2023 IRA. 09 Sare sozialak: erabiltzaileak edo erabiliak gara? Ikasleen jolas gisa sortu ziren duela 20 urte, baina jada ez dute izaera hori. Sare sozialak gure harremanak eraldatzen ari dira, bai bertzeekin ditugunak bai gure buruarekin duguna. 2012tik esponentzialki hazten ari diren buruko arazoekin lotu ditu Marino Perez psikologoak. Marino Perez Psikologiako katedraduna da. Oviedoko Unibertsitatean egiten du lan. Abuztuaren 29an Donostian izan zen, EHUren udako ikastaro batean. (Maialen ANDRES | FOKU) Maider Iantzi Sare sozialek ez dituzte arazo mentalak sortzen, baina areagotu egiten dituzte. Tesi hori defendatu zuen Marino Perez Psikologiako katedradunak EHUko udako ikastaro batean. “Heldutasun falta kolektiboa: bila ditzagun soluzioak” izenburua zuen kurtsoak. Abuztuaren azken egunetan egin zen, Donostiako Miramar Jauregian, Javier Urra Lizarrako auzitegi-psikologoa gidari zela. Luze eztabaidatu zuten hainbat adituk, eta bertze gai aunitzen artean sare sozialena jorratu zuten, Oviedoko Unibertsitatetik etorri zen Marino Perezekin. Sare sozialak bertze mundu bat bilakatu direla adierazi zuen Perezek. «Betiko bizira batu dira. Bi munduak dira benetakoak, eta gu bietan bizitzeko gai garen anfibioak gara». Historia hagitz berria da sare sozialena, duela 20 urtekoa, baina «gaur egun mendeek 10 urte irauten dute». «Unibertsitateko ikasleen jolas bezala sortu ziren, ingeniariak ziren bereziki, eta komunikatzeko eta ligatzeko erabiltzen zituzten. Baina jada ez dira jolasa; berriz diseinatu da teknologia, gure arreta bereganatu eta zerbait saltzeko. Susmagarria da bizi garen munduan zerbait hain baliotsua debalde izatea. Hala da printzipioz. Horrek esan nahi du gu garela produktua. Plataforma eta enpresa handi horiek, poltsan hainbeste balio dutenek, produktuak eskaintzen dizkigute, eskatu ez ditugunak baina ukitzen gaituztenak; gure bilaketetatik dakite». Sare sozialak «oso sofistikatuak dira, baina oso errazak dira erabiltzeko; ez ditugu algoritmoak, legeak eta teknologia horren oinarriak ezagutu behar. Erabiltzaileak gara, baina erabiliagoak gara erabiltzaileak baino». Teknologia horiek munduarekin, bertzeekin eta gure buruarekin dugun erlazioa eraldatzen ari direla nabarmendu zuen katedradunak. Pentsatzeko zailtasuna Paradoxikoa iruditzen zaio «sare sozialak erabiltzeko bide zuzenena mugikorra izatea -ia denok dugu eskutik 30 bat zentimetrora-, eta gutxiena hitz egiteko balio izatea. Nola liteke telefono bat, hizketarako dena, elkarrizketa deuseztatzen aritzea? Natibo digitalek ez dute telefonoz hitz egiten. Pentsatzea nor bere buruarekin isilean mintzatzea da, eta lehenago besteekin solas egitea du baldintza. Hortaz, elkarrizketak huts egiten duen heinean, pentsatzeko gaitasunak ere huts egiten du». «Pentsatzea gauzarik jasanezinetako bat da sare sozialen erabiltzaile sutsuentzat», jarraitu zuen azaltzen. 2012an esperimentu bat egin zuten AEBetako unibertsitate batean, eta gero “Science” aldizkarian argitaratu zuten. Ikerketaren azken fasean, 20 bat urteko ikasleei gela batean egoteko eskatu zieten, mahaian jarrita, «15 minutuko eternitate batean, ezer egin gabe... pentsatu izan ezik. Mahaian gailu bat zegoen, ordea. Botoi bat zuen, eta bazekiten sakatzen bazuten deskarga elektriko desatsegin bat jasoko zutela. Gazte gehienak ez ziren gai izan 15 minutu pentsatzen pasatzeko, eta horren ordez kalanbreak jasan zituzten. Marino Perez psikologo oviedoarra, Donostiako Miramar Jauregian. (Maialen ANDRES / FOKU) Perezek deskribatu zuenez, jendea bakarrik dagoenean kasko, mikro txiki eta mugikorrarekin ibiltzen da sarri eta aunitzek ez dute pentsatzen. Horrek gauza askorekin du harremana, baina mugikorrarekin ere bai. «Hain da perfektua forma eta funtzioetan, non arreta lapurtzen ari zaigun eta elkarrizketa ezabatzen». Argudiatu zuenez, pentsatzeko zailtasun hori dago jendartearen heldutasun ezaren oinarrian. Erantsi zuenez, sare sozialak indibidualismoa eta nartzizismoa bultzatzen ari dira, eta bakardadearen ekoizle handiak ere badira. Jende talde bat, bakoitza bere mugikor, mundu eta konexioekin, baina bakarrik. «Bakarrik elkarrekin. Hori da bakardaderik jasanezinena, jendez inguratuta gaudenean sentitzen duguna». Ez zituen sare sozialak deabrutu nahi izan -«ni neu erabiltzaile eta erabilia naiz», aitortu zuen-, «baina ez diogu alde ilun horri begiratzeari utzi behar». Arintasun jasanezin bat «Norbanako flotatzailearen» kontzeptua esplikatu zuen Asturiaseko adituak. «Gurea bezalako Mendebaldeko kontsumo gizarte kapitalistek sortutako pertsona mota bat da. Irekiak eta askotarikoak izatea errazten dute gizarte hauek eta lorpen bat da hori. Gure bizia ezberdin egiteko aukera ugari eskaintzen dizkigute, lehen baino gehiago. Izateko modu ezberdin asko eskaintzen dizkigute, baina horietako batek ere ez gaitu erabat betetzen». «Irekita uzten gaitu aukeren artean, ia ongi aukeratzen ari garen zalantzan, behin erabakita ere hori hauturik onena ote den hausnartzen. Ondorioz, ez dugu erabat bizitzen aukeratu duguna, pentsatzen ia nola joanen zitzaigun bertze bikotekide batekin, bertze lan edo herri batean... Denok nahi ditugu aukera asko, baina gero urduritasuna eta antsietatea sortzen digu lau aukera baino gehiago izateak». Sare sozialak aztertu zituzten ikastaroan (GETTY) Jendarte likidoaren ideia ezaguna da. Ez dago deus solido edo iraunkorrik. Irrist egiten du denak: pertsonek, harremanek, maitasunak berak. Arina, malgua eta plurala da, eta norbera azkar moldatzen da edozein aldaketatara. Arintasun hori jasanezina izan daiteke, ordea. «Hustasun sentimendua sortzen da: hustasuna, gehiegi izateagatik. Solidotasunak zentzua ematen dio biziari: norabidea eta esanahia». Burbuilak Oviedoko katedradunak nabarmendu zuenez, sare sozialek ez dute norbanako flotatzailea sortu, baina bultzatu egiten dute. «Irristatzen ibil zaitezke, amaierarik eta helbururik gabe. Ezjakintasuna ere sustatzen da horrela, informazioa ez baita jakintza». Erran zuenez, erraz sartzen gara burbuiletan. Talde edo komunitate horietan zentzua hartzen du gure biziak. Baina espazio horietan guk bezala pentsatzen dutenekin soilik erlazionatzen gara, geure ahiaz elikatzen gara. Polarizazioaren oinarrian dago hori. Azken lauzpabost urteetan psikoterapia izaten ari den gorakadarekin ere lotu zuen hori Perezek. «Psikoterapia harreman mota berezi bat da, bizian bestela ematen ez dena. Terapeuta ona bada, norbanakoak baldintzarik gabe entzungo dion norbait izango du, eta bere burua baldintzarik gabe ulertzea baimenduko dio horrek. Baina ez dago modurik norbera ulertzeko ez bada beste batekin harremanean. Bakarrik pentsatzen baduzu, ez duzu zure burua argituko; haserretu egingo zara, gehienez». Buruko gaitzak Psikologoak azaldu zuenez, 2012tik aurrera esponentzialki hazten ari dira buruko arazoak. Urte hartan orokortu zen, hain zuzen, sare sozialen erabilera. «Horiek, arazo mentalak areagotzeaz gain, arazo berezi batzuk sortzen dituzte: konektatuta ez bagaude, zerbait galtzeko beldurra, mugikorrarekiko mendekotasuna eta ‘selfietisa’, kasu». «Ohiko egoerak bitxiak dira. Oviedon, jendetzak egiten ditu selfieak katedralaren aurrean. Inor ez da monumentua ikusten ari, baizik eta bere burua monumentuarekin. Bestalde, norbera bere irudiarekin identifikatzen da gehiago bere burua ispiluan ikusita baino. Selfiea aukeratua dago, filtratua, hobetua». Marino Perezen arabera, kultura eta adin guztietan bata bertzearekin konparatzen gara, elkar imitatzen dugu. Sare sozialek, ordea, bertze dimentsio bat ematen diote konparazio horri; bisita, jarraitzaile eta like kopuruarekin zenbatua. «Erabiltzaile flotatzaile asko besteen murru eta profiletan sartzen dira eta ondorioztatzen dute besteak norbera baino zoriontsuago direla. Beren harreman perfektuak erakusten dituzte, etxe perfektuak... Inpresio hori jasotzen duzu. Hortaz, zuk ere gauza bera egiten duzu, eta zure irudi onenak jartzen dituzu. Sare sozialetan ‘zu’ ideala proiektatu dezakezu, zure benetako ‘zu’-tik oso aldendua». Marino Perez (Maialen ANDRES / FOKU) Komunikazio mota horrek bi distantzia sortzen ditu: bertzeekikoa, zu baino zoriontsuago direla iruditzen zaizulako, eta zure buruarekikoa, ez zarelako benetan zaren bezala agertzen. «Perbertsoena» like-ak direla nabarmendu zuen Perezek. «Teknologoen asmakizuna da gure arreta bereganatzeko. Besteen like-ekin alderatzen dituzu zureak, eta hamsterraren gurpilean sartzen zara». Irtenbideak Hitzaldiaren amaieran, laburki izan arren, irtenbide batzuk azaldu zituen oviedoarrak. «Ez da batere erraza», nabarmendu zuen. Bi soluzio mota ikusten ditu: alde batetik, norberak egin dezakeena harrapatuta dagoen norbaiti adikzio horretatik ateratzen laguntzeko. «Autokontrolatzeko estrategiak ere hagitz beharrezkoak dira». Bertzetik, soluzio kolektibo batek aldaketa aunitz eskatzen dituela uste du; haurren heziketarekin lotuak, adibidez. «Perbertsoena like-ak dira: teknologoen asmakizuna dira gure arreta bereganatzeko. Besteen like-ekin alderatzen dituzu zureak, eta gurpil batean sartzen zara. Makina txanponjaleen teknologia berarekin garatuak daude» «Nerabe bat bere gelan lotaratzen, argi bakarra bere pantaila, maindirepean agian, bertzeen bisitei begira, konparatzen. Selfieak begiratzen ari da, igo ez dituenak. Nartzisoren bakardadea da, bere irudian itota»