GAUR8 - mila leiho zabalik
{ GERTUKO PLANAK } NAFARROA / LEZAUN

Basabere baserri-eskola eta erreskate zentroa; natur aniztasun puska bat

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Basabere baserri-eskola Lezaunen dago, Nafarroan, Urbasa mendilerroaren magalean. Estellerriko 330 biztanleko herria da Lezaun, Iruñetik 35 minutura, Lizarratik ordu laurdenera. Baserri batean topa daitezkeen abereak daude bertan, eta baita beste espezie exotikoagoak ere. Erreskate-zentroa ere bada, zaintza behar duten edo beste toki batzuetan bizi ezin duten animaliak hartzen eta zaintzen baitituzte bertan. GAUR8ren bisitak iraun bitartean, esaterako, familia batek untxi bat ekarri du. Etxean bizi izan da orain arte, baina orain erabaki dute Basaberera ekartzea, bertan espazio gehiago izango duelakoan.

Ane Urra Basabereko begiraleak egin digu harrera. «Mota askotako animaliak ditugu hemen, eta animaliekiko gertutasun handia dago. Egunero egiten ditugu bisita gidatuak eta, horietan, begiraleak azalpenak ematen ditu; nondik ekarriak diren, zein ezaugarri dituzten, zer jaten duten... Bisitariek jaten ematen diete animaliei eta, posible den kasuetan, ukitu ere egiten dituzte. Hegazti harraparientzat gune berezi bat daukagu, eta horiei buruzko hitzaldi bat ere eskaintzen dugu. Eta hegan egiten ikusten ditugu. Jatetxea ere badugu, eta bisitaren amaieran mokadu bat eskaintzen diegu bisitariei». Bertan bazkaltzeko aukera ere badago, helduentzako eta haurrentzako menuak daude. «Gurasoei gehien gustatzen zaiena da lehendabizi haurrei ematen diegula bazkaltzen. Gero, ludoteka txiki batera eramaten ditugu, eta gurasoek lasai bazkaltzen dute».

Urte guztiko martxa dauka Basaberek, urtarrilean bakarrik hartzen dute atseden. «Astean zehar eskolako bisitak izaten ditugu, eta asteburuetan, taldeak eta familiak». Urteko edozein sasoi da egokia Basaberera gerturatzeko, baina udan bero egiten duela hartu behar da kontuan. Burua babesteko kapela eta krema ezinbestekoak dira, beraz.

Ahuntzak, zaldiak, behiak, ardiak, astoak, zerriak... baserrietan egon ohi diren animaliak topa daitezke. Eta badira urrutixeagokoak direnak ere. «Basabere, baserri-eskola izateaz gain, erreskate zentroa ere bada. Akordio bat daukagu Nafarroako Gobernuarekin, eta animalia desberdinak iristen dira hona; berriz basoan bizi ezin dutenak, etxeko maskotak -ezin dituztelako ondo zaindu-, zaurituta topatu dituztenak... berriro askatu ezin diren animaliak hona ekartzen dizkigute, eta Basaberen tokia egiten diegu». Otsoak, hienak, ozeloteak, gameluak, katamotzak, oreinak... Basaberen barna, paseoa oso anitza da. «Hemen lana dago egunero-egunero. Animaliek zaintza handia behar dute». Zortzi bat lagun aritzen dira bertan lanean, eta «denek denetarik» egiten dutela nabarmendu du Urrak. Azpiegiturak ere bereziak dira, «hemen dagoen guztia guk geuk egina da. Hamar urte daramatzagu, eta pixkanaka joan gara baserri-eskola eraikitzen eta ditugun beharren arabera moldatzen». Animalia bakoitzak, gainera, behar espezifikoak ditu eta bizitokia ere horretara moldatzen dute. «Legeak zehazten du animalia bakoitzak zer nolako itxitura mota eta ingurua behar dituen».

Animaliekiko gertutasuna lantzeko nahia

Naturarekiko eta animaliekiko urruntasuna. Horixe da gaur egungo gaitzetako bat. Basaberen ere konturatuta daude horrekin. «Urteen joanean ikusi dugu haurrak urrundu egin direla animalietatik. Lehen, adibidez, desberdintasuna zegoen herriko eta hiriko haurren artean, herrikoek ezagunagoak eta gertuagokoak zituzten animalia batzuk. Orain, denek gero eta urrunago dituzte. Arrautzak hartu eta haur batzuek esan izan digute ‘arrautza honek ez dauka ez zenbakirik ez letrarik’. Behin Lizarrako haur bat harrituta geratu zen behiak esnea ematen zuela ikusi zuenean, ezin zuen sinetsi. Ikusten ari gara naturarekiko distantzia hori areagotzen ari dela», azaldu du Urrak.

Une zoragarriak ere gertatzen dira Basaberen. «Behin, bisita gidatu batean ginela, behi bat erditzen hasi zen. Sekulakoa izan zen, bisitari guztiak begira. Horrelako esperientziak ez dira inoiz ahazten».

Animaliak ez ezik, baratzeak ere badu bere tokia Lezaungo baserrian. «Han, bisitariei azaltzen diegu nola landu behar diren inguruko produktuak eta gomendioak ere ematen dizkiegu, uzta ona izan dadin». Sendabelarren txokoa ere badute, eta haiei buruzko informazioa ere eskaintzen diete bisitariei.

Urtean zehar eskoletako bisita ugari izaten dituzte. Aipatutako animaliez eta baratzeez gain, rokodromoak, tirolinak eta zubi nepaliak ere aukera ugari eskaintzen dizkie haurrei. Eta normalean pizza tailerra ere egiten dute iluntzean. «Haur bakoitzak bere pizza egiten du. Egur-labe bat daukagu eta bertan erretzen ditugu pizzak. Ederra izaten da». Mamia egiteko tailerra, xaboia egitekoa... askotariko eskaintza prestatzen dute Basaberen, norberak bere eskuekin eta naturak eskainitakotik zenbat gauza egin ditzaketen ikus dezaten haurrek. «Egun pare baterako etortzen direnean, desberdintasuna ikusten da lehen egunetik bigarrenera. Umeek konfiantza hartzen dute inguruarekin eta animaliekin, eta gero eta errazago gerturatzen dira. Arrakasta gehien dutenak antxumeak dira, bihurriak eta saltariak dira eta asko gerturatzen dira bisitariengana. Haurrei izugarri gustatzen zaizkie».

Udan udalekuak ere eskaintzen dituzte, 6-10 urte bitartekoentzat eta 7-12 urte bitartekoentzat. Eta badute nerabeentzat eskaintza berezi bat ere, 12-16 urtekoei zuzendutakoa. Egonaldi luzeago horietan, haurrek eta gaztetxoek modu aktiboan parte hartzen dute egunero animalien zaintzan, eta Basabere inguruko parajeetan ere egiten dituzten ibilaldiak eta kanpaldiak. Orain arte etxetxo prefabrikatu batzuetan izan dituzte paratuta udalekuetarako oheak. Orain, baina, aterpe handi bat eraikitzen ari dira. Lotarako tokia eta ekintza desberdinak egiteko aterpea prestatzen ari dira. Datozen hilabeteetan martxan izango da.

Bisita gidatuak iraun bitartean antxumeak jakin-minez gerturatzen zaizkio bisitariari, eta paumak etxean bezala mugitzen dira hara-hona, etxean daudelako. «Baserriaren atzeko partean lur eremu bat daukagu eta arratsaldetan animalia gehienak bertan askatzen ditugu, lasai ibil daitezen». Gaineratu duenez, espezie batzuk eta besteak ondo moldatzen dira elkarren ondoan, ez dute arazorik izaten. Eta gizakia ere etxeko beste bat bezala sentitzen da Basabere den baserri anitz horretan.

Aukera desberdinak

Basabere baserri-eskolan egunpasa egiteko aukera desberdinak daude. Bisita librea egin daiteke, bisitariak bere kabuz egiten duena. Helduena 10 euro kostatzen da eta haurrena -hiru urtetik gorakoak-, 8 euro. Bisita gidatuaren kasuan, 14 euro helduentzat eta 11, haurrentzat. Eta bertan bazkaltzeko aukera ere badago: 22 euro helduen menua eta 14 euro, haurrena. «Guk bisita gidatua gomendatzen dugu, informazio osoagoa jasotzen dute eta esperientzia oso interesgarria izaten da», zehaztu du Urrak.

jakin beharrekoak

Bisita librea edo gidatua egin daiteke. Bisita gidatuak euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen dira eta 11.30ean hasten dira. 13.00ak inguruan amaitzen dira.

...

Komeni da aurretik erreserba egitea, batez ere bertan bazkaltzeko asmoa baduzue. Egur-labean erretako jatekoa eskaintzen dute.

...

Informazio gehiago baserriaren webgunean: www.basabere.com. Honako telefonoan:

637-214-333.

Eta zalantzak argitzeko helbidea: info@basabere.com