GAUR8 - mila leiho zabalik
«URA BIZIA DA», NAVAJOEN ESKAERA

«Tó éí ííná», «ura bizia da»; navajoen oinarrizko eskaera ukatu egin du AEBetako Auzitegi Gorenak

Ia 20 urte daramatza navajo herriak oinarrizko elementu baterako eskubidea aldarrikatzen: ura nahi dute. 70 mila kilometro koadro inguruko eremuan bizi dira 170 mila navajo; Ameriketako Estatu Batuetako erreserba handiena da, herrialdeko eremurik idorrenetakoan. Hiru biztanletik batek ez du iturriko ur-hornidurarik etxean. Auzitegi Goreneraino eraman dute auzia indigenek, baina epaile eskuindarrak progresistei gailendu zaizkie eta ukatu egin dute navajoen eskaera.

Ura hornitzeko Navajo Watter Project egitasmoaren lanak. (DigDeep's Navajo Water Project)

Etxetik irten kamionetan, dozenaka kilometro gidatu western filmek famatutako Monument Valley inguruko harri gorrizko lurretan eta beste auto batzuen atzean jarri. Izan zitekeen turistek bisitatzen duten leku ezagunenetako baterako zain egotea, baina ez, askoz beharrizan arruntagoa daukate milaka navajo indigena familiak: urez bete 1.200 litroko tankeak eta etxera itzuli. Eta biharamunean, berdin. «Ur hori behar dugu dutxatzeko, lanerako; benetan zorionekoak dira iturriko ura dutenak», dio Eloise Wilsonek. «Urarekin otoitz egiten dugu, bedeinkatu; oso berezia da guretzat».

Seme-alabak eta bilobak dituzten familientzat, horrelako tanke batek doi-doi balio du egun baterako. Biharamunean, berriz ere bide bera, eta itxarotera. Udan, hiru orduz ere egon daitezke zain auto-ilaran.

Azken urteotan biztanleria asko hazi da navajoak bizi diren estatuetan, Utah, Mexiko Berria eta, batez ere, Arizonan. Ondorioz, Colorado ibaiak zeharkatzen dituen lurraldeen arteko lehia areagotu egin da, ura nork eta nola izan dezakeen ebazteko. Aurten, gainera, lehorteak are larriagoa bihurtu du egoera, eta inoiz baino garrantzitsuago bilakatu du eskualdeko ubideen erabilera.

Navajoek aitortua daukate San Juan errekaren eta Cutter urtegiaren erabilera, baina ez erreserbaren muga egiten duen Behe Colorado ibaiko ura etxeetara bideratzea. Hala, navajoen eskaeraren aurka egiteko eskatu zioten Auzitegiari Arizona, Nevada eta Colorado estatuek eta ibaiak ureztatzen dituen Kaliforniako lurraldeek. 40 milioi lagun bizi dira ibaiaren inguruan, eta estatu bakoitzak bere interesak defendatzen dituen artean, navajo herria umezurtz sentitu da, teorian herriaren ongizatea bermatu beharko lukeen Gobernu federalak bizkarra eman diolako.

Washingtonek argudiatu du navajoei arrazoi emanez gero, eskualdeko beste herri indigena batzuek ere bide bera jarraitu eta auzitara joko dutela atzetik.

Euskal Herria baino hiru eta erdi aldiz handiagoa den eremua hartzen du navajo nazioak, AEBetako hego-mendebaldeko hiru estatutan. Nagusiki basamortua izan arren, Colorado ibaia erreserbaren mugatik igarotzen da, baita haren bi ibaiadar ere. Hala ere, navajo askorengana ez da iristen ur hornidura, eta bereak eta bi egin behar izaten dituzte oinarrizko elementua eskuratzeko, lurraldean zehar dauden putzu eta bestelako iturrietara joz.

Estatubatuar bakoitzak egunean 300-350 litro ur darabiltzan bitartean, navajo herritarrak 25 litro baino ez dituela salatu dute indigenek.

Neska navajo bat etxeko ur txorrota irekitzen. DigDeep's Navajo Water Project

Itun zaharrak

Izan ere, duela mende eta erdi navajo herriak ituna sinatu zuen AEBetako gobernuarekin. Sinatu behar izan zuten, argi esateko: “the Long Walk” edo “ibilaldi luzea” eginarazi zien Washingtonek navajoei 1864an, haien lurraldetik kanporatu eta Bosque Redondo eremu elkorrera behartu zituen, ehizarako edo nekazaritzarako aukerarik gabe. Ura ere eskas, milaka navajo hil ziren. Hala, 1868ko Bosque Redondoko Akordioan (Naal Tsoos Sani, navajoeraz) haien lurraren zati handi bati uko eginarazi zien Washingtonek indigenei eta erreserba eratu zuen gainerakoan; trukean, oinarrizko zerbitzuez arduratuko zela esan zuen AEBetako Gobernu federalak, hala nola, osasungintzaz, azpiegiturez edo etxebizitzaz.

Lehena bai, gertatu zen, baina itunaren bigarren zatia, AEBek adostutako zerbitzuen hornidura, sekula ez dela bete salatu dute navajoek.

Shay Dvoretzky abokatuak Auzitegi Gorenari argudiatu zionez, navajoek «argi utzi» zuten itunak, «behin betiko lurralde bat» aginduta, bere baitan hartzen zuela «aski ur izatea nekazaritza eta abeltzaintzarako. Hainbat kilometrotaraino joan eta ura ekartzeak esan nahi du erreserbatik kanpo baino 20 aldiz garestiagoa izan daitekeela ura». Zegokiena baino ez zutela nahi azaldu zien abokatuak epaileei. «Promesa bat betebehar solemne bat da, AEBen betebeharra da bermatzea navajo nazioak behar duen eta AEBek agindu zioten ura izatea».

Heather Tanana Utah-ko unibertsitateko irakasleak AEBko irrati publikoari azaldu dionez, 1868ko itunaren jatorria AEBetako politiken ondorio izan zen: mendebalderantz hedatu ahala, herri indigenak erreserbetara joatera behartu zituzten. «Erreserba horiek ezartzean, herri indigenentzako behin betiko aberri izatea agindu zitzaien. Eta uste dut denok bat etorriko garela esateko ez duzula aberririk izaterik urik gabe». Martxoan egindako saioan, Neil Gorsuch epaileak galdetu zuen: «Kontratua urratu izana argudiatu ahal izango nuke norbaitek behin betiko etxea eta nekazaritza eta abeltzaintza izateko eskubidea agindu badizkit, eta ohartzen banaiz Saharako basamortua dela?».

Navajoen abokatuek eskaera oso xumea zela gogorarazi zuten, ur-beharrizanak aitortzea eta horren arabera planifikazio bat egitea eskatzen baitzuten: «Gobernuak gauza izugarriak gertatuko liratekeen hipotesia darabil, ehunka kilometroko hoditeria eraikiaraziko bagenio legez. Ez gara horri buruz ari». Heather Tananak ere oinarrizko balorazio eta plangintzat bat baino ez direla eskatzen ari gogorarazi du: «Navajo herria eskatzen ari da etxeetarako, eskoletarako, ospitaleetarako edota garapen ekonomikorako beharrizana identifikatzen laguntzeko eta horretarako plan zehatz bat egiteko».

Epaile eskuindarren taldean egonda ere gai indigenekin bat egin ohi duen Neil Gorsuch jujeak arrazoi eman zien: «Gobernuari ur-eskubideak identifikatzeko baino ez diote eskatu, eta ez dute bestelako urrats handirik bilatzen. Historia zailean zehar egin behar izan duten gisan, berriz ere beren buruaren alde borrokatzen ari dira, beren lurraren eta horrekin datorren oinarrizkoaren alde». Gorsuchek eta hiru epaile progresistek navajoen alde egin arren, auzitegiko beste kide eskuindarrek aurka egin zuten, eta 5-4 bozketarekin atzera bota zuten indigenen eskaera.

Eskaera ukatzeko auzitegiaren gehiengoaren argudioak Brett Kavanaugh epaile kontserbadoreak idatzi zituen. Epaian dio navajo nazioarekin 1868an egindako itunak ez diola eskatzen AEBetako gobernuari ura etxera heltzea bermatzeko neurri aktiborik hartzeko. «Botere Judizialaren eginkizuna ez da duela 155 urteko itun hori berridaztea eta eguneratzea». Gobernuak argudiatu zuen, izan ere, itunean ez dagoela zehaztuta urari buruzko konpromisorik eta, ondorioz, ez duela horrelakorik egin beharrik.

Orain artean Colorado ibaiaren ibaiadar batzuetan hoditeria, ur-tratamendurako guneak eta punpatze-plantak eraikitzen lagundu izan duela dio Washingtonek.

Baina ibaiaren arro nagusiko eskubideak ukatuta, etxean urik gabe bizi dira erreserbako 170 mila navajoen herenak. Navajo Water Project irabazi asmorik gabeko egitasmoak etxez etxe konponbideak bilatzen ditu, baina bide luzea daukate oraindik AEBetako herri indigenarik handienetakoaren ur-hornidura bermatzeko.

Etsipena

Kargua hartu zuenetik indigenen eskubideen aldeko diskurtsoa izan du Joe Bidenen administrazioak, eta horrek are mingarriago egin du askorentzat auzi honetan izandako jarrera. «AEBetako herritarrak gara, baina ez gaituzte halakoak bagina legez tratatzen. Entzun dezakezue frustrazioa nire ahotsaren tonuan. Nire ahotsaren frustrazioa eta doinua entzuten da. Berriro ahaztu gaitu gure gobernuak», salatu zuen Buu Nygren navajo nazioko presidenteak Gorenaren ebazpena ezagutu bezain laster.

Epaia etsigarria izanda ere, aldeko lau epaileek adorea ematen zietela esan zuen Nygren navajoen presidenteak, eta Colorado ibaiaren ur-eskubideak lortzeko borrokan jarraituko zuela gaineratu zuen. «Nire lana, navajo nazioaren presidente gisa, navajo herria ordezkatzea eta babestea da, gure herria, gure lurra eta gure etorkizuna. Hori egiteko era bakarra da Colorado ibaiaren behe-arroan ur-eskubide zehatzak bermatzea».

Andrew Curley Arizonako unibertsitateko irakasle eta navajo herriko kidearentzat epaia ez da ezustekoa izan. «Ez da harritzekoa Auzitegi Gorena, epaitegi koloniala izanik, gobernu kolonial baten alde jartzea. Boterea tinko ari da jatorrizko herrien aurkako testuinguru honetan».

Auzitegi Gorenean ebatzitako auzi zehatza Washingtoneko gobernuak navajo herriaren ur-hornidura bermatu behar ote duen izanda ere, funtsean hamarkadaz luzatzen ari den arazo bat konpondu gabe geratu da. «Nora doaz navajoak hemendik», idatzi zuen Neil Gorsuch epaileak, gehiengoaren aurkakoak. «Navajoek pazientziaz itxaron dute ia inork, edonork, laguntzen dien, eta behin eta berriz esaten zaie itxaroteko, ilara okerrean zeudela eta beste bide bat saiatzeko».

Cindy Howe, Navajo Water Project

Cindy Howe, Navajo Water Project-eko zuzendaria: «Etsigarria da, baina ez du gure lana aldatuko»

Navajo erreserban hazi zen, eta zorioneko izan zen eta iturriko ur garbia izan zuen, familiak bazeukalako putzu bat. Baina laster ezagutu zuen bere lagun eta inguruko askok ez zutela zorte bera. Urteak daramatza bere herriaren bizi-baldintzak hobetzeko eta navajo nazioaren eskubideak bermatzeko borrokan.

Zein iritzi duzue Auzitegi Gorenaren erabakiaz?

Etsigarria da, zalantzarik gabe. Baina ez du gure lana aldatuko. Navajo nazioari ur garbia, hornidura ekartzen jarraituko dugu.

Zelan da posible 2023an munduko herrialderik indartsuenean jendea urik gabe egotea?

AEBetako bi milioi lagunek baino gehiagok ez daukate iturriko ur garbirik etxean. Kasu hau da nabarmenena, baina herrialde osoan zehar, herritar indigenek estatubatuar zuriek baino hemeretzi aldiz aukera handiagoa dute ur falta izateko. Beltzen eta latinoen aukera hori bi aldiz handiagoa da, baina indigenen kasuan hemeretzi aldiz.

Erabaki horrek ate guztiak itxi ditu? Zein urrats pentsatu dituzue aurrera begira?

Ez, noski, ez ditu ate guztiak itxi. Irabazi asmorik gabeko erakunde gisa, DigDeep-en Navajo Water Project-en ezin dugu zehaztu tribuaren gobernuak zein urrats egingo dituen, baina navajoz osatutako gure taldean, navajo nazioari ur garbia ekartzen jarraituko dugu.

Nola egiten duzue lan hori?

Navajo Water Project-en borroka navajo nazioaren uraren ziurgabetasunari aurre egitea da, hainbat eratara. Urruneko eta isolatutako etxeetan, etxeko ur-sistema bat instalatu dezakegu, 1.200 galoiko (4.500 litro) tanke bat familiaren lurretan lurperatuta eta sukaldeko iturrira konektatuta, ur hotz eta beroarekin. Beste familia batzuen kasuan, zentzuzkoagoa da aurretiaz dagoen ur-hoditeriara egitea konexioa. Komunitateak gidatutako taldeak eratzen ditugu, komunitate zehatz bakoitzak dituen beharrizanak konpontzeko.

Ur faltak herri indigena gisa lehentasunak ere aldatzen dituela susmoa dut. Zenbaterainoko energia kentzen du oinarrizko gabezia horrek, gainerakoan beste egitasmo batzuk bultzatzen erabiliko litzatekeena?

Ur faltak navajo nazioko familiei sekulako denbora eta energia kentzen die. Kostu fisikoa dauka (ura garraiatu beharra edota urarekin lotutako gaixotasunak), buruko kostua (ura nondik lortu pentsatu beharra), denbora kostua (ura lortzeko eta gordetzeko behar dena) eta abar. Denbora eta diru hori guztia jendeak lanean, ikasten, jolasean edo kultura biziberritzen baliatu ahalko luke, hizkuntza biziberritzen, baina biziraupena oinarrizko betebeharra da.