GAUR8 - mila leiho zabalik
3 BEGIRADA:

Zaintza kolektiboa da, edo ez da

Besteak zaintzen ditugunean, gure burua ere zaintzen dugu. (GETTY IMAGES)

«Zaindu zure burua», «zure beharrak errespetatu», «zu zara garrantzitsuena»… Halako mezuak edonon topa ditzakegu jada. Osasun mentala deritzoguna askoz ere gehiago entzun eta esaten dugu, zaintza (singularrean) denon egunerokoan txertatzen saiatzen gara eta ahoa betetzen zaigu psikologoarengana joaten garela esatean. Horrela, uste dut “zaintza” indibiduala bihurtu dela erdigune, gaixo dagoen sistema honetan bizirauteko ezinbestekoa bihurtu den euskarria dela; zaindu zaitez zu, estrukturak ez zaitu eta zainduko.

Nork bere burua zaintzea ederki dago, noski; hori ez dago sobera. Nahikoa da? Indibidualitateaz arduratzea aski da? Terapietara banan-banan joanda mundua hobetuko dugu? Gure burua zaintzea da gure ardura bakarra? Galdera horiek jaurti ditut airera eta hor dauden bitartean, erantzun batzuk datozkit aho eta atzetara. Nahikoa ote da nor bere buruaz bakarrik arduratzea? Ez. Hasteko, ez garelako subjektu isolatuak. Gure egoteak, gure ekintzek, besteengan eragina dute eta alderantziz. Bi noranzkoko horrek etengabean harremanean gaudela gogoratzen digu. Interdependentzia ezaugarriak indibiduotik kolektibora pasatzen gaitu. Beraz, ditugun harremanak eta besteak gure zati eta ardura direla esango nuke.

Gure min emozional eta ezinen gestioa pribatizatu dela nabarmena da. Gero eta profesional gehiago dabiltza prozesuei eusten eta jendea akonpainatzen. Modu pribatuan eskaintzen dugu gure sostengu zerbitzua, jakinda dirua dagoela tartean eta askok ezin dutela ordaindu. Jakinda gaixo dagoen sistema honek gaixoak sortzen dituela eta estrukturak berak ez digula laguntzen behar bezain gustura egoten. Lan ereduak gure denbora lapurtzen du eta denbora da daukagun bakarra, mugatua da, finitua. Lanetik kanpo geratzen zaizkigun ordu horietan gehiegi egiteke eta ezin iritsi; zaintza indibidual eta kolektiboa, egin beharrak, logistika gaiak…

Indibidualki gertatzen zaigunaren ardura kolektiboak ere badu eta alderantziz. Gero eta lan gehiago dugu psikologoek eta hori, oro har, ez da seinale ona. Sentsibilizazio handiagoa dagoela eta horregatik jende gehiago etortzen dela nabari da eta era berean, ezinegonak eta sufrimenduak gora egiten dutela esango nuke. Isolamenduak, indibidualismo zakarrak, erritmo azkarrak, denbora faltak, ardura faltak… izugarrizko eragina dute. Esango nuke kolektibo moduan ez dakigula prozesuen bidelagun izaten, ez garela arduratzen ondokoa nola dagoen, eta horren ondorioa da indibidualki prozesu terapeutikoan bila abiatzea.

Nik eragina dut zugan eta zuk, nigan. Hau ulertzea ezinbestekoa dela esango nuke. Sinplea eta sakona. Ez dago “ni” gu gabe eta ez dago “gu” ni gabe. Gure burua zaintzea besteak zaintzea ere bada eta besteak zaintzen ditugunean, gure burua ere zaintzen dugu. Gauza da nola eta nondik egiten dugun, zertarako… Agian ikasi egin behar dugu elkar zaintzen gure burua sakrifikatu gabe; agian “Ni vs. Gu” ideia alde batera utzi eta biak nola uztartu ikasi behar dugu. Irakatsiko zenidake zer den zu zaintzea? •