2023 ABU. 19 Marijaia 1997an, Pello Lopezek jasoa (PELLO LOPEZ HERNANDEZ. KUTXATEKA) Juantxo EGAÑA Pello Lopez Hernandez donostiarrak 13 urte zituela atera zituen lehen argazkiak, aitak oparitutako Kodak argazki kamera batekin. Irungo Chocolates Elgorriaga fabrikak bezeroei oparitzen zien kamera hori bere promozioetan. Zaletasunaren lehen garaia igaro ondoren, eta modu autodidaktan, bete-betean sartu zen argazkigintzaren munduan. 22 urterekin argazkilari profesional gisa hasi zen lanean aireko argazkigintzan aritzen zen “Paisajes Españoles” enpresarentzat. Diapositiba eta negatibo formatuko 150.000 irudi inguru egin zituen 17 urteko lanean. Bertako jai eta tradizioei ere egin zien argazkia. Euskal kulturaren munduko pertsonaia ospetsuenetako batzuk ere harentzat jarri ziren kamera aurrean. Hegazkin istripuan hil zen Pirinioetan, Anayet tontorretik gertu argazkiak egiten ari zela: 39 urte zituen. Artikuluak erakusten duen irudia Bilboko Aste Nagusian egin zuen 1997an, Unai Iturriaga bertsolaria pregoilari izan zen urtean. Bilboko udaletxeko eskaileretan egindako argazkian Marijaia agertzen da, Mari Puri Herrero artista bilbotarrak sortutako pertsonaia.