GAUR8 - mila leiho zabalik

Bazkalosteak


Bazkalosteko solasaldien herria da gurea. Zenbat mundu ez ote diren konpondu euskal mahaien bueltan, ardo kopak eta kafe kikarak elkarrekin dantzan hasten diren une horretatik aurrera. Eztabaidak, errietak eta borrokak ere gertatu izan dira. Betiko laguntasunak piztu dira bazkaloste batean eta betiko haserreak lehertu.

Ez dakit heldutasuna edo bake-giroarekiko maitasuna izango ote den (bake faltsua, noski), baina urteekin ikasi dut mahai-kideen arabera eztabaida batzuk pizten eta beste batzuk saihesten. Ez da arte makala hori, hizketarako bide egokiak sumatzearena, alegia.

Batzuetan mahai politiko eta soziala tokatzen da, herria eraitsi eta berriz josteko nahikoa indar eta pasio daukana. Tragoek ere ematen dute indarra, noski. Beste batzuetan hobe da gai sozialak eta politikoak saihestea eta bestelako pasadizoetan galtzea. Desadostasunak forma oso itsusiak har ditzake bazkaloste batean. Badira urte batzuk osaba batekin seko haserretu nintzela atez atekoa zela eta ez zela. Garai gogorrak ziren haiek eta berak “El Diario Vasco” irakurtzen zuen. Egun batzuetara adiskidetu ginen, baina ez ginen ados jarri.

Kontua da duela gutxi horrelako bazkaloste batean nengoela, gai politikoak eta sozialak kontrako eztarritik joan daitezkeen horrelako batean, eta hara non espero ez nuenak honako hau bota zuen: «Oraingoan botoa ematera joan beharko da. Fatxa horiek irabazten badute, ederra daukagu». Harrituta geratu nintzen, gutxien espero nuenak bota zuen gogoeta. Esperantza-koxkor bat kafe kikaran. •