GAUR8 - mila leiho zabalik

IKATZAREN ZAMALANEZ ARDURATZEN ZIREN EMAKUMEEN GREBA, XX. MENDE HASIERAKO BILBON

(MANUEL TORCIDA (FOTO LUX). BIZKAIKO ARTXIBO HISTORIKOA. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA.LUCIANO GOITI. «NOVEDADES» ALDIZKARIA. KOLDO MITXELENA KULTURUNEA. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA.)

Irudi hauek XX. mende hasierako Bilbora garamatzate. Argazkietan lehena eta handiena 1910ean egin zuen Manuel Torzidak (Foto Lux), Santanderren jaio baina Bilbon bizi zenak, eta Bilboko ikatzaren zamalanez arduratzen ziren emakumeen lanaren une bat jasotzen du. Hurrengo lau irudiak "Novedades" aldizkariak argitaratu zituen, eta Luciano Goitik egin zituen 1911ko ekainean. Emakume ikatz-saltzaileen greba bat erakusten du, ordutegi eta soldata duin baten alde borrokan. Irudi txikiago horietako lehenengoan, emakume talde bat ikusten da protestetan atxilotutako lankideei janaria eramaten. Bigarrenean, grebalari talde bat ikusten da Uribitarteko arrapalan, grebaren nondik norakoei buruz hitz egiten. Hirugarrenean, grebalari talde bat ageri da, prentsan grebaren inguruan agertutako azken berriak irakurtzen. Eta azkenekoan, eskirol talde bat ageri da ikatza garraiatzen, Guardia Zibilak zainduta. Bilboko "El Nervion", "Noticiero bilbaino" eta "El Liberal" egunkariek greba horren berri eman zuten, baita horrek sortzen zuen ikatz-hornikuntzaren faltaren berri ere. Patronala soldatak ez igotzearen alde gotortu zen, armada eta guardia zibilak lagunduta, grebalarien manifestazioak eta protestak zapaltzeaz arduratzen baitziren.