GAUR8 - mila leiho zabalik

«Emakume euskalduna piparekin»

(LOUIS ERGUY. BAIONAKO MEDIATEKA.)

1880ko hamarkadan, Donibane Garazin, Louis Erguyk estudio bat instalatu zuen bere etxean. Ez zuen inolako lehiarik, Nafarroa Behereko hiriburuan argazkilari bakarra baitzen. Louis 1919an hil zen eta bere seme Jean Pierre Erguyk hartu zuen lekukoa. Erguyren argazki gehienak bere estudioaren barruan egindako erretratuak dira, nahiz eta kanpoan egindako beste batzuk ere badituen. Oso antzeztuak eta estereotipatuak dira, nahiz eta Donibane Garaziko eta Orreagako kaleetako irudiak ere badituen. Louis Erguyk utzitako ondarea, urria izan arren, oso garrantzitsua da, gure lurraldearen zati batera eramaten gaituelako, jada desagertuta dagoen gizarte bat erakutsiz. Artikulua ilustratzen duen argazkiari Louis Erguyk "emakume euskalduna piparekin" izenburua jarri zion. 1897an egindako album batekoa da, Baionako Mediatekan gordea, eta Donibane Garazin eta inguruetan egindako 50 argazkiz osatuta dago.