2023 UZT. 29 Jean Dieuzaide-ren begirada Baionako festei (JEAN DIEUZAIDE) Juantxo EGAÑA Jean Dieuzaide-ren (1921-2003) lehen irudi ezagunak 1944ko udakoak dira, II. Mundu Gerrakoak, Okzitaniako Tolosaren askapenaren argazkiak. Bi urte geroago, 1933an Gyula Halaszek (Brassaid) sortu zuen Rapho agentzian sartu zen. Eta Jean Dieuzaiderekin batera sartu ziren Robert Doisneau, Édouard Boubat eta Willy Ronis, besteak beste. Erreportaje ugari egin zituen Euskal Herrian 1947az geroztik. Turismoa, lana, bizitza soziala, emigrazioa, arkitektura eta jaiak dira Jean Dieuzaidek lantzen dituen gaietako batzuk. Bere irudietan Biarritz, Iruñea, Sara, Atharratze, Baiona eta Donibane Lohizune islatu ziren, Euskal Herriko beste herri batzuen artean. Bere irudietan 6x6 negatiboaren formatua da erabiliena. 1953an, "Pays Basque" izenburupean, Baionan bizi zen Rene Cuzacq idazlearen liburu bat argitaratu zen Parisen, Iparraldeari buruzkoa. Eta han, Jean Dieuzaidek bertako arkitektura, paisaia eta ohiturak erakutsi zituen 60 argazkiren bidez. Artikulu hau ilustratzen duen irudiak Baionako festen une bat jasotzen du, baina ez dakigu zein urtetan egin zen argazkia. Gaur egun bere seme Michelek, argazkilaria bera ere, gordetzen ditu bere funtsak.