaieke zailtasunekin jaiota bizitzak eman dizkien hutsuneak leuntzen: zailtasun ekonomikoak, kulturalak... Beraz, ikasle kutunenak izan behar dute.

Honaino. Ez iezaiozu sekula zure buruari galderak egiteari utzi. Ez dadila egundo itzali zugan ikasteko grina. Gaizki esandakoak barkatu eta ongi esanak gogoan hartu. •