2023 IRA. 09 { DATORRENA } Pragmatismoa eta irudimena uztartzea da gakoa Iñaki Soto Lizarra-Garaziko akordioak 25 urte beteko ditu orain. Une hartan Irlandako bake prozesuari begiratzen zitzaion. Izan ere, akordioaren aurrekaria Irlanda Foroa izan zen, HBk sustatua. Interesgarria litzateke tarte honetan irlandarrengandik zer ikasi dugun aztertzea. Orain ere hara begiratzea komeni baita. Iparraldean, blokeoak jarraitzen du unionistek ez dutelako hauteskundeen emaitza onartzen. Michelle O'Neillek lehen ministro izan beharko luke, baina betoak indarrean jarraitzen du, 25 urte geroago. Alde batetik, horrek erakusten du zein zaila den akordio politiko bat inplementatzea ekimen horrek gauzak aldatzeko ahalmena badu. Bestalde, errepublikanoen eskaintza politikoak botere oreka aldatzeko gaitasuna duela erakutsi du. Uhartearen bestaldean, etxebizitzaren auzia da eztabaida nagusia, baita hurrengo hauteskunde orokorrak ere. Muga 2025eko udaberria da, baina ezin da baztertu aurrerapena, erabat higatuta dagoen Gobernuaren kalkuluak asmatzea zaila izan arren. Inkesten arabera, Sinn Feinek abantaila handiz irabaziko lituzke hauteskundeak. Ireland Thinks-ek “Sunday Independent” egunkariarentzat berriki egindako azken inkestak errepublikanoei %33ko babesa eman die, Gobernuko alderdietatik oso urrun: Fine Gael eskuindarrak %21 du, garai batean hegemonikoa zen Fianna Failek %18 eta berdeek, %2, hurrenez hurren. Independenteak %10 dira eta sozialdemokratak, %6. 174 eserleku egongo dira Dailean, eta 87 beharko dira Gobernua osatzeko. Datu horiek ikusita, irlandarrek zein gobernu nahiago duten jakitea komeni da. Sinn Feinen aukera -FG eta FF gobernutik baztertuta- %42k babesten du, FG eta FFren gobernu berri baten aukera baino bi puntu gorago. %10 zalantzan dago. Halaber, Sinn Feinen eta Fianna Failen arteko koalizio gobernu batek %42ko babesa izango luke: hiru puntu hazi da eta lau puntu dago egungo gobernu formularen (FG, FF eta Berdeak) gainetik. Ezinezkoa zirudien hori indartzen joan da aurten, halabeharrez. Areriotasun historikoaz harago, SF eta FFen gobernu batek hainbat oztopo ditu. Nire ustez, lehenengoa aliantza hori irudikatzeko gaitasuna da. Jakina, gero negoziatu egin beharko da, diseinatu, norbere etxekoak eta arrotzak ekimenaren bideragarritasunaz konbentzitu eta gauzatu beharko da. Ez da erraza. Termino praktikoetan, bi alderdien arteko distantziak nahikoa izan beharko luke Mary Lou McDonald Taoiseach (lehendakaria) eta liderra izango litzatekeela zalantzan ez egoteko. Fianna Failek Micheal Martin erortzeko bezain emaitza txarrak izan beharko lituzke, baina gobernua bideragarria izateko bezain onak. Martinek behin eta berriz esan du ez duela SFrekin koaliziorik osatuko, eta nahiago duela hauteskundeak errepikatzea. Lider sektario eta eskas batek ezin die une honetan herriek dituzten erronkei aurre egin. Testuinguru honetan, Irlandaren batasuna agendan sartu da. Errepublikanoek hainbat esparrutan hartzen dituzten erabakiek xede hori izango dute ardatz. Hori bai, batasuna eta askatasuna irabazteko asmoz, ez liburu bat edo hamaika tuit idazteko. Nire ustez, pragmatikoak eta aldi berean irudimentsuak izatea da gakoa, abertzaleok ikasi edo oroitu behar duguna. • Un Gobierno de alianza entre Fein y Fianna Fail tendría un apoyo del 42%. Lo que no parecía posible siendo rivales históricos, se ha ido reforzando este año