GAUR8 - mila leiho zabalik

A zer buelta!


Bueltan idatziko nizuela agindu nizuen, eta a zer buelta! Izaten dira ba gauza txar pila bat batera pasatzen diren egunak, halakoa izan zen itzulera, malda goiti itotzeko modukoa. Baina hasi gara arnasa berreskuratzen eta zelaietan atseden hartzen. Kanpineko oporretako kontuak oroitzea bada horretarako modu bat. Aurten inoiz baino gusturago egon naiz. Kontatu nizuen gaztetxoa nintzela egindako lagun batekin elkartzekoa nintzela, 26 urteren ondotik. Zer ederra betiko Iratxe aurkitzea: fina, goxoa, lasaia... Ni beroz eta bera toallan bilduta oilo-larrutan, lehen bezala. Ondorioztatu nuen funtsean ez garela sobera aldatzen, gure izateari eusten diogula bizitzan. Zenbat gauza gertatu diren ia hiru hamarkadatan eta paisaia berean batu gara. Zuhaitzak hazi dira, igerilekua berria da, baina iturriak, denda, ostatua, kaleak berberak dira. Sentsazio bitxia da, agertokia eta gu berak gara, baina esperientzia erabat ezberdina, bertzeak bertze biak garelako ume txiki banaren ama.

Egunerokoa idazteko ohitura hartu nuen berriro kanpinean eta zer ariketa ona den oroitu nintzen. Boligrafoa astintzen hasi eta zenbat gauza ateratzen diren, bertzela galduko liratekeenak. Idaztea memoriaren aldeko ekintza bat da, argazkiak bezala. Zerrendazalea izaki, beti apuntatzen ditut eraman beharrekoak. Aurten, asmo onak ere paratu nituen itzultzeko egunean. Irakurri ditut eta zortzi puntutatik ez dut bat ere bete. Baina aizue, eman denbora, ez da dena irailean egin beharrik. Bistan utziko ditut, merezi dutelako.

Abuztuko “zero denbora” luzatzeko gogoa sentitu dut sekula baino indartsuago, ez itzulera gogorra izan zelako; lehenagotik, hori jakin aitzinetik. Zero denborarekin ez dut erran nahi oporretan bizitzea, baizik eta bizitzen ari garenaz jabetzea eta ahal den heinean norbere izateari eustea egunerokoan ere. •