2023 UZT. 15 Larhunen, turista artean, 1963an (JOSEBE ALDUNTZIN MUGUERZA. IRIGARAI ALDUNTZIN FUNTSA) Juantxo EGAÑA Irudi hau ezezaguna da; historikoa, oraingoz, bertan dauden pertsonaiengatik. 60 urtez familia album batean jasota egon den irudia da. 1963ko udako egun bat da, eta une horretan Lapurdin bizi ziren ETAko lau militante ageri dira: Iñaki Irigarai Urrutia, bere emazte Miren Josebe Alduntzin Muguerza, Jose Maria Benito del Valle Larrinaga eta Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi”. Larhun mendira igo dira kremailera tren txikian, eta han, turisten artean nahastu dira laurak. "Txango" honen helburua Larhun tontorrean topaketa bat egitea da. Iñaki Irigaraik beti izaten du aldean bere argazki kamera, 45 mm-ko optika duen Voigtländer bat. Kasu honetan, Miren Josebe Alduntzinek atera du kamera une jakin batean, eta argazki historiko hau egin du. Argazkian Iñaki Irigarai agertzen da, prismatiko batzuk eskuan, eta ondoan, Jose Maria Benito del Valle, Voigtländer kameraren eta prismatikoen zorroak lepotik zintzilik dituela. Eskuinean, oso eskoratuta, Txillardegi.