2023 UZT. 29 { KOADERNOA } Neskamearena Erika LAGOMA Subrogatu: Norbait edo zerbait ordezkatzea edo jartzea beste pertsona edo gauza baten ordez. Ordezkatu: Norbait edo zerbait beste norbaiten edo zerbaiten ordez jartzea. Alokatu: 1. Norbaiti zerbait ematea, bereziki hiri-lursail bat, animalia bat edo altzari bat, zehazten den denboran eta hitzartutako zenbatekoa ordainduta, erabil dezan. 2. Norbaitengandik zerbait hartzea, hitzartutako denboran eta prezioan erabiltzeko. 3. Pertsona bati buruz: Beste bat zerbitzatzen hastea, diru truk. Haurdunaldi subrogatua, ordezkapen bidezko haurdunaldia, alokairu sabela. Estatu espainiarreko legediak haurdunaldi subrogatuaren sustapen komertziala, publizitatea egitea, debekatzen du. Hala ere, akademiaren eta zientziaren aterkipean antolatu da Bilbon lehen aldiz “Emakumeak eta ordezkapen bidezko haurdunaldia” Nazioarteko Kongresua. Kontratupean haurdundu diren emakumeen bizipenak entzungo dira. Promoziorako bideoan lau ageri dira: bi arrazializatuak eta beste biak begi urdindun, ilehori, zuriak. Casting neurtua. Legedi ezberdinen eta alegalitatearen barnean, kalkuluen arabera, 2027an, 33.900 milioi dolarreko negozioa izango da haurdunaldi subrogatuarena. Altruismoaren, askatasunaren eta merkantilizazioaren izenean etikaren mugak lausotzen dira. Altruismoa erditzen den emakumearena, ez prozesuan parte hartzen duten gainerako klinika, agentzia eta enparauena. Askatasuna erditzen den emakumearena, testuingururik ez balu bezala, sistemaren zapalkuntza orotatik salbuetsita balego legez. Kontratu ezkutuak, menderatzaileak, neurrigabekoak. Guraso izatea ez da eskubide bat. Lursaila haurra da. Psikologo perinatalek argi diote umeak haurdunaldian, erditzean eta bizitzako lehen egunetan bizi duenak arrasto nabarmena uzten duela bere bizitza psikikoan, eta alderdi askotan bere garun-garapena baldintzatzen duela. Pisuzko arrazoi medikorik gabe, jaioberria amarengandik bereiztea indarkeria obstetrikotzat hartzen da. Haurdunaldi subrogatuak jaioberri bati zauri psikiko sakona eragitea dakar. Ospitaletatik gurpil-aulkian eta haurra besoetan ateratzen diren erditu gabeko emakumeak, kamisoia jantzita, ohean jaioberriarekin, erditze ostearen simulazioan. Sofa batean burua ezin eutsita ageri diren niniak, argazkirako paratuak, atzean gizon irribarretsuak dituztela. Maitasun mugagabeko bat sareetan, aldizkarietan eta telebista programetan. Zer ederragoa familia baino. Eskuzabaltasunaren iruditeria, irudi desitxuratuak. Erditu direnak beltzean. Argazkilariak aukeratzen du enkoadratzea. Emakume dirudunak, ohe handikietan, izterren artean dituzten neskameei eskumuturretatik heltzen, senar dituzten komandanteek bortxatzen dituzten bitartean. Zeremonia bat, jainkoaren izenean. Soineko gorriz berdinduta, begirada apalez terroreak amorrua janda. Neskamearen ipuina. Billeteak sakelan gizonak, utero desiraz, eskubide indibidualen izenean. Babesleku antiaereoetan emakume haurdunak. Leku ilun eta hotzak. Ura, elikagaiak eta botikak eskas. Sirena soinuak. Haurrak eraman zituzten agentziako langileek. Enpresaren eta gerraren izenean. Humanitatearen deshumanizazioa. Hitzen eta irudien gerratea da hau. Objektiboekin eta filtroekin tranpa egin daiteke, hitzak edukiz hustu, eta opari paperaz bete. Ez da haurdunaldi subrogatua, ez ordezkapen bidezko haurdunaldia, ez alokairu sabela. Emakumeen esplotazio erreproduktiboa da, eta umeen salerosketa. • Sin razones médicas de peso, la separación del recién nacido de la madre se considera una violencia obstétrica. El embarazo subrogado produce una herida psíquica profunda en un recién nacido