2023 UZT. 22 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } Biharko hauteskundeetan, «alea jacta est» Iñaki Altuna Berriro ere hementxe gaude, hauteskunde bezperan, uda giroan egindako kanpaina bitxi bat amaitu berri. Gogoetarako omen den egunean. Berezitasunak berezitasun eta bitxikeriak bitxikeria, hauteskundeen emaitza eta ondorego kudeaketa -hau da, gobernu osaketa- garrantzitsua izango dira, baita Euskal Herriko errealitatearentzat ere. Apenas pasatu dira bi hilabete azken hauteskundeetatik, eta handik hona egindako ibilbidea ez dela oso argigarria izan esan daiteke. Bi datu objektibo egon badaude, haatik: bata, PPk Estatuan aurreko hauteskundeak irabazi zituela eta horrek bere horretan biharkoak irabazteko faborito bilakatu duela; bestea, udal eta autonomia gobernuen osaketan argiki ikusi dela PPk Vox-ekin gobernatuko duela hala behar badu. Seguru asko, hala beharko du hauteskundeak irabazten baditu. Hala ere, azken bozketetatik honako aste gutxi hauetan, egoeran zein joeretan aldaketak eman direla sinetsarazi nahi izan digu hainbatek. Horrela, sorpresaz hauteskundeetara deitu ostean, mugimendu horrekin eta PP-Vox akordioak gauzatzeak ekarriko zuen ezkerraren botoaren mobilizazioarekin, Pedro Sanchezek aurreikuspenari buelta emango ziola entzun genuen. Gain-azpia egitea lortuko zuela. Aste batetik bestera, Feijoorekin izandako aurrez aurreko eztabaidak galtzaile bihurtu zuen berriro. Horrenbesteko garrantzia al du halako eztabaida batek? Ondoren, Feijooren hanka-sartze eta gezur batzuk tarteko, PSOE-Sumar gobernua osatzeko itxaropena piztu omen da. Lau hautagaien artean egin beharreko eztabaidan kale egiteak ez omen dio mesederik egin PPko buruari. Berriro ere galdera bera: Horrenbesteko garrantzia al du gertaera batek? Feijook droga trafikatzaile batekin zuen adiskidetasun estuak kalterik egingo ote dion ere ikusteko dago. Horren denaren erantzuna bihar izango dugu, eta akaso ondoren norbaitek argituko du aipatutako horiek edo horietako batzuek benetan eraginik izan ote duten. Astez astez aldaketa horiek eman ote diren edo mugimendu txikiena ere egon ez ote den. Euskal Herriko joerak Euskal Herrian maiatzaren 28ko zenbait joerak bere horretan segitu dutela esan daiteke. Nafarroako egoera berezia gorabehera (nola eboluzionatuko ote du eskuinaren zatiketa horrek?), EH Bilduk emaitza onak izango dituela eta EAJk kezkatzeko motiboak izan badituela diote askok. Ezker subiranistak bere estrategia berresteko aukera izango luke horrela, nahiz eta Madrilen eskuineko gobernua gailentzen bada joko arauak aldatuko diren neurri batean. Jelkideen gogoan, berriz, boz eguna eta bozen inguruko balorazioak lehenbailehen pasatzea. Bost diputatu lortuta, gaitz-erdi, eta segidan bi helburu nagusi: Madrilen eragile izateko edozein aukera aprobetxatzea, baita PPren eskutik ere, eta, are garrantzitsuago dena, EAEko hauteskundeei begira jartzea. Joera negatiboa egiaztatzen bada, bere eremu autonomiko kuttunean joera horri aurre egiteko ahaleginak eta bi egingo ditu, erakunde horien kudeaketari eusteko. Gero gerokoak, hala ere. Biharko, alea jacta est.• Nafarroako egoera berezia gorabehera, EH Bilduk emaitza onak izango dituela eta EAJk kezkatzeko motiboak izan badituela diote askok