2023 ABU. 12 BIOESPELEOLOGIA «Leptoneta giputxi», Zestoako Astui koban topatutako armiarma espezie berria Zestoako Astui kobazuloan orain arte katalogatu gabe zegoen armiarma espezie bat topatu dute. «Leptoneta giputxi» izena jarri diote eta baditu zenbait berezitasun. Argia ematerakoan hanketan distira urdin-more bat egiten du eta ez dauka begirik. Euskal Herriko haitzuloetan oraindik deskubritzeko eta ikertzeko asko dagoen seinale da kobako armiarma txikia. Espeleologo taldea Zestoako Astui haitzuloaren sarreran. (GAUR8) Amagoia Mujika Bioespeleologoak haitzuloetako fauna ikertzen duten zientzialariak dira. Kopetako argiarekin kobazulo bateko detaileei begira irudikatu behar ditugu, harri azpiak eta bestelako bazterrak miatzen, bertan bizi diren izaki bizidunak deskubritu nahian. Haitzuloaren handitasunean, lau hanketan txokoak miatzen dituztenak dira. «Agian espeleologoentzat kilometrotako kobazulo bat altxor bat da eta guretzat, lagintzeko oso nekeza den eremua. Detaile askorekin begiratzen aritzen gara eta eremu handiak lagintzeko lan handia egin behar dugu», azaldu du Jon Fernandez Perez bioespeleologoak. Carlos Prieto du bidaide. Biak ari dira Euskal Herriko haitzuloak miatzen eta ikertzen. «Oinarrizko ikerketa maila egiten ari gara. Euskal Herri mailan kobazulo mordoa dago eta oraindik ez dakigu haitzuloetan zein espezie dauden. Horregatik, oraindik erraza da espezie berriak aurkitzea». Detaileetan, materia organikoa dagoen tokietan, jartzen dute arreta. «Zenbat eta barrurago -baldin eta ez badago errekaren bat edo ur korronteren bat-, orduan eta zailagoa izaten da animaliak aurkitzea. Animalia bereziagoez ari naiz, baldintza berezietara moldatu direnez. Izan ere, kobazuloetako sarreran izan daitezke animaliak, freskatzera edota babestera sartu direnak. Barrurago dauden zatietan topa daitezke benetan kobazuloetara moldatutako animaliak. Bereziki horiek aurkitu nahian ibiltzen dira bioespeleologoak, sarreratik 30 metro barrura». Azken aurkikuntza Zestoako Astui kobazuloan egin dute. 2013. urtean topatu zuten eta orain katalogatu duten armiarma txiki bat da. “Leptoneta giputxi” izena jarri diote. Bi bizkaitarrek Gipuzkoako kobazulo batean topatutako armiarma da, hortik izena. Espezie endemikoa da, oraingoz Zestoako Astui kobazuloan bakarrik aurkitu daiteke. Leptonetidoak armiarma txikien leinu bat dira, oso gutxitan aurkitzen direnak eta orbela bezalako habitat hezeetan, arroken azpian eta bereziki haitzuloetan bizi direnak. Leptonetidoak bereziki ezagutzen dira kobekin duten loturagatik; izan ere, espezieen %50 baino gehiago kobazuloengatik bakarrik ezagutzen dira. Espezie gehienak txikiak dira (lau milimetroraino) eta kobazuloetan lurraren mailan sartzen dira, harrien artean sareak ehuntzeko. Izara moduko oihal delikatuak ehuntzen dituzte. Argia ematean, armiarmen hankek distira berezia egiten dute, irisazio bioletak erakusten dituzte. Hanketan sortzen den distira morexka horri esker errazago ikus daitezke leptonetak. Katalogatu gabeko espeziea «2013. urtean egin genuen aurkikuntza. Gipuzkoako eta Arabako zenbait espeleologia talderen laguntza izan genuen. Guk ez genuen Astuiko koba ezagutzen. Haiek hainbat laginketa egin zituzten eta armiarma ale batzuk bidali zizkiguten. Horrela konturatu ginen bidali ziguten lagin hori berria zela, aurretik ez genuela halakorik ikusi. Zestoako kobara joan ginen eta lagin berriak hartu genituen. Euskal Herrian orain artean katalogatu gabeko armiarma espezie bat zela ikusi genuen», azaldu du prozesua Fernandezek. «Leptonetek badute ezaugarri berezi bat, luparekin begiratu beharrik izan gabe: argia ematean, hanketan distira urdin-moreak ikusten dira. Beste berezitasun bat da begirik ez izatea edo izatekotan oso-oso begi txikiak izatea. Gainontzekoek badituzte begiak eta hori ere pista bat izan zen espezie berri baten aurrean geundela konturatzeko». Kobazuloetako armiarmen ezaugarrietako bat da begiak oso-oso txikiak izatea. Iluntasunean bizi direnez, ikusmena ez dute behar eta, aldiz, bestelako ezaugarriak garatzen dituzte ilunpean hobeto mugitzeko. Hanka, antena eta ileak luzeagoak dituzte eta horien bitartez mugitzen dira ilunpean, sentikortasun handiagoa garatzen baitute horietan. Espezie berri baten aurrean daudenean, bioespeleologoek argitaratuta dagoen informazioarekin kontrastatzen dute aurkikuntza eta, gero, adituren batekin. «Estatu espainolean eta frantsesean deskribatu diren espezie guztiekin konparatu genuen eta ez zegoen horrelakorik. Gero familia honetan espezialista den irakasle batengana jo genuen. Bartzelonakoa da eta gure alea bidali genion. Uste genuen espezie berria zela, baina nahi genuen berak ziurtatzea. Eta baietz esan zigun, berria zela». Eta nola bidaltzen da milimetrotako armiarma ale bat Bartzelonara? «Potetxo batean, alkoholarekin, ondo-ondo paketatu eta bidaltzen da. Gu saiatzen gara unibertsitateek daukaten sarearen bidez bidaltzen. Baina badira bioespeleologian zaletutako pertsona asko laginak Correos bidez bidaltzen dituztenak». Milimetrotako armiarma txiki baten aurkikuntza garrantzitsua da. «Kasu honetan espezie endemikoa izanik, parke naturalari izaera berezia ematen dio eta babes mailarako gehigarria da. Horrez gain, armiarmak adierazle moduan erabiltzen dira. Zenbait armiarma espezie habitat jakin batzuetara lotuta daude eta horien osasunaz hitz egiten dute. Desagertzen badira, seinale txarra da, kezkatzekoa. Osasun adierazleak dira», dio Fernandezek. Europa mailan kobazuloetako faunaren ikerketan urratsak egin dituzte eta dagoeneko ereduak sortzen ari dira klima aldaketak kobazuloetako espezieei nola eragingo dien ikertzeko. «Baldintza oso zehatzetan bizi diren espezieak dira eta zenbait ikerlarik dagoeneko fokua hor jarria dute». Euskal Herrian oraindik bidea dago urratzeko eta espezieak deskubritzeko. «Leptonetek badute ezaugarri berezi bat, luparekin begiratu beharrik izan gabe: argia ematean, hanketan distira urdin-moreak ikusten dira» «Kasu honetan espezie endemikoa izanik, parke naturalari izaera berezia ematen dio eta babes mailarako gehigarria da. Horrez gain, armiarmak habitaten osasun adierazleak dira»