GAUR8 - mila leiho zabalik

Suak eta suhiltzaileak


Bizi dabil sua bazterretan. Tenperatura larriki igotzea ez da nahikoa nonbait, eta suzko bola dirudi gure lur bakar eta aberats bezain gaztigatuak. Ahal duten guztia egiten dutela diote politikariek, eta, heziketa parabola batez, ardura herritarren bizkarrera jaurti.

Ohikoak dira halako txahalak agintarien menuetan.

Bada politikariak piromano hutsak direla pentsatzen duenik, ordezkatzen duten gizartearen arazoak bideratu eta giroa baretu beharrean, ezinegona eta desesperazioa hauspotu egiten dutela, besteen sufrimenduak plazer apartekoa emango balie legez…

Modan daude suak, eta ez naiz ari Kontxako barandatik bisigu begiekin ikusten ditugunez. Suteak nonahi, planeta erretzen ari gara eta, bide batez, gizakiona ere bai. Ergelak.

Herri txiki honetan aspaldi ikasi genuen irtenbide unibertsalaren zain geratzea arazoari bizkar ematea dela eta, aitzitik, bertatik bertara makina bat pauso eman daitezkeela.

Boteprontoan, eta lehentasunez, basogintza politika eraginkor bat izan beharko genuke; eta bestetik, erabat ezinbestekoa dena: zaintzak politikaren zentralitatea irabazi duen honetan, zaintzen gaituztenak zaintzea litzateke ekintza burutsuena, hau da, suhiltzaileak piromanoen suteetatik babestea.

Ulergaitza egiten da Donostiako Udala suarekin jolasean dabilela ikustea, eta bere suhiltzaileak protestan dabiltzala irakurtzea gutxietsiak sentitzen direlako, eta plangintza eta baliabide faltan, suteei eta erreskate lan arriskutsuei garantia maximoekin aurre egiteko aski berme ez dutelako.

Goia jo du beren pazientziak eta Goia jauna jo dute arduradun.

Gauzak horrela, suteek jarraitu egingo dute, politikari-piromanoek sua ez pizteko neurri nahikorik hartuko ez dutelako. Bada, sua hiltzeko, zaindu suhiltzaileak, arren. •